Karmele Uribesalgo Alzola
Gaixotasun batek goitik behera alda dezake pertsona baten bizitza; planak, harremanak eta egunerokotasuna. Egun batetik bestera bizimodua birpentsatzera eramaten ditu asko, eta, batzuetan, haurrak izaten dira egoera horretatik pasatu behar dutenak. Gaixorik dauden ume zein gazteek ikasketekin jarraitzeko eta etorkizunari aurre egiteko zailtasunak izaten dituzte sarri, ikastetxera joan ezin direnean bereziki. Horri aurre egin eta hezkuntza prozesuarekin jarraitzeko laguntza izaten dute ikasleek Lasarte-Orian dagoen Ospitaleko, Etxez Etxeko eta Arreta Terapeutiko Hezigarrirako Gipuzkoako Lurralde Zentroari esker. Gaixotasun fisikoak zein psikiatrikoak dituzten ikasleei hezkuntza arreta ematen diete han. Zentroaren izenak dioen bezala, zerbitzua ospitalean zein etxez etxe jasotzen dute, eta gaixotasun mental larriak dituzten ikasleek ere badute aukera eskolaz aparteko klaseak jasotzeko.
Virginia Azpirozek (Donostia, 1970) Donostia ospitalean egiten du lan, baina ez da ez medikua, ezta erizaina ere, eta ez du osasunarekin zuzenean lotutako lanbide bat. Ama-haurren eraikinean egoten da, laugarren solairuan. Han dute ospitaleko eskola, eta klaseak ematen ditu bertan. 08:30ean sartzen da lanera, eta ospitaleratuta dauden haurren zerrenda hartzen du. Pazienteen izena eta adina besterik ez da agertzen paperean. “Ez dugu galdetzen ea ikasleek zer duten, ezta zenbat denbora emango duten ospitalean ere”, azaldu du. 09:00ak aldean hasten dira gelaz gela pasatzen, ingresatuta dauden ikasle guztiak klasera joatera animatzeko eta “irribarretxo” bat ateratzeko. Gauzak horrela, 10:00etan hasten dira klaseak, eta egunean lau orduko zerbitzua ematen dute. “Egun bakar batez ingresatuta dauden umeak etor daitezke, baita luzerako egon behar dutenak ere; eskola garaian dauden ikasle guztiek daukate aukera gure zerbitzua jasotzeko”. Gipuzkoan, Donostia ospitalean bakarrik dago gisa horretako ikasgela bat.
Helburu nagusia eskolako erritmoarekin jarraitzea dela adierazi du Azpirozek, eta azpimarratu du borondatezkoak direla klaseak. Ikasle bakoitzarentzat moldatutako ariketak egiten dituzte, 2 eta 16 urte bitarteko ikasleak izaten baitituzte: “Taldean ematen ditugu klaseak, baina bakoitzak bere lana egiten du”. Horrez gain, ospitalean denbora luzez egoten direnean, ikastetxeekin jartzen dira harremanetan, eta zehaztu egiten dituzte ikasleak landu beharreko kontzeptuak. Azpirozek aitortu du “oso malguak” izan behar dutela, eta ezin dituztela luzarorako lanak bidali, ez baitakite egun bakoitzean zenbat ikasle izango dituzten. “Bat-batean ikasle batek alde egiten du froga bat duelako, edo beste bati sendagiria ematen diote”. Hala ere, malgutasun horrekin eta haurrak “goxo-goxo” tratatzearekin ikasleek asko ikasten dutela dio, eta oso gustura egoten direla denak.
Azpirozek nabarmendu du alde akademikoak besteko garrantzia duela alde emozionalak, eta hori ere lantzen dutela: “Emozioak nahastuta egoten dira askotan, eta tripak lasaitzeak laguntzen die gaixotasunari aurre egiten”. Gurasoek ere, orokorrean, eskertu egiten dute zerbitzua. Azpirozek azaldu duenez, haurrak eskolan dauden bitartean, tarte bat hartzen dute beraientzat, airea hartzeko eta beren esperientziaz aritzeko beste guraso batzuekin. Gaineratu du medikuek ere oso ondo baloratzen dituztela klaseak, eta animatu egiten dituztela haurrak eskolara joatera.
