2040

Juan Luis Zabala

Hemeroteka arakatzen ari nintzela, efemeride batez ohartu naun ustekabean —esango diot 2040ko urtarrilaren 21ean—. Gaur ditun 20 urte BERRIAn koronabirusa lehen aldiz aipatu zela.

—Hara! Koronabirus ospetsua!

—Bai. 2020ko urtarrilaren 21ean aipatu zinan aurrenekoz garai hartako euskarazko egunkari bakarrak. Artean ere nahiko garrantzi gutxiko albistea zunan, gutxi zirelako hildakoak. Baina bizkor zabaltzen hasita zegonan.

—A zer oroitzapenak! Hildakoen, kutsatuen eta ospitaleratuen kontabilitatea egunero prentsan, eta denok grafikoen kurbei begira.

—Gaixoak bakardadean hiltzen, inor ez kutsatzeko.

—Hilabete mordo bat egin genian konfinamenduan, etxetik erosketak egitera baino irten gabe.

—Txakur jabeek gehiago irteteko lizentzia zeukatenan.

—Eta txakurrek inoiz baino estimazio handiagoa.

—Batzuek koronabirus berri hura gripe arruntaren parekoa zela esaten zinaten, ez zela neurri berezirik hartu behar.

—Beste askok, aldiz, konfinamendu zorrotzagoa eskatzen ziaten, funtsezkoa ez zen jarduera oro gelditu behar zela.

—Sindikatuak Confebasken aurka.

—Eta Jaurlaritza Confebasken alde.

—Birusa saguzarrengandik ote zetorren, norbaitek nahita egindako eraldaketa genetikoa ote zen, denetik entzun geninan.

—Interneten 5. Belaunaldiaren prestaketaren ondorioa zela esan zuenik ere izan zuan, 5G-arena. Hainbeste satelite atmosferan ezin omen zian izan parte onekoa.

—Trump Txinaren aurka eta mundu guztia txinatarren diziplina miresten.

—Jendea balkoietan eta sare sozialetan kantatzen.

—Eta konfinamendua hausten zutenak salatzen.

—Kirolzale guztiak arrabola gainean pedalei eragiten.

—Militarrak eta poliziak kaleen jabe, larderiaz askotan.

—Slavoj Zizek garai hura bestelako komunismo berri bat sortzeko aukera zela esaten, komunismo humanistagoa, justuagoa, goxoagoa.

—Beste batzuen ustez, aitzitik, totalitarismo berri baten ezarpena errazteko prestakuntza zunan guztia.

—Bakoitzak bere erara arrazoia zian.

—Bai. Nondik begiratzen zaion. Hitzak nola interpretatzen diren.

—Aro planetarioa hasi zela esan zuenik ere izan zuan.

—Eta hala izan zunan, ezta?

—Ez, ordea, koronabirusarengatik soilik. Bestela ere bazetorrean: askotariko gerrak, immigrazio masibo behartuak, klima aldaketa, berotze globala, ozono geruzaren zuloa, kabitu ezin gero eta handiagoa…

—Eta gu biok? Ba al dakin zertaz mintzatzen ginen gu biok garai hartan?

—Arrastorik ere ez. Hori ere begiratu al duk hemerotekan?

—Bai horixe!

—Eta… zertaz hitz egiten genuen ba?

—Iritzilari neuronalaz.

—Iritzilari neuronalaz?

—Bai, hire asmakizuna zunan. Tira, asmatu esaten dena ez, ez huen asmatu, baina iragarri bai.

—A bai! Zeharo ahaztuta neukaan.

—Normala. 2020ko kontuak ditun, duela 20 urtekoak!

—Lekutan geratu zuan nire asmakizuna, gero etorri zenarekin alderatuta!

—Bai, baina ez henbilen desbideratuta. Azken batean, gaur egun, AGK Aginte Global Konputerizatua ezarri zenetik, konputagailu neuronal baten agindupean bizi gaitun mundu osoan, tresna artifizial neuronal erraldoi batek agintzen zigun zer egin eta nola bizi, eta baita, zeharka bada ere, zer pentsatu ere.

—Bai, iritzi neuronalaren beharrik gabe ere majo konputerizatua diagu iritzia.

—Okerrena dun horixe dugula bizirik irauteko aukera bakarra…

—… eta ez dugula besterik merezi.

Leave a Reply

Your email address will not be published.