Euskaltzaletasuna

Juan Luis Zabala

Hi zer sentitzen haiz: euskalduna, euskaltzalea, euskaltzuloa ala, besterik gabe, euskal herritarra? —bota zidan bat-batean.

—A zer galdera! Ez zekinat ba. Denak beharbada. Eta, estutzen banaun, pixka bat espainiarra ere bai, zergatik ez aitortu? Eta, by the way, ingelesetik eta frantsesetik ere bazaukanat zerbait, bien sûr. Batzuetan bi hizkuntza horietan itzurtzen zaizkidan pentsamendu batzuk neure buruan.

—Oso inklusibo ikusten haut. Inuitetik ez al daukak ezer?

—Askorik ez, nik dakidala.

—Baina nik jakin nahi dudana duk, ea… Nola esan…? Adibidez… Irakurri al huen Leire Narbaizaren joan den asteko artikulua Gipuzkoako Hitza-n?

—Bai, jakina, gustura asko gainera. Gogoan zeukanat izenburua oraindik ere: “Izan zati de la konponbide“.

—Ados egongo haiz han esaten zuenarekin, ezta?

—Guztiz. Sinatuko niken artikulua, oso-osorik.

—Euskararen aurkako jarrera eta jokabideek amorrarazi egiten hautelako. Horraino, arazorik ez. Baina… zergatik uste duk euskarak, gaur egun eta hemen, errespetu handiagoa merezi duela?

—Euskalduna naizelako.

—Euskaldun asko ez dituk batere sentikorrak gai horrekin. Hi bai. Zergatik?

—Euskaltzalea naizelako.

—Eta zergatik haiz euskaltzalea? Euskalduna izateaz gain euskaltzuloa haizelako? Iñaki Segurolak hala esaten dik, bera ez dela euskaltzalea, euskaltzuloa baizik; edo antzeko zerbait. Hi ere euskaraz hazia eta hezia haiz, neurri handi batean behintzat, euskara hire izaerari lotua egin duk haurtzarotik…

—Bai, baina ez dun hori bakarrik.

—Ez haiz ba Europako hizkuntzarik zaharrena omen denean hitz egiteaz harrotzen diren horietakoa izango.

—Ez, baina bai Resurrecion Maria Azkue, Pierre Broussain, Lizardi, Lauaxeta, Aresti, Orixe, Aitzol, Polixene Trabudua, Sorne Unzueta, Andima Ibiñagabeitia, Martin Itziar, Txillardegi, Gabriel Aresti, Koldo Mitxelena, Elbira Zipitria, Mixel Labegerie, Rikardo Arregi, Bitoriano Gandiaga, Xalbador, Jon Lopategi, Gotzon Garate, Marijane Minaberri, Xabier Lete, Mikel Laboa, Joxean Artze, Piarres Xarriton, Manex Pagola, Jose Luis Zumeta eta beste askok defendatu duten hizkuntza delako, bizirik ez diren pertsona ezagun batzuk baino ez aipatzearren, balio handiko beste asko aipatu gabe utzita, jakina, batzuk izen ezagunekoak, beste asko arrasto digitalik utzi gabe zenduak.

—Baina beste izen zerrenda bat ere egin litekek, Miguel Unamunorekin hasi eta, ez zekiat ba, Jose Mari Callejarekin bukatuta, adibidez, luzea eta mamitsua hori ere, justu kontrakoaren alde egoteko. Eta, azken batean, orain eta hemen, gure inguruari begiratuta, hala aurrez aurrekoari nola digitalari, hala pribatuari nola publikoari, nire irudipena duk, ekintzaz ez bada omisioz, euskal herritarren hiru laurden baino gehiago, ustezko euskaltzale asko horien artean, gertuago daudela Unamunorengandik Azkuerengandik baino, praktikan behintzat. Ez al huke hire borroka galdutzat eman behar?

Aitortu beharra daukat: ezin izan diot neure hitzez erantzun eta, etsi-etsian, Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua bilatu behar izan dut eskuko telefonoan:

—”Baina libre izan nahi dugu, / zer kulpa daukat nik. (…) Nahi dugu, besterik ez. / Hauxe baita gure engainu azkenekoa: / libre izan nahia justifikatu behar dugula / pentsarazi digute / lehen kanpotik eta barrutik orain”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.