Eskutik helduta, zuentzat

Eskutik helduta, zuentzat

Ariane Vierbücher

Ospakizun baten bueltan hasi zen guztia, “urrezko eztei batzuk antolatzen ari ginenean, hain zuzen”, kontatu du Marixol Alkaiaga zaldibiarrak. Hartan ere, saltsaren erdian zeuden Alkaiaga bera eta Elisabeth Blarduni pediatra erretiratu argentinar-ordiziarra. Elkar ezagutu eta bizitzan izandako esperientzien inguruan hitz egiten hasi zirenean, segituan konektatu zuten, eta segituan konturatu ziren geldirik egoten ez dakiten horietakoak direla bata zein bestea. Hala, elkarlanean zerbait egin zezaketela pentsatu zuten.

Blardunik Bartzelonako Yoire gobernuz kanpoko erakundearekin kolaboratzen du. Mozambikeko Macia hirian ari dira lanean 2016az geroztik, Nwina izeneko proiektu bat garatzen. Nwina hitzak zuentzat esan nahi du shanganiz. Alkaiaga, berriz, Indarra Dolle Kallpa gobernuz kanpoko erakundean dabil. Orain, 8.000 euro lortu nahi dituzte Macian osasun laguntza emateko. Mozambiken egoera zein den aztertu eta beharrak identifikatu ondoren, Blardunik jakinarazi du “behar-beharrezko azpiegituretarako” bideratuko dutela dirua. Gainera, Joxi Zudaire pediatra erretiratu ordiziarra, Arantxa Perez de Arenaza emagin legazpiarra, Myriam Berrueta mediku iruindarra eta Amaia Aristizabal pediatra donostiarra ere batu zaizkie abentura honetan.

Mozambikera bidaia

Apirilean Mozambikera bueltatzeko prestatzen ari da mediku taldea. “Amak eta haur jaio berriak nola artatzen dituzten ikustea da helburua, eta ahal dugun guztian gure ezagutza transmititzea, baita amatasun gunerako behar dituzten azpiegiturak eramatea ere”, azaldu dute. Macia hiriak 151.911 biztanle ditu, eta %75 haurrak dira. Haur asko osasun arazo larriekin jaiotzen dira, eta, horri aurre egiteko, “laguntzeko eta bitartekoak jartzeko prest” doaz.

Iazko irailean ere izan ziren Mozambiken. Blarduni, Berrueta eta Zudaire joan ziren orduan, eta Sekeleka zentroan dauden haurrekin lan egin zuten: “Haurren eta haien familien historia medikoak egin genituen, eta konturatu ginen haurdun dauden emakumeek erditzean jasotzen duten arretan eragin behar dugula, haur jaioberrien osasun arazoak ekiditeko”. Uste dute “urrezko minutuan” gertatzen dena guztiz garrantzitsua dela.

Zudairek lehen aldia zuen kooperazio lana egiten: “Betidanik izan dut horrelako proiektu batean parte hartzeko gogoa”, esan du ordiziarrak. Proposamena egin eta lehenengo momentutik esan zuen baietz, “tartean konfiantzazko pertsonak” zeudelako. “Haurren eta amen bizi kalitatea hobetzen lagun dezakegu, eta bultzada hori ematera joango gara berriro”. Lehen bidaia “gogorra” izan zela kontatu du; hala ere, bigarrenez joango da laster, benetan sinisten duelako lagun dezaketela, eta primerako lan taldea dagoelako tartean. “Laguntza behar dute, eta prestakuntza ematera goaz, uste dugulako horrekin eta azpiegitura egokiekin osasun arazo asko ekidin ahal izango direla”. Oraingoan, Perez de Arenaza ere batu da bidaiara. Kontatu du horrelako proiektu batean parte hartzen duen “lehen aldia” dela. “Ilusioz beterik” dago, baina “baita urduri ere”, Mozambiken aurkituko duen horretan pentsatuz.

Dirua biltzeko lau jaialdi egingo dituzte: Ordizian (martxoak 7), Zaldibian (martxoak 13), Beasainen (martxoak 28) eta Lazkaon (apirilak 3). Ner Group-en laguntza dute jaialdiak antolatzeko. Takolo pailazoak eta haren lantaldeak ere parte hartuko dute, bai eta eskualdeko zortzi ikastetxeetako ikasleek ere. Ikuskizunean parte hartzeaz gain, gaiari buruzko lanketa ere egingo dute eskoletan. Ibon magoa da jaialdietan ariko diren artistetako bat, eta esan du “haurrek eta helduek, denek primeran pasatuko” dutela. Bost euro balio dute sarrerek, eta Larratxa, Amonane, Begue Redondo, Lardizabal, Joxepane, Mirentxu, Bideplaza, Gerriko eta Maitten daude salgai. Bono berezi batzuk ere atera dituzte emanaldietara joan ezin direnentzat baina proiektuarekin bat egin nahi dutenentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.