Miren Garate
Martxoaren erditik, alarma egoera indarrean jarri zenetik, premiazko produktuak saltzen dituzten dendek bakarrik dute zabaltzeko baimena, eta itxita daude gainerako guztiak. Aldi berean, ordea, zernahi eros daiteke Internet bidez. Gipuzkoako merkatariak biltzen dituen Dendartean elkarteko lehendakaria da Amador Biteri, eta “ez sinestekoa” iruditzen zaio egoera. Alde batetik, lehiaren ikuspegitik. “Bidegabekeria hutsa da: gu itxita eta plataforma digitalak salmentak, deskontuak, publizitatea eta nahi duten guztia egiten”. Horrez gain, baita banaketan aritzen diren langileen eta herritarren osasunaren ikuspegitik ere: “Kutsatze arriskua saihesteko daude itxita dendak, eta zergatik ibili behar du beharrezkoa ez den produktu bat dakarren pertsona batek nire etxepean gora eta behera eta herrian alde batetik bestera?”.
Azaldu du hasieratik jarri zirela harremanetan Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin nahiz Espainiako Gobernuko Merkataritza Ministerioarekin, oinarrizkoak ez diren produktuen Internet bidezko salmentak debeka zitzaten eskatzeko. “Noski, funtsezkoek Interneten ere egon behar dute”. Italiak eta Frantziak sareko salmentak premiazko produktuetara mugatu zituztela jakin zutenean, berriro jo zuten erakundeetara: “Protesta egin dugu, ohar bat ere atera dugu, sindikatuekin jarri gara harremanetan, baina berdin jarraitzen dugu. Egoera honek ez du ez hanka eta ez buru”.
Gai hori Espainiako Gobernuaren eskumena dela esan diete Jaurlaritzako ordezkariek Dendartean-eko kideei, eta ezin dutela ezer egin. Eta erantzun berbera eman diote Gipuzkoako Hitza-ri ere gaiari buruz galdetuta. Jaurlaritzako iturrien arabera, ulertzen dute dendarien ezinegona, eta uste dute hartu behar zirela sareko salmentak mugatzeko neurriak. Gaia mahai gainean egon dela zehaztu dute, baina Madrilek debekua ez aplikatzea erabaki duela, ekonomia are gehiago ez kaltetzeko. Horri lotuta, Jaurlaritzako ordezkariek azaldu dute herritarrak kontzientziatzeko kanpainak egitea erabaki dutela, neurri handi batean kontsumitzaileen esku dagoelako zentzuz kontsumitzea, beharrezko produktuak bakarrik erostea eta langileen segurtasuna ere kontuan hartzea.
Igoera nabarmena
Alabaina, hainbat azterketak erakusten dute herritarrek ez dutela oso barneratuta kontzientziazio hori. Azken asteotan nabarmen igo dira oinarrizkoak ez diren produktuen Internet bidezko salmentak. Kirola egiteko gailuak, lorategiko produktuak, bulegoko eta eskolako materiala eta josteko makinak dira salmentetan hazkunde handiak izan dituztenetako batzuk. ELA sindikatuko ordezkariek kontatu dutenez, Correos Expressek Usurbilen duen logistika zentroan, kasu, normalean halako bi pakete ari dira jasotzen, egunean 7.000 inguru; hau da, Gabonen inguruan izaten duten antzeko lan karga dute.
Hain zuzen, sindikatuak ere ados daude Dendartean-ekin, eta uste dute Internet bidez beharrezko produktuak bakarrik saldu behar liratekeela. “Konparaziozko bidegabekeria da batzuk itxita egotea eta besteak ez”, azaldu du Mari Kruz Elkoro ELAko zerbitzuen alorreko arduradunak. Haren esanetan, kontraesanezkoa ere bada zenbait neurri indarrean jartzea —hala nola merkatariei laguntzeko bonoak sortzea eta autonomoei laguntzak ematea—, baina, aldi berean, on-line salmentei lotutako esparru zabal hori arautu gabe uztea.
Azaldu du plataforma digitalentzat lan egiten duten banatzaile gehienak autonomo faltsuak direla, eta lan baldintza oso kaskarrak dituztela. “Ez dute lan hitzarmenik, ez dute jakiten lanik izango duten edo ez, eta eskaeren arabera kobratzen dute, paketeko euro bat inguru”. Eta gaur egungo osasun larrialdi egoeran, segurtasun falta ere batu zaie baldintza kaskar horiei. “Nori eskatu behar dizkiote langile horiek segurtasun neurriak? Plataforma digitalek esaten dute beraiek bitartekari hutsak direla, zu zarela zeure buruaren nagusia eta zuk arduratu behar duzula zure segurtasunaz”.
Lan kargan izan den igoerari erantzuteko, langile autonomo horiengana jo dute enpresa askok. Amazon da Internet bidezko salmentan aritzen diren enpresetatik garrantzitsuenetako bat, eta, bere atarian zehaztua duenez, 28 euro ordaintzen ditu bi orduko lanarengatik, eta ibilgailu bat eta smartphone bat izatea dira lan egin ahal izateko eskatzen dituen baldintzetako batzuk. “Prest bazaude edozein ordutan lan egiteko edo oso azkar lan egiten baduzu, puntu gehiago izaten dituzu, eta lana izateko aukera gehiago”.