Irakasleentzat “erronka bat” dela dio, baina adierazi du “txapela kentzekoa” dela haurrek gaixotasunarekiko izaten duten jarrera. Heriotzari aurre egin behar izaten diotela ere azaldu du, baina denborarekin “beste lasaitasun batekin” hartzen duela: “Hasieran asko kostatzen zitzaidan, baina ikasten duzu heriotza bizitzaren parte dela; min egiten dizu, baina hutsune hori ikusteko beste modu bat daukazu”. Era berean, haurrek hobera egiten dutela ikustea “pozgarria” iruditzen zaio. “Guk beti esaten diegu ikasleei hemen gelditzen garen bakarrak irakasleak garela”, adierazi du. Kontatu duenez, denborarekin, ikasleak kalean ikusten dituztenean, asko ez dira oroitzen irakasleez: “Esan nahi du esperientzia hori atzean utzi dutela, burutik ezabatu eta bizitzan aurrera egin dutela”.
Behar den tokira
Gaixorik dauden haur zein gazte guztiak ez daude ospitaleetan; asko etxean egoten dira, eta bertara joaten dira irakasleak. Etxez etxeko zerbitzua da, baina, koordinazio lanaz arduratzen den Fernando Zuazok (Durango, 1958) adierazi duenez, “behar den tokira” joaten dira, eta ikaslearen beharretara moldatzen dira: “Gaixotasunaren arabera, tokatu daiteke klaseak etxean ematea, baina ospitalera ere joaten gara, adibidez”. Bakarkako klaseak izaten dira, eta, normalean, hiru irakasle izaten ditu ikasle bakoitzak. “Helburua izan behar da ikasturtea aurrera ateratzea eta ahalik eta emaitza onenak lortzea”. Bigarren Hezkuntzan, 25 irakasle inguru daude Gipuzkoan, eta 50 bat ikasle.
Azpirozek bezala, Zuazok ere adierazi du “oso garrantzitsua” dela ematen duten zerbitzua. “Atera egiten dira beraien zurrunbilo horretatik, eta ikusten dute badutela jarraitzeko bide bat, ez dela dena eten, eta etorkizunera begira aukera asko dituztela”. Gurasoak ere kezkatuta egoten dira ikasketa prozesua etetearekin, eta Zuazok azaldu du poztu egiten direla ikusten dutenean seme-alabek aurrera egiteko aukera dutela.
Duela gutxira arte ikasle gehienek gaixotasun onkologikoak edo traumatologikoak izaten zituztela esan du, baina azken urteetan ugaritu egin direla psikologikoak zein psikiatrikoak dituztenak. Enpatia izatea beharrezkoa iruditzen zaio ikasleen arreta eta ikasteko gogoa pizteko. “Lehenengo, harreman pertsonala sortzen dugu, eta ondoren lantzen dugu alde akademikoa”.
Zuazoren iritziz, norbere burua ezagutzeko beta ematen duen lana da berea, gaixotasunekin eta heriotzarekin egiten baita topo: “Horren aurrean jartzen zarenean ikusten duzu nola bizi duzun, eta ikasketa handiak ematen dizkizu, ez bakarrik lanerako, baita bizitzarako ere”. Azaldu du harreman estuak sortzen dituztela ikasleekin. “Irakaslea eta pertsona pakete berean doaz, eta asko inplikatzen gara”. Horren erakusle da Zuazok Cristianekin duen erlazioa. Ikasle ohia da, eta Gabonetan, esaterako, gutunak bidaltzen dizkie irakasle izan zituenei. Horrez gain, sare sozialetatik ere hitz egin ohi dute.
Garai latzetako babesa
Cristiani depresioa diagnostikatu zioten duela zazpi urte inguru, eta, gaixotasun hori zela eta, denbora batez eskola utzi behar izan zuen, DBHko 2. mailan zegoenean. Cristian ez da haren benetako izena, baina bai berak, bai amak, nahiago dute ezizen bat erabili. Tutoreak komentatu zion Cristianen familiari etxez etxeko zerbitzua jasotzeko aukera izan zezakeela, eta probatzera animatu ziren.
