Beñat Alberdi
Ohikoa da entzutea egunero komeni dela bost fruta jatea, eta, are gehiago, kirola egin eta gero bada. Gauzatu edo ez, beste kontu bat da hori, baina, ideia hori barneratzeko asmoz, Oñatiko Udalak Txoko osasungarria jarri du martxan kiroldegian. Eskola kiroleko ekintzaren bat dagoen bakoitzean zein hilabeteko lehen astelehenean, frutak eskaintzen dizkiete bertaratzen direnei. Txoko horretan, ordea, ez dituzte elikadura kontuak bakarrik landuko.
Ideia ez da izan udalaren burutapen soila; Oñatirako zehaztuta daukaten plan orokorraren barruan kokatu dute proiektua. “Jarduera fisikoa bultzatzen duen talde sustatzaile bat daukagu guk”, azaldu du Rosa Lasagabaster udaleko kirol teknikariak. Jaurlaritzaren Mugiment egitasmoaren barruan dago proiektua, eta jarduera fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa murrizteko egitasmoak batzea du helburu.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritan jarri dute martxan Mugiment, eta Oñatin nola aplika zitekeen aztertzea izan da talde sustatzailearen lana. Herriko osasun zentroko erizainek eta medikuek, udaletxeko gizarte zerbitzuek, Kirol, Berdintasun eta Partaidetza sailek, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kirol Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailak osatzen dute talde sustatzailea. Eta jarduera fisikoa sustatzeko asmoz, martxan daukate Poz Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua ere.
Gazteak eta herria jomugan
Hasieran, proiektua behar bereziak zituztenei bideratzea zen asmoa, 40 urtetik gora izanda patologia bat zeukatenei, esaterako. Baina bi talde dituzte egun: 40 urtetik gorakoak eta 70 urte baino gehiago dauzkatenak. Horiekin ariketa fisikoa lantzen dute astean behin, herriko osasun zentroan bertan. Hala ere, gazteengan ere beharra bazegoela ikusita, harago joatea erabaki zuten. “Herritar guztien artean kirola egitearen ohitura sustatu beharra geneukala ikusi genuen”, zehaztu du Lasagabasterrek. “Umeen artean, batez ere. Izan ere, kontuan hartu behar da nola dabiltzan: sedentarismoa da nagusi, obesitatea…”.
Gazteak jomugan jarrita, euren lana koordinatu zuten eskola kirolak eta Poz egitasmoak. Berez, Oñatin Eskola Kiroleko Mahaia daukate eratuta, izaera juridiko propioarekin. Bertan parte hartzen dute ikastetxe bakoitzeko Lehen Hezkuntzako Gorputz Hezkuntzako irakasleek eta ikastetxeko kirol koordinatzaileek zein udaleko teknikariek.
Zortea izan zuten, gainera, Sustrai fruta dendak interesa azaldu zuelako berehala. Eskola kiroleko ordezkariek eta fruta dendak hitzarmen bat adostu zuten: larunbat goizetan, eskola kiroleko saioetan, fruta eskaintzea. “8 eta 12 urte arteko haurrak badira laurehun bat”, azaldu du Ismael Zubia eskola kiroleko koordinatzaileetako batek. Aurreko egunean elkartzen dira Sustrai dendakoekin, biharamunean zenbat gaztetxok parte hartuko duten helarazten diete, eta fruta dendakoek prestatzen dizkiete frutak, buruko pieza bat.
Zubiak nabarmendu du helburua ez dela koordinatzaileak inor behartzea: “Kirol jarduna bukatzean, eskura izan dezatela frutapieza bat. Gainera, ez du beste otordurik ordezkatuko. Egarri badaude, adibidez, izan dezatela fruta jateko aukera”. Garbitasuna ere kontuan hartu dute, eta ez haurren kasuan bakarrik.
Hala ere, argi daukate elikadura ez dela hartu behar den ohitura osasuntsu bakarra. “Ondo elikatzeaz gain, mugimendua, oreka emozionala… Hori ere bada ohitura osasuntsuak izatea”, gehitu du kirol teknikariak. Ikuspuntu berdina dauka koordinatzaileak ere, eta, osasun txokoaz gain, beste hainbat ekintza antolatu dituztela argitu du; hala nola hitzaldiak.
Eragileekin mezuak lantzen
Mezu positiboak ere islatu nahi dituzte postua jartzeaz gain, eta herriko hainbat eragileri eskatu diote eurek ere proposatzeko. “Elikaduraz gain, garrantzitsuak dira, esaterako, hidratazioa eta atsedena”, azaldu du Lasagabasterrek. “Haurrek jakin dezatela, gorputza zaintzen badute aldea igarriko dutela, eskertuko dutela”.
Postu hori ez da mugatzen eskola kirolera bakarrik, helduentzako ere prestatzen dutelako hilabeteko lehen astelehenean, herritar guztiengana iristea dutelako helburu. Hala ere, kokapenean badauka aldea. Izan ere, postua tokiz mugituko dute helduentzako ere prestatzen dutenean. Kiroldegian bertan jarri zuten lehena, eta herriko osasun zentroan bigarrena. Kirol teknikariak nabarmendu du “ibiltaria eta interaktiboa” dela postua. “Herria ez badago gurekin, jai daukagu. Toki guztietan egon beharko luke txoko honek. Zergatik ez lantegi batean edo eskolan?”.
Leave a Reply