Kolektibo zaurgarrietakoak izaten dira langile horietako asko, enplegua aurkitzeko zailtasunak dituztenak, eta, Elkororen esanetan, soldatapeko langileak dituzten banaketa enpresei ere kalte handia egiten diete halakoek, prezioak murriztera behartzen dituztelako. “Azkenean, denak autonomo faltsu bihurtzeko arriskua dago”.
Langileen segurtasunarekiko eta lan baldintzekiko kezka agertu du LAB sindikatuak ere, eta, birusaren hedapena gelditzeko, beharrezkotzat jo du Euskal Herria “gutxieneko zerbitzuetan” uztea: “Badirudi online salmentak beraiek bakarrik egiten direla, ez da ikusten atzean dagoen lan karga: jendea biltegietan paketeak prestatzen, itzulketak kudeatzen, mezulariak etxez etxe… Jende asko ari da etxetik ateratzen beharrezkoa izan gabe”, azaldu du Irati Sienra LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako arduradunak.
Horri lotuta, salmenta horiek lan arloan dakartzaten aldaketez ohartarazi du.”Edozein ordutan eta egunetan eros daitezke produktuak. Bezeroak ez dira jabetzen norbait ari dela beren paketea prestatzen igande batean”. Segurtasunari lotuta, berriz, garraiolarien adibidea jarri du LAB sindikatuko kideak ere. “Inor ez dago etxez etxe doazen langile horien segurtasuna bermatzeko. Ez dakite doazen lekuan norbait gaixorik dagoen ere. Eta badakigu uneotan zein zaila den norbere burua babesteko ekipamendua lortzea”.
Sienraren esanetan, langileen eta haiekin bizi diren pertsonen bizitza jarri da arriskuan orain, eta aurrera begira, tokiko ekonomia. Gogoratu du plataforma digital handiek alarma egoeran egiten dituzten salmenten eraginez, etorkizuneko salmentak galtzen ari direla tokiko dendak. “Orain liburu bat erosiz gero, gero ez dugu erosiko auzoko liburu dendan. Enplegua auzoan eta herrian sortzen duten komertzioak, kale bizitza sortzen dutenak eta herri dinamiketan inplikatuta daudenak, horiek daude arriskuan”.
Alde horretatik, LABeko kideak salatu du ekonomia babesteaz hitz egiten den arren, “ekonomia kapitalista handia” babestea dela helburua. “Eztabaida ez da on-line salmentak bai edo ez. Alarma egoerak oso argi utzi du teknologia berriak oso lagungarriak direla jende askorentzat. Kontua da noren esku dauden horiek, enpresa handien monopolioa baitira”. Eta gogoratu du sareko salmentetan ere, prezioen aldetik, txikiak ezin direla handien baldintza berberetan lehiatu.
Sarean ere, desabantailan
Puntu horri heldu dio Dendartean-eko lehendakariak ere. Kontatu du Gipuzkoako zenbait saltokik ere ematen dutela Internet bidez erosteko aukera; Dendartean elkarteak berak, esaterako, Dendago plataforma du, eta laurogei dendak saltzen dute haren bidez. Biterik argi du bide hori urratu behar dutela herrietako saltokiek ere, erakusleiho bat gehiago izateko. “Noski, digitalizazioaren alde egin behar dugu; baina orain arte ez da egon laguntza eta plan seriorik”. Eta arlo horretan ere desabantailan daudela zehaztu du. “Zergen arloa izugarri gaizki dago antolatuta. Txikiok dena ordaindu behar izaten dugu, baina handiek ez. Adibidez, Txinan zerbait erosiz gero, 22 euroz azpiko produktuek ez dute BEZik eta muga zergarik ordaintzen”. Egoera hori askotan salatu dute diputazioan. “Baina ezin dutela ezer egin esaten digute”.
Alarma egoerak iraun bitartean, Dendago-ren bidez oinarrizko produktuak bakarrik saldu behar lituzketela uste du Biterik. “Baina gure dendei ixteko esan behar diegu Amazon eta besteak saldu eta saldu ari direnean? Inditexen ere, dendak itxita izan arren, lanean ari dira, sareko salmentei erantzuteko”.
Bien bitartean, Dendartean-en ez dakite noiz izango duten berriro lanean hasteko aukera; Austrian eta Alemanian jada hasi dira zabaltzen. Dakitena da garai gogorrak datozela. Biterik uste du sasoiko produktuak saltzen dituztenek izango dituztela arazorik larrienak; besteak beste, arropa eta oinetako dendek. “Udaberri-udetarako eskaerak iritsi berri ziren; hau guztia etorri da, eta ezin izan dute ezer saldu”. Sasoiaren arabera aldatu egiten dira arropak, eta zaila da aurrerago saltzea orain biltegian dituzten produktuak.
Dendartean-eko lehendakariaren esanetan, asko aipatzen da ostalariek arazoak izango dituztela, eta hala izango dela uste du. “Baina horiek, adibidez, hemendik hilabete batzuetara atera ditzakete erosita dauzkaten freskagarriak, ez zaizkie alferrik galduko”. Langileei aldi baterako erregulazio espedienteak aplikatu dizkiete dendari askok, eta laguntza batzuk ere jasoko dituzte. “Baina stocka nork ordainduko digu? Esaten digute emango digutela finantzaketa, eta akaso zorpetuko gara. Baina ez badugu saltzen, zer? 50.000 euroko stocka baldin badut eta aurrerago saltzeko ez badit balio, zaplazteko ederra hartu beharko dut”.
Leave a Reply