Imanol Saiz
Joan den larunbatean, txapelketa berezi baten hasieraren agertoki izan zen Hondarribiko Soroetako pilotalekua. Emakumeen V. Pala Txapelketari ekin zioten, ia mende laurdeneko hutsunearen ostean. 23 urte geroago, lehiaketa klasiko eta aldarrikatzailea berreskuratzeko apustua egin du Hondarribiko Emeki emakume elkarteak. Asteburuan jokatu zuten lehen jardunaldia, eta datozen asteotan ere berdintasunaren aldeko pala kolpeak joko dituzte pilotaleku zaharrean.
1994tik 1997ra jokatu zituzten lehen lau txapelketak, “arrakasta handiz”, elkarteko kide Maria Jesus Berrotaranen arabera. Emakumeen kirola sustatzea izan da hasieratik zehaztutako helburu nagusia, baina, aldi berean, ezinbestekotzat jo dute palari zein esku pilotari bultzada bat ematea. “Kirola baliatuz, kasu honetan pala eta esku pilota, emakume gazteak zein helduak ahalduntzea nahi dugu”, azaldu du Emeki elkarteko kide Luzia Elizondok. Oraindik ere gizonak nagusi diren kirol horretan emakumeen presentzia handitu nahi dute, eta ikusi dute txapelketa aukera egokia dela.
Lehen jardunaldia igarota, bihar eta otsailaren 29an jokatuko dituzte hurrengo kanporaketak, eta martxoaren 7an jokatuko dute final handia. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu nahi izan dute azken saio hori, eta, bide batez, aste horretan herrian egingo dituzten ekitaldiekin bat egin du Emeki-k, “Martxoaren 8a biribiltzeko”.
Orotara, hamabi bikote ari dira lehiatzen Hondarribiko bosgarren pala txapelketan. Sei bikote ariko dira jardunaldi bakoitzean, eta, kanporaketetan bezala, finala ere ez da partida bakarrekoa izango. Partaideen jatorriari erreparatuz gero, Bidasoko mugak gainditu ditu txapelketak; Oiartzun, Hernani, Zizurkil, Goizueta (Nafarroa) eta beste herri askotako kirolariek ez dute galdu nahi izan Emeki-ren norgehiagoka. Izan ere, “maila handiko txapelketa” izaten ari dela nabarmendu dute antolatzaileek, “partida biziak” jokatu zituztela joan den larunbatean. Gainera, adin tartea ere “zabala” dela azaldu du Elizondok: “15-16 urte artekoak dira gazteenak, eta 58 urte inguru dauzkate helduenek. Horrek are politago bihurtu du txapelketa”. Finean, hurrengo asteetan “emakume guztientzako topagune inprobisatu” bilakatuko da Soroetako pilotalekua.
Duela 23 urtekoak, lehian
Emeki-ko kideek nostalgiaz gogoratzen dituzte lehen txapelketak. “Oso ongi pasatzen genuen, jende pila bat joaten zen pilotalekura, lepo beteta egoten zen. Gure elkarteari halako izen bat ere eman zion lehiaketa hark”, aitortu du Berrotaranek. Larunbatekoa “gogoangarria” izan zela aitortu dute biek, garai bateko “sentsazio asko” berreskuratu zituztelako pilotalekuan. Berezitasun gisa, orain dela 23 urte lehian aritutako hainbat palistak aurten jokatzeko erabakia hartu dutela kontatu dute elkarteko kideek. Gainera, aurtengo ekitaldiaren arrakasta ikusirik, “behar bezainbestetan” errepikatzeko prest daudela ziurtatu dute. Bitartean, hurrengo urteko txapelketan pentsatzen hasiak dira jada.
Kirol proba bat izan arren, Emeki-k ez du proiektua lehiara soilik mugatu nahi izan. Horregatik, beste bi proiektu nagusi lantzen hasi dira: lehenik, herriko ikastetxeetako ikasleei gerturatu nahi diete pala eta esku pilota. Horretarako, programa berezi bat lantzen ari dira Emeki-ko kideak. Dagoeneko Hondarribiko hiru ikastetxeekin harremanetan jarri dira, gorputz hezkuntzako klaseetan neska gazteek pilotalekuan aritzeko aukera balia dezaten. Gainera, pala eta esku pilota eskola kirolean txertatzeko asmoa du Emeki-k, futbola, saskibaloia edo eskubaloiaren maila berean jartzeko helburuarekin. Proiektua biribiltzeko, festa egun bat antolatzeko asmoa ere badaukate elkarteko kideek.
Emeki urte osoan aritu da txapelketa prestatzeko lanetan. Txapelketa antolatu ahal izateko, Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du elkarteak. Alde horretatik, finantzaketa iturriak lortzeak “lan handia” eman diela azaldu dute elkarteko kideek, baina ez da hori izan bidean topatu duten oztopo bakarra. Izan ere, “oso egoera kaskarrean” aurkitu zuten Soroetako pilotalekua. Baina, argitu dutenez, emakumeen presioari esker, udalak pilotalekua margotu eta kirola egiteko egokitu du, eta azpiegitura hori txapelketarako espresuki hobetu. “Frontoia ez zegoen egoera onean; pintaketez beteta zegoen, oso zikin. Guretzat, lorpen txiki bat izan da palan eta esku pilotan jokatu ahal izateko egokitzea”, azaldu du, harro, taldeko kide Tzane Carrillok.
Zaintzeko deia
Pala txapelketarako konponketak egin ondoren, etorkizunerako kirol instalazio guztia estaltzea aurreikusi du Hondarribiko Udalak, hor soilik pala edo esku pilota partidak joka daitezen. Bide batez, udalak frontoia egoki eta txukun mantentzeko deialdia egin du hondarribiarren artean. “Gogorarazi nahi dugu duela bi urte udalak 13.000 euro gastatu zituela frontoia margotzeko, eta berriz ere den-dena zikindu egin dutela pintaketekin. Berriz ere egokitu dugu, baina dei egin nahi dut pilotalekua errespetatua izan dadin”, azaldu du Gotzone Larrarte Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzu, Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak.
Leave a Reply