Miren Garate
Iganderako dute jarria hurrengo hitzordua. Aurrez beste hainbat herritan egin duten bezala, oraingoan Errezilen elkartuko dira boluntarioak, 09:00etan, Lurgaia fundazioak deituta. Azalpen labur batzuk entzun ostean, ordu erdi inguruko ibilalditxo bat egin beharko dute Hernio-Gazume mendi eremuko lursail batzuetara iristeko. Jabe pribatu batenak dira, baina hurrengo hamarkadetan Lurgaiak kudeatuko ditu, helburu jakin batekin: bertako basoak eta biodibertsitatea berreskuratzea. Lau hektareako eremua da, iaz arte pinudi izandakoa. Orain, pagoak, urkiak, lizarrak, astigarrak, elorri zuriak eta tokiko beste hainbat espezie landatuko dituzte boluntarioek, etorkizunean baso atlantiko bat izan dadin. Lursail horietan ariko diren lehen eguna izango da etzikoa, eta 400-500 zuhaitz inguru sartzea da asmoa.
2002an sortu zuten Lurgaia fundazioa, ekologista batzuek, ingurumenaren aldeko ekintzak gizarte zibiletik egiteko asmoz. Laurehun bazkide inguru dira gaur egun. Proiektu gehiago ere badituzte, baina basoak eta biodibertsitatea berreskuratzea da haien ardatz nagusia. “Guk ez ditugu berreskuratzen; guk egiten duguna da naturari lagundu berreskuratzen, azken batean esperientzia handiagoa baitu hark”, zehaztu dute Sergio Gallego eta Cristina Jeronimo Lurgaia fundazioko kideek.
Hain zuzen, lursailen kudeaketa hartzen du bere gain Lurgaiak, bertako espezieak landatu ahal izateko; horretarako, jabearekin lagapen akordio bat egitea izaten da ohikoena —hala egin dute Errezilen ere—. “Jabetza mantentzen da, baina guk kudeatzen ditugu sailak hurrengo 30-40 urteetan. Urte askorako izan behar du hitzarmenak, baso batek ere denbora asko behar baitu sortzeko”. Funtsezko baldintza bat egoten da hitzarmen guztietan: “Kudeaketa biodibertsitatea mantentzeko eta basoak berreskuratzeko izango da beti, eta inork ez du etekin ekonomikorik aterako hortik; ez egurrik, ez onddorik, ez beste ezer komertzialik”. Gallegok eta Jeronimok kontatu dutenez, gero eta errazagoa da jabeak lurrak uzteko prest egotea, batik bat jendea ez delako lurretik bizi. “Lehengo ikuspegia zen lurrak zerbait eman behar zuela. Horregatik, pinuak sartzen ziren han eta hemen, 30 urtera dirua emateko. Oraindik ere badago mentalitate hori, baina, agian, gutxiago”.
Askotariko kasuak izan dituzte. Adibidez, lurren inguruan bizi ziren jabe batzuek eskatu zieten lur horiek kudeatzeko, udazkenean “benetako basoak” ikusi nahi zituztelako, aspertuta zeudelako beti berdea ikusteaz. Herentzian lurrak jaso dituzten eta hirian bizi diren herritarrek ere jo izan dute Lurgaiara; “natura eta mendia gustuko dituen jendea izaten da, baso atlantikoa berreskuratzeko bere alea jarri nahi duena”. Beste batzuek, berriz, pinuak gaixotzen ari direla eta etorkizunean ezertarako ez dietela balio izango ikusitakoan eskatu diete lurrak kudeatzeko.
Talde eragilea Gipuzkoan
Kopurua astez aste aldatzen den arren, 450 hektarea inguru kudeatzen ditu, gaur egun, Lurgaiak. Horietako gehien-gehienak Bizkaian daude. Gure basoak, gure etorkizuna izeneko proiektua dute martxan Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Muxikako Undabaso gunean. Hura da elkartearen egitasmo nagusia gaur-gaurkoz, Bizkaiko harizti mistorik handiena sortzea baitute helburu. “Bi hektarearekin hasi ginen orain dela hamar urte pasatxo, eta 150 kudeatzen ditugu gaur egun”.
