Agintaldi osoa hankaz gora

Agintaldi osoa hankaz gora

Miren Garate

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi baino 107 milioi euro gutxiago banatuko dizkie udalei aurten, COVID-19ak eragingo duen diru bilketaren beherakadari aurre egiteko. Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztu izanak eragin handia izango du haien aurrekontuetan, zati handia izaten delako funts horretatik iristen dena —%75ekoa ere bai herri txiki batzuetan—. EH Bilduko alkateek, alkate independente batzuek eta PSE-EEkoek, guztira 64 alkatek, aldebakarrez aritzea egotzi diote aldundiari. Geroa nola ikusten duten azaldu diote Hitza-ri Abaltzisketa, Errenteria, Elgoibar eta Larraulgo udal arduradunek.

JON ZUBIZARRETA

Abaltzisketako alkatea (Herrigintza)

“Gazteak sartu lanerako gogoz, eta justu-justu irautea tokatuko zaigu”

“Ikaragarrizko zartada da”, esan du Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak. 420.000 euro inguruko aurrekontua du udalak, eta horietatik 315.000 euro inguru Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik jasotzen ditu; hau da, udal aurrekontuaren %75 inguru osatzen du funts horretatik datorrenak. “Herri txiki batzuek guk ez ditugun diru sarrerak dituzte, industrialdeak dituztelako: Altzok, Adunak, Aramak… Gu, berriz, erabat baldintzatzen gaitu foru funtsak”. Udalen eskumeneko ohiko zergez gain —autoena, etxeena…— mendiko larreengatik 8.000 euro inguruko diru sarrera bat izaten dute herrian, “baina bestela ez daukagu ezer”.

Zubizarretaren esanetan, egitura oso sinplea du udalak, eta, ondorioz, gastu finkoen aldetik ez dute karga handirik. Aurretik egindako bi gastuk sortzen diote buruko mina alkateari uneotan. Batetik, Ñañarri jatetxea berritzen ari dira. “Diru laguntzak lortu genituen [Europako Batasuneko] Leader programatik, eta lan horiekin jarraitu egin behar dugu, bestela galdu egingo dugulako diru hori”. Bestetik, orain hiru urte erositako lursail bat ordaintzen ari dira. “Jabearekin tratua egin genuen hiru urtean ordainduko genuela, eta aurten tokatzen zaigu azken zatia”. Diru sarreretan izango duten murrizketaren eraginez, ordainketa hori negoziatu nahi dutela esan du Zubizarretak. “Erdia sei hilabete atzeratzea lortuko bagenu, kontuak ateratzen zaizkigu”. Bestela? “Zorpetu egin beharko dugu”.

Baserri bide bat egiteko beste laguntza bat ere lortuta dute, eta hori ere ez dute galdu nahi. “7.000 euro jarri behar ditu udalak, eta dagoeneko hasi gara begiratzen nondik hazka egin horiek lortzeko”.

Gainerakoan, aurten ez dutela beste ezer egingo azaldu du. “Ezer ez, baina ezer ere ez”. Festak, udazkenean egin ohi duten kultur astea, urte amaierako txerri festa eta gainerako ekitaldi guztiak bertan behera gera daitezkeela dio. “Juntadizoak egiterik baldin badago, egingo ditugu, baina herritar bakoitzak bere poltsikotik jarrita edo ez dakit nola izan beharko duen. Beste era batera bizitzen eta disfrutatzen ikasi beharko dugu”. Dena den, herrian dituzten zerbitzuei eutsiko dietela nabarmendu du.

Beste herri txiki askotan bezala, Abaltzisketan ere lanak izaten dituzte udal taldea osatuko duten pertsonak aurkitzeko. Iazko hauteskundeetan, ordea, lau gazte animatu ziren, eta, Zubizarretaren esanetan, horrexek ematen dio penarik handiena egoera honetan. “Lanerako gogoz sartu ziren. Hasieratik esan genien agintaldia nahiko baldintzatuta izango genuela: lursail bat erosi genuenez eta Ñañarriren berritze lanak ere hor zeudenez, bagenekien agintaldiaren lehen erdia horretara bideratu beharko genuela”. Aldundiak iragarritako murrizketaren eraginez, uste du bigarren zatian ere ez dutela ezer handirik egiteko aukerarik izango. “Pena da, gazteak sartu lanerako gogoz, eta justu-justu irautea tokatuko zaigu”.

AIZPEA OTAEGI

Errenteriako alkatea (EH Bildu)

“Hau ez da parentesi bat, hasieran hala hartu bagenuen ere”

Pandemiak agintaldi osoa jarriko duela hankaz gora uste du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak (EH Bildu); hau da, 2020ko aurrekontuari ez ezik, hurrengo urteetakoei ere eragingo diela. “Orain tokatzen da berriz ere agintaldi plana hartu, eta 2020ko aurrekontua nahiz agintaldiko plana berrantolatzea, eta lehentasunak markatzeko ariketa oso serio bat egitea. Hau ez da parentesi bat, hasieran hala hartu bagenuen ere”. Argi du proiektu batzuk hurrengo urteetarako utzi beharko dituztela, baina, “ondo aztertu arte”, nahiago du proiektu horiek zein izan daitezkeen ez zehaztea. Zorpetzeko aukera ere ez du baztertzen. “Horren inguruan hausnartu beharko dugu: zenbateraino zorpetu, nola zorpetu… Zorpetzeko testuinguruak hauek dira”. Berez, 55,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuen udalak 2020rako, eta horietatik 27 milioi foru funtsetik jaso behar zituen; hau da, aurrekontuaren erdia ia. Murrizketaren eraginez, 5,7 milioi gutxiago izango ditu. “Dezenteko puska da”.