Cristianen ama Mariak azaldu duenez, gazteak txikitatik izan ditu arreta mantentzeko arazoak, eta, ahalegin handiak egin arren, zail egiten zitzaion eskolako erritmoari jarraitzea. “Bakarkako klaseak jasotzean, desagertu egin zen arazo hori”. Nahiz eta depresioak ez zuen zuzenean eskolarekin zerikusirik, amaren ustez, klaseek lagundu egin zioten gaixotasunari aurre egiten. “Irakasleek badakite ikasleek arazo larri bat dutela, eta kontuan izaten dute”. Oso esperientzia ona izan zela nabarmendu du Mariak, oso gertukoak zirela bai Cristianekin, bai familiakoekin. DBH amaierara arte jaso zituen klaseak, eta derrigorrezko ikasketak amaitzeko aukera eman zion etxez etxeko zerbitzuak.
Cristianek berak ere aitortu du zerbitzuak lagundu egin ziola “garai zailetan”. Haren ustez, irakasle guztiek ezaugarri bat zuten: oso ulerberak zirela. “Ez banengoen ongi, ulertzen zuten, eta asko laguntzen zidaten, bai etxeko lanetan, bai eskolatik kanpoko kontuetan”. Aitortu du hasieran ez zitzaiola asko gustatu halako klaseak jasotzearen ideia, baina, behin horretatik pasatuta, “oso gomendagarria” iruditzen zaio, eta oso eskertuta dagoela gaineratu du. Izan ere, eskola utzi zuenean “galdutzat” eman zituen ikasketak. Gerora ikusi zuen ez zuela zertan hala izan: “Beste bide bat hartu nuen, beste modu batera, baina amaitu nituen”.
Laguntzeko zentroa
Gaixotasun mental larriren bat dutenek ere jasotzen dute bestelako laguntza ikasketekin aurrera egiteko. Lasarteko zentroan, ikasturte batez egon daitezke 8 eta 16 urte bitarteko ikasleak, eta Esparru Terapeutiko-Hezigarri horretako koordinatzailea da Amaia Azpeitia (Donostia, 1979). “Normalean garai okerrenean daudenean etortzen dira, eskolan egonezin handia dutenean”. Goizetan joaten dira zentrora, eta arratsaldean eskolara itzultzen dira. “Laguntza zerbitzu bat gara; ez gara eskola bat, eta ikasleek matrikulatuta egon behar dute beren eskolan”.
Etengabeko harremana dute ikastetxeekin, eta ikasle bakoitzak bere plana du, eta helburu propioak. Hala ere, antolatzen dituzte tailerrak, terapeutikoak zein hezkuntzakoak. “Ikasle horiek zailtasun handiak dituzte harremanetarako, baita emozioak identifikatu eta transmititzeko ere”. Autoestimu baxua izaten dutela gaineratu du, eta kosta egiten zaiela krisialdietan tresna egokiak aurkitzea haserreak menperatzeko. Azaldu duenez, zentroan ikasleak “ulertuak” sentitzen dira, sarri pentsatu ohi baitute “tuntunak” direla: “Askotan, kanpoan jasotzen duten erantzuna zigorra izaten da, eta hemen ulertzen hasten dira zer gertatzen zaien”. Horrez gain, Azpeitiak azaldu duenez, ikasleak “lasaitu” egiten dira antzeko egoeran dagoen jendea ikustean. “Eskolan etiketatuak dauden haurrak dira, nahiz eta eskolek izugarrizko lana egin oso agerian gelditzen direlako krisialdietan”.
Krisialdiei aurre egitea iruditzen zaio zailena Azpeitiari. “Eutsi egin behar izaten diegu batzuetan, eta kolpeak eta irainak jasotzen ditugu, baina denborarekin ikasi dugu gaixotasunaren parte direla”. Aitzitik, poza ematen die ikusteak ikasleek hobera egiten dutela: “Erronka handia da gertatzen zaiena ulertzea, baina oso motibagarria da bilakaera; hori da lan honen alderik erakargarriena eta politena”.
Leave a Reply