Imanol Garcia Landa
Almitza sega elkarteak antolatzen duen Sega Ligaren lehenengo saioa maiatzaren 30erako aurreikusita zeukaten, eta, seguru asko, Altzoko San Ignazio festetan izango zen azkena, uztail amaieran. Bertan behera geratu da liga, baina Almitzako kide Garikoitz Llobregat altzotarrak ez du baztertu saioren bat antolatzea: “Hamar egunean ekitaldi bat antolatzeko gai gara”.
Munduko Txapelketa jokatzekoak ziren aurten, Eslovenian, uztailaren 25ean eta 26an, baina bertan behera geratu da hori ere. Modalitate horretan lehiaketaren bat antolatzeko asmoa zuten Almitzako kideek, Esloveniarako sailkapena osatzeko. “Taldekako txapelketak ilusioa egiten digu, segarako dugun erarengatik normalean emaitza politak lortzen ditugulako”, zehaztu du Llobregatek. Almitzakoek nazioarteko eran antolatzen dituzte lehiaketak: sail bat ahalik eta azkarrena eta txukunena ebakitzea da helburua. Aurtengo ligan, ia 50 segalarik parte hartzeko asmoa zuten: gizonezkoetan, hamabosten batek; emakumezkoetan, hamabi inguruk; eta gaztetxoetan, 10 urtetik 16-17 urte artekoetan, hogei inguruk.
Konfinamendu neurriak arintzen ari badira ere, gutxi ari dira segan. “Baserria duenak eta inguruan lursailak dituenak aukera izango du entrenatzeko. Baina egun kaletarrak dira segalari asko, eta horiek, oraingoz, ez dute aukerarik”, azaldu du Llobregatek. “Sega oso sorgina da. Sasoia behar da, baina oso teknikoa da, eta praktikatzea eskatzen du”.
Alaitz Imaz hernialdetarrak bederatzi urte daramatza segan. Sega Ligan parte hartzeko asmoa zuen aurten, eta Munduko Txapelketara joateko sailkatu nahi zuen. “Martxoa izaten da segan hasteko garaia, eta orduan iritsi zitzaigun konfinamendua”, esan du Imazek. Bere baserriko lurretan ez du aukerarik segan aritzeko, eta prestaketa fisikoa egiten ari da bitartean: “Pilates egin nuen urte askoan, eta horrelako ariketa batzuk egiten aritu naiz”. Aste honetan, mendira eta korrika egitera joan da, eta horretan jarraituko du sega hartzeko aukera izan arte.
Iazkoari begira
Iazko sasoiarekin gustura dago Imaz, txapela jantzi baitzuen Sega Ligako hiru jardunaldiak irabazita. Austrian jokatu zen Europako Txapelketan parte hartu ahal izatea ekarri zion horrek, eta 13. postua lortu zuen.
Julen Gabirondo urnietarrak, berriz, hamar bat urtean dihardu segan. Sega Ligan zein federazioek antolatzen dituzten kilotako eta azkartasuneko txapelketetan aritzen da. “Federazioak esan digu saiatuko direla txapelketak antolatzen, baina oraindik ez digute ezer zehaztu”, azaldu du Gabirondok berak. Segan aritzeko aukerarik ere ez du urnietarrak. “Ez dut lursailik segan aritzeko, eta segari heldu gabe nabil. Arlo fisikoa lantzen dut, ariketak eginez. Etxean korrika egiteko zinta ere badaukat, eta kilometro batzuk egin ditut hor”. Aste honetan, ez du aukerarik izan kanpoan ariketa fisikoa egiteko: “Lanarekin estu nabil. Ea federazioak zer esaten duen eta datorren astetik aurrera segarekin hasteko aukera dugun”.
Gabirondok txapelketa guztietan parte hartzeko asmoa zuen aurten, eta baita, noski, irabazten saiatzekoa ere. Iaz, Sega Ligan, bi saio ez zitzaizkion ondo atera, eta ez zuen lehen postua lortu. Hori bai, Europako Txapelketara joateko aukera izan zuen. “Baina han ere ez ginen oso fin ibili”, onartu du urnietarrak. Kilotako txapelketan, Gipuzkoakoa irabazi egin zuen, eta Euskal Herrikoan bigarren amaitu zuen, gutxigatik. Bestalde, federazioak antolatutako Gipuzkoako Azkartasuneko Txapelketa irabazi zuen.
Etenaldiak segari ez diola bereziki eragingo uste du Llobregatek: “Kolpea aspaldi jaso zuen segak. Beti ibiltzen gara arrastaka, baina hor egoten gara gero. Hau pasatzen denean, hor jarraituko dugu berriro, arazorik gabe”. Aurten probaren bat antolatzen badute, “lehiaketa” izango litzatekeela onartu du Imazek, “baina festatik ere edukiko luke”. Gabirondok desio bat dauka: “Ea aurten zerbait, behintzat, antolatu eta festa giroan elkartu gaitezkeen”.
Leave a Reply