Aitziber Arzallus
Nahi eta ezin. Harakintza sektoreko enpresek langileak behar dituzte, baina ez dago haietan jarduteko prestakuntza duen langaberik. Hala dio Patxi Aldasoro (Beasain, 1962) Urkaiko Baserria Km0 enpresako kudeatzaileak. “Argiketari edo arotz izan nahi dutenek badute nora jo ofizioa ikastera, baina, gaur egun, hemen inguruan ez dago harakintza sektorean jardungo duten langileak prestatzeko eskola profesionalik”. Eta Aldasororen ustetan, ikasi beharreko lanbide bat da harakinena. “Garai batean, agian, harakin bati laguntzen jardungo ziren haragia nola edo hala ebakitzen zekitenak, baina gaur egun oso bestelakoa da egoera”. Lana askoz modu profesionalagoan egitera behartuta daudela dio Aldasorok. “Osasun baldintza zorrotzak bete behar izaten ditugu, eta ezinbestekoa zaigu langile prestatuak izatea”.
Iritzi berekoa da Xabier Lizaso harakina ere (Aia, 1978). Lizaso gazte hasi zen sektorean lanean, 16 bat urterekin, eta dagoeneko 26 daramatza. “Zarauzko Otzarreta harategian hasi nintzen langile, eta oraindik ere bertan jarraitzen dut, baina orain autonomo gisa: neu naiz harategiaren arduraduna”. Lizasok langile bat du lanaldi osoz, eta beste bat astean pare bat egunez joaten zaio laguntzera. “Behin baino gehiagotan saiatu izan naiz norbait kontratatzen, baina sekula ez dut behar dudanik topatu”. Curriculumak iritsi, iristen zitzaizkiola dio, “baina batzuek ez zuten prestakuntzarik, besteek ez zekiten euskaraz… Azkenean, etsi egin nuen”.
Langile zen garaian bati baino gehiagori ofizioa irakastea ere egokitu zitzaion Lizasori. “Etortzen ziren, nekien guztia irakasten nien, eta gero alde egiten zuten, askotan euren negozioa jartzeko. Eta, azkenerako, horretan ere nazkatu egin nintzen. Neure buruari esan nion inori gehiagori ez niola lanbidea irakatsiko”.
Elkarlanetik sortua
Horregatik, euren enpresan aritzeko moduko langilerik topatzen ez zutelako, Urkaiko Baserria Km0 eta Basatxerri enpresetako arduradunek Hazira jo zuten, Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako Fundaziora, euren beharren berri ematera. Eta erakunde publikoen eta enpresa pribatuen elkarlanetik, Harakintza eta haragikien elaborazioa ikastaroa antolatzea erabaki zuten.
Proiektuaren sustatzaileak banan-banan zerrendatu ditu Orbaiz Aretxabaleta Hazi fundazioko Ekintzailetza eta Prestakuntza arloko teknikariak: Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegitura Saila, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua eta Hazi fundazioa izan dira sustatzaile publikoak, eta Urkaiko Baserria Km0 eta Basatxerri enpresak pribatuak. Gainera, elkarlanean aritu dira Urola Kostako Garapen Agentziarekin, Iraurgi Berritzenekin eta Urkome Landa Garapenerako Agentziarekin ere.
Aretxabaletak azaldu du Urkaiko Baserria Km0 eta Basatxerri enpresetako arduradunak Hazi fundazioarekin harremanetan jarri zirela ez zutelako topatzen profil jakin bateko langilerik. “Kontratatu beharra zeukaten, baina ez zeukaten norengana jo”. Beraz, guztien artean, behar zuten profil horretarako prestakuntza ibilbide bat diseinatu zuten. “Ikusi genuen harakintzako eta haragikien elaborazioko ziurtagiri profesionalak betetzen zituela eskaera horiek. Bigarren mailako ziurtagiri profesional bat da hori, 430 ordu teoriko eta 80 praktiko dituena”, zehaztu du Aretxabaletak.
Urkaiko Baserria Km0 eta Basatxerri enpresek euren azpiegiturak utzi zituzten ikastaroa emateko. “Hori eskertu beharrean gaude”, esan du Aretxabaletak. “Haien azpiegiturak erabili ditugu ikasketa prozesu guztian. Gela bat egokitu dute eskola teorikoak emateko, eta praktikoak egitera, berriz, plantara jaisten dira ikasleak”. Hori ikasleentzat abantaila handia dela nabarmendu du Haziko kideak, ikasleek bertatik bertara ezagutu eta probatu dituztelako haragiaren kateko eginbehar guztiak.
Sustatzaileak “oso arrakastatsutzat” jo dute ikastaroa, eta “oso gustura” daude izan dituzten emaitzekin. Hamabi lagunek lortu dute harakintzako bigarren mailako ziurtagiria, eta hamabi horietatik gehienak lanean ari dira dagoeneko. “Bederatzi kontratazio izan ditugu, eta beste bat ekintzaile gisa bere proiektua lantzen ari da”, Aretxabaletaren arabera. Horietatik hiru Urkaiko Baserria Km0 enpresak berak kontratatu ditu, eta enpresako kudeatzailea gustura dago langile berriekin, “lanean fundamentuz” ari direlako.
Lehendabiziko ikastaroaren arrakasta ikusita, martxan da bigarrena. “Sektorean gabezia handia dago, eta horri erantzuna ematea da ikastaro honen helburua. Epe motzera ez dugu asebeteko beharrizan hori, eta ikastaroarekin jarraitzea da gure asmoa”, adierazi du Aretxabaletak.
Ikasleek haragiaren kateko egiteko guztiak ikasi dituzte. “Gaur egun, harakin batek abereak hil eta zatitu baino askoz gauza gehiago egin behar izaten ditu, eta hauek denetarako prestatuta daude”, adierazi du Aldasorok. Hanburgerrak eta saltxitxak egiteko, ontziratzeko, etiketatzeko, eskaerak prestatzeko eta beste hainbat zeregin gauzatzeko prestatu dituzte.
Lan horietan trebatuta egotea oso beharrezkotzat jo du Lizasok ere, “haragiarekin bakarrik zail baitago aurrera egiten”. Oilaskoa lehen baino askoz gehiago eta txekor haragia lehen baino askoz gutxiago saltzen dela esan du aiarrak. “Gazteek sukaldean denbora gutxi pasatu nahi dute, eta egosteko haragirik edo saltsan jarri beharrekorik apenas saltzen den”. Kontrara, aurrez prestatutako janariak geroz eta arrakasta handiagoa du: “Abendañoko industrialdeko Gesalaga obradorea Otzarretarena da, eta guk han prestatutako jakiak saltzen ditugu”. Beste harategietan, ordea, langile bat edo bi lantegi horietan aritzen direla esan du Lizasok, harategien etorkizuna aurrez prestatutako jakien eskaintzan dagoelako. “Harategian jarduteko, sukaldean ere jakin egin behar, beraz”.
Leave a Reply