Beñat Alberdi
Egungo itxialdi egoeran badaude testuinguru hori bereziki pairatzen ari diren hamaika sektore, talde edo pertsona. Igandetik aurrera arindu egingo zaizkie neurriak etxeko gaztetxoenei, baina bestelakoa da herrietako komertzio eta denda txikien egunerokoa. Itxi zituztenetik berritasun gutxi izan du haien nondik norakoak. Egoera horren jakitun, Oñatiko Magnet kooperatibak esku hartzea erabaki zuen. Konfinamendua bukatu eta gero erabili ahal izango diren bonuak jarri dituzte herritarren eskura www.kuttuna.org web plataforman. Ruper Ordorikaren kantua hartu dute lelo gisa: Zaindu maite duzun hori.
“Norberaren komertzio kutun horrek aurrera egiteko laguntzatxo bat da hau”, argitu du Amaia Guridik, Magnet kooperatibako kideak. Dendak itxita, euren esparrutik nola lagundu zezaketen hausnartu zuten taldeko kideek. Hala sortu zen ideia, tartean bazkide batek ile apaindegi batean ilea moztu ondoren ordaindu eta konfinamendua amaitu ostean ilea berriz ere han moztuko zuela hitzartuta.
Web aplikazioak garatzeaz arduratzen da Magnet kooperatiba. Enpresa edo norbanako batek beharren bat asetzeko eskatzean, haren neurrira egokituta sortzen dute aplikazioa. Twitter eta Spotify jarri ditu adibide gisa Guridik. “Web orrialdeak gauza estatikoak dira, informazio bat erakusteko”, nabarmendu du kooperatibako kideak. “Erabiltzailearekin elkarrekintza bat dagoenean, berriz, aplikazioak izaten dituzte webgune horiek”. Hainbat eremutarako prestatu dituzte produktuak eta zerbitzuak; hala nola logistikarako, osasungintzarako eta adimen artifizialerako.
Aplikazioak oinarri hartuta eta erronka gisa herriko dendei laguntzea zehaztuta garatu dute www.kuttuna.org webgunea. Bi modutara erregistra daiteke orrialdean: komertzio gisa edo kontsumitzaile moduan. Dendariei Stripe kontu bat zabaltzeko eskatzen zaie; Internet bidezko salmentak bideratzeko plataforma bat da Stripe. Dendariek kode bat jasoko dute bertan, eta kode hori beharrezkoa izango dute profil bat sortu ahal izateko. “Ez dugu nahi norbait, nahastuta, komertzio gisa erregistratzea”, azaldu du Guridik. Eta, edozein zalantza argitzeko, abian dute kaixo@kuttuna.org helbide elektronikoa.
Kontsumitzaileena da eragiketa horretako beste faktorea. Gainerako guneetan bezala erregistratu behar da kasu horretan: bakoitzaren posta elektronikoa sartzea eta balioztatze kodea ematea dira egin beharreko urrats bakarrak. Merkatari guztien zerrendara joateko aukera ematen du jarraian, eta hor erosi ahal izango dira bonuak, nahi adina. Webgunean bertan aukeran jartzen dute erabiltzaileak zenbat euroko bonua erosi nahi duen. Azken pauso gisa, norberaren kreditu txartelarekin ordaindu behar da erosketa bakoitza.
Erabiltzaileak, goraka
Pauso horiek guztiak emanda, erabiltzaileak PDF artxibo bat jasoko du bere profilean, eta, behin konfinamendua amaituta, inprimatuta eraman ahal izango du dendara edo sakelakoan eraman ahal izango du, QR kodearekin: “Dendariak kode hori irakurrita ikusiko du zenbat diru dagoen bonuan”, azaldu du kooperatibako kideak. “Erabilera bakarrarekin dirua xahutzen ez bada, berriz erabili ahal izango da aurrerago”.
Poliki-poliki, baina pixkanaka hazten ari da Kuttuna aplikazioa. Duela astebete 29 dendak zeukaten profila webgune horretan, eta 72 daude gaur egun. Eta erabiltzaileen artean ere hazkundea izan da: bostehun baino gehiago dira dagoeneko. Oñatiko Udalak ordaintzen ditu herriko komertzioei laguntzeko bonuen %20, eta horrek eragina izan du jendearen erantzunean.
Herrian bertan daude proiektuarekin bat egin duten negozio gehienak, baina Kuttuna aplikazioa ez da mugatu Oñatira; beste zortzi herrik ere bat egin dute proposamenarekin: Arrasatek, Aretxabaletak, Antzuolak, Bergarak, Legazpik, Soraluzek, Zarautzek eta Azpeitiak. Hizkuntza da baldintza bakarra: euskara. “Gainerakoan, zabalik dago Euskal Herriko denda guztientzat”, zehaztu du Guridik.
Tilin Talan denda Azpeitian dago, eta bat egin du Kuttuna-rekin. Urola Kostan haurrentzako produktuen saltokiak falta zirela ikusita zabaldu zuten denda, eta eurek ere gogotik sufritu dute COVID-19ak sortutako egoera: “Gure bezeroek profil jakin bat dute, eta Internet bidez jasotzen dituzte gure eskaintzak, egunero”, azaldu du Alicia Gomez jabeak. Gaur-gaurkoz ezin dute egin aurrez aurreko lanik. “Denda itxita, ez daukagu diru sarrerarik, baina gastuak berak dira”, argitu du. “Bonuekin, gastu horien erdiak ere ezingo ditugu ordaindu, baina zerbait da gutxienez”.
Leave a Reply