Gipuzkoan, Errezilgoez gain, badituzte lursail gehiago ere: Zestoan, Oñatin, Mendaron… Sail txikiak dira gehienak. “Pixkanaka-pixkanaka joan gara orain arte, baina aurten talde motor bat sortu da Gipuzkoan, eta gero eta indar handiagoa izango dugu”. Duela pare bat aste, esate baterako, hitzarmen bat sinatu zuten Soraluzeko Udalarekin, hamar hektarea kudeatzeko. “Udal askorekin ari gara lanean; erabilera publikoko lurrak kudeatzen dizkiegu”.
Kasu batzuetan, fundazioak berak ere erosten ditu lurrak. Kudeatzen dituen 450 hektareetatik laurogei inguru dira erositakoak. “Kudeatzeko edozein lurrek balio digu; geuk erosten ditugunean, gehiago jotzen dugu elkarren ondoan dauden lurretara, multzo bat osatzeko, baso bat izateko gutxieneko azalera bat eduki behar baita”.
Bide bat baino gehiago dute dirua lortzeko. Alde batetik, bazkidetza kuota osoa lurrak eskuratzera bideratzen dute —25 euro da urteko gutxieneko kopurua—. Bestetik, mikromezenasgoa eta finantzaketa kolektiborako kanpainak ere egiten dituzte. “Gabonetan, adibidez, opari bonuak atera genituen, eta 3.000 euro inguru lortu genituen”. Horrez gain, karbono isurpenen konpentsazio boluntarioetan ere parte hartzen dute, zuhaitzak landatuz, eta prezioaren zati txiki bat lurrak erosteko gordetzen dute.
Erakunde publikoetatik eta enpresetatik ere jasotzen dute dirua. “Beti proiekturen bati lotutakoa izaten da diru hori, ez besterik gabe emandako diru laguntza hutsa. Enpresa batzuekin ere baditugu akordioak, baina muga batzuk zehaztuak ditugu: armagintza enpresen, giza eskubideak errespetatzen ez dituzten enpresen eta halakoen ekarpenik ez dugu onartzen”.
Lagapen bidez eskuratutako lurretan nahiz erositakoetan bertako 35 espezie inguru sartzen dituzte Lurgaiakoek. Behin landatutakoan, azterketak ere egiten dizkiete. Gallegok eta Jeronimok nabarmendu dute sasiak eta halakoak ez dituztela kentzen. “Sasiak oso garrantzitsuak dira lurra berreskuratzeko, eta utzi egiten ditugu. Denborarekin, zuhaitzek geriza egingo diete, eta beren kabuz gutxituko dira”. Espezie inbaditzaileak bai, horiek mozten dituzte, edo saiatzen dira kontrolatzen; eukalipto edo pinu sartu berriak ere kendu izan dituzte, artean txikiak direnean. Landaketak babesteko, babesgarriak ere jarri behar izaten dituzte batzuetan: “Adibidez, ezin dira arazotzat hartu, baina orkatzek kimuak jaten dituzte, eta horregatik babesgarriak jarri behar izaten ditugu”. Horrez gain, basoko pistak kentzea ere badago Lurgaiakoen helburuen artean. “Asko daude, eta isurketak aldatzen dituzte ziklo hidrikoan. Horrek kalte egiten dio biodibertsitateari. Dirua daukagunean, induskagailuekin kentzen ditugu, nahiko garestia baita hori egitea”.
Lurgaiak lurgaia.blogspot.com atarian eman ohi du antolatuak dituen landaketei buruzko informazio guztia. Materiala elkarteak berak jartzen du, eta arropa erosoa, ura eta hamaiketakoa eramateko eskatzen die boluntarioei. “Ura kantinploran eta hamaiketakorako fruta edo horrelako zerbait; ez dadila izan plastikoz bilduriko produktu bat. Kontsumo ereduari buruz pentsatzeko ere erabiltzen ditugu gure jardunaldiak”.
Leave a Reply