L. Goiburu
Herri kirolak lanean aritzetik sortu zirela esan ohi da. Aizkolariak eta egurra, arraunlariak eta itsasoa, harri jasotzaileak eta harria, sega mozketa eta belarra… Baina bada aisialdian edo denbora libretik sortutako herri kirolik ere. Bola jokoaren eta bolatokien kasua da hori.
Aitziber Makatzaga Zeraingo Bolariak taldeko kideak azaldu du garai batean taberna inguruetan izaten zirela bolatokiak. “Sagardotegi eta kantinen ondoan egoten ziren gehienak, eta herritarrak denbora librean joaten ziren bertara”. Bolatokiak apusturako lekuak ere bazirela zehaztu du zeraindarrak. “Tabernako tragoa nork ordainduko zuen erabakitzen zuten han”. Hain zuzen ere, apustua izan da, eta da, herri kirolen ezaugarrietako bat.
Zerainen, garai batean, hamalau bolatoki zeuzkaten, eta bakarra dago gaur egun. “Meategietako lanen ondorioz, bolatoki asko zeuden herrian, baina kenduz joan dira”, azaldu du Makatzagak. Erabilera ere murriztuz joan da, baina oraindik badago igandero bolatokira joaten denik. Garai batean bezala, batzuek bertan pasatzen dute eguna, nahiz eta gaur egun apustuak ez diren egiten garai batean bezala.
Gune itxiak eta irekiak
Goierrin, halere, herri askotan mantendu dituzte bolatokiak. Eremu itxiak nahiz itxi gabeak izan daitezke bolatokiak, baina, hori bai, itxitako eremuetan bakarrik jokatzen dituzte federazioak antolatutako txapelketak. Bolatoki irekia daukate Zegaman, eta itxiak dauzkate Olaberrian, Mutiloan, Zerainen, Seguran eta Idiazabalen. Legazpin eta Gabirian, berriz, aire librean zein eremu itxian aritu daiteke bola jokoan; bi aukerak daude eskura.
Gipuzkoan bola jokorako afizioa ez da mugatzen Goierrira, baina Makatzagak azaldu du Tolosaldean, esaterako, bolatoki gutxiago dagoela: “Normalean, Donostialdean edo Goierrin jokatzen dira federazioaren txapelketak”.
Gabonen ondoren hasi ohi dira Gipuzkoako Federazioaren bola txapelketak, urte hasieran. Taldekakoa izaten da lehenengo txapelketa: “Sei lagunek osatzen dute taldea, eta bi tiraldi eta finala izaten dira”, zehaztu du Makatzagak. Behin taldekako lehia amaituta, binakakoa hasten da: “Lau tiraldi eta finala izaten dira binakakoan”. Eta finalean ez du balio izaten aurreko puntuazioak.
Taldekako eta binakako lehiak amaituta hasten da buruz buruko txapelketa, eta lau tiraldi izaten dira kasu horretan ere. Makatzagak azaldu du Kopa eta Lehendakari Txapelketa jokatzen dituztela banaka. “Eta tiraldi horietan ondoen moldatzen dena sartzen da Gipuzkoako Txapelketako finalean”. Behin herrialdeko txapelketa hori amaituta hasten da Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa: “Hamabost gizonezko eta hiru emakumezko sailkatzen dira Euskadiko Txapelketarako”. Ekain hasieran Ereñotzun ziren jokatzekoak lehia hori, Hernanin, baina, koronabirusak eraginda, oraindik zalantzan dago azkenean jokatuko den edo ez.
Lehiaketak ugaritze aldera, federazioaren txapelketez gain, Goierriko Bola Txapelketa ere jokatzen dute Goierriko bolari elkarteek antolatuta: “Normalean, probakoa eta beste zortzi tiraldi izaten dira txapelketa horretan”, azaldu du Makatzagak.
Betidanik gizonezkoen jokoa izan da bola jokoa, baina azken urteotan emakumezkoen parte hartzea areagotzen ari dela azpimarratu du zeraindarrak: “Gero eta emakume gehiago ikusten da bolatokietan”. Gehien-gehienean “adineko gizonezkoak” aritzen dira jokoan: “Gazte batzuk ere jokatzen hasi diren arren, adin batetik aurrerakoak aritzen dira igandero txapelketetan”.
120 bat bolari guztira
Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioko arduraduna da Garbiñe Alustiza, eta hark azaldu du 65-70 urte inguruko bolariak direla gaur egun federazioan izena emanda dauden gehienak. Alustizak emandako datuen arabera, egun 120 bat bolarik hartzen dute parte Gipuzkoako Txapelketako taldekako lehian: “90 bat gizonezkok eta 30 bat emakumezkok”. Binakakoan, berriz, 36 bikote aritzen dira; 27 bikote gizonezkoek osatutakoak dira, eta bederatzi, emakumezkoek osatutakoak.
Makatzagaren arabera, emakumezkoak eta gazteak erakartzea da bola jokoak duen helbururik garrantzitsuena: “Herri kirol honi jarraipena emango dion jendea falta da, eta gazteak behar ditugu horretarako”. Ez da erronka samurra, “denbora eta gogoa” behar baitira bola jokoan aritzeko: “Gazteei, agian, zailagoa egingo zaie igandero bolatokiz bolatoki ibiltzea, konpromiso handia eskatzen duelako”.
Adinekoen esku dago, beraz, hurrengo belaunaldiei bola jokoarekiko grina transmititzea, baina argi dago bolatokietan emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa izatea eta gazteak inguratzea izango dela bola jokoa ez desagertzeko gakoa. Alde horretatik, bola jokoan parte hartzeko dei berezia egin du federazioak, “herri kirol hau ezagutu dadin”.
Leave a Reply