Ez da hori izango jasango duen murrizketa bakarra, ematerik izan ez duten zerbitzuengatik eta tasengatik ere uste baino gutxiago jasoko baitu udalak; aldiz, gastuetan gorakada izango da. “Pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko onartu dugun talka planak hiru milioiko aurrekontua du, eta urteko aurrekontuan egindako orrazketa batetik aterako dugu diru hori. Gizarte zerbitzuetan gastua handitu egingo dela ere argi dago”. Laguntza jakin batzuen eskaera, esaterako, sei aldiz handitu da apirilean. Internetik eta ordenagailurik ez zuten ikasleei baliabide horiek eskaintzeko egindako gastua ere ez zuten aurreikusten, eta horretarako ere jarri dute dirua.

Otaegiren esanetan, sortzen ari diren premiak identifikatzen eta behar horiei ahalik eta azkarrena erantzuten ari dira udalak. “Kontziente gara momentu zailak datozela eta erabaki zailak hartu beharko ditugula, baina nahiko genuke erabaki horien parte izan”. Hain zuzen, aldundiaren jokabidea gaitzetsi du Errenteriako alkateak. Azaldu du pandemia egoera honetan bilera bakarra egin dutela udalek eta diputazioak. Apirilaren 2an izan zen, eta orduan jakin zuten diru sarreretan %20-%25eko jaitsiera izatea aurreikusten zuela diputazioak. Espero zuten, beraz, udalek ere urte hasieran iragarri baino diru gutxiago jasotzea. Ez, ordea, aldundiak jokatu duen bezala jokatzea. Otaegik azaldu duenez, hedabideen bidez izan dute Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murrizteko erabakiaren berri. “Kogobernantzaz hainbeste hitz egiten den honetan, ez da bidezkoa aldundiak aldebakarrez halako erabakiak hartzea”.

Baina, batik bat, murrizketa aplikatzeko modua gaitzetsi du. Hiruhilean behin jasotzen dute udalek funtseko dirua; otsailean, hasiera batean kalkulatutako dirua jaso zuten; baina hemendik aurrerako ordainketetan, %20 gutxiago jasoko dute, eta lehen hiruhilekoari dagokion murrizketa ere egingo zaie. “Foru arauak jasotzen du aurreikusitako dirua banatu egingo dela; alegia, aldundiak dagokiona banatuko diola udal bakoitzari, eta urte amaieran likidazioa egingo dela, udalek itzuli egingo diotela zati hori”. Orain arte hala egin izan dela azaldu du. “Sekula ez da gertatu dirua ez banatzea. Dirua itzuli behar izatea aurreikusten genuen, baina inola ere ez diru hori ez jasotzea”.

Araban eta Bizkaian ere ez dela horrela jokatu azaldu du, ezta presa horrekin ere. “Ez dagoelako halako presarik. Nahiko nuke diputazioak erabaki hori atzera botatzea eta elkarlanerako prozesu bat abiatzea”.

MAITE ARANA

Larraulgo alkatea (PSE-EE)

“Plan batzuk birplanteatu egin beharko ditugu”

Herri txikietan, ustekabeko edozein gertaerak aurrekontua berregituratzeko premia eragiten duela kontatu du Maite Arana Larraulgo alkateak, diru sail guztiak azken zentimora arte egoten direlako doituta. Gerta daiteke luizi batek baserri bideren bat apurtzea, edo, orain gutxi gertatu zaien bezala, haurren parkeko lurra irekitzea, eta espero gabeko 20.000 euroko gastu bati aurre egin behar izatea. “Noski, ezin dugu beste urte baterako utzi gastu hori, haurrek behar dutelako parkea”.

Ezustean etorri da koronabirusaren pandemia ere, bai eta foru funtseko aurrekontua %20 murrizteko erabakia ere. Urte hasieran, 359.000 euroko aurrekontua onartu zuten Larraulen 2020rako, eta horietatik 255.000 euro inguruk etorri behar zuten Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik; hau da, aurrekontu osoaren %71k. 51.000 euro gutxiago jasoko dituzte orain. “Gastuak ahalik eta gehien murriztu beharko ditugu, eta plan batzuk birplanteatu egin beharko ditugu”.

Azaldu du langileei lotutako gastuak ez direla handiak, eta horiek ez dituztela ukituko. Asteotan itxia duten arren —etxez etxeko zerbitzua ari da ematen—, liburutegiari ere eutsi nahi diote. “Gurea bezalako herri batean, zerbitzu zabalagoa betetzen du: dinamizazio lana egiten du, ludotekarena…”. Eta hondakinen kudeaketagatik mankomunitateari ordaindu beharreko kopuruak ere hor jarraituko du.

Alabaina, Aranak baditu buruan aldundiaren erabakiari aurre egiteko ideia batzuk. Herritarren partaidetza bultzatzeko diru sail bat onartu zuten, eta jaso zituzten hainbat proposamen herritarren aldetik. “Hori geldituta dugu; ea aurrerago berreskuratu dezakegun proiektu horietakoren bat”. Ekomuseorako ere bazuten egitasmo bat, eta hori ere eten egin dute oraingoz. Horrez gain, udal inbentarioa egiteko kontratu bat egitekoak ziren, baina alde batera utzi dute. “Aurrekontua berregokitzen ari gara, 2021a ere buruan dugula”.

Baikor eta zuhur ikusten ditu herritarrak alkateak. Ostatu bat dago, eta horixe da herrian duten zerbitzu bakarra. Aurreko astelehenean ireki zuten. “Udaltzainik ez dugu kontrolatzeko, baina ez dugu izan inolako arazorik, jendea oso ondo ari da arauak betetzen”. Koronabirus kasurik izan ez duten herri gutxi horietako bat da Larraul, baina gaitzari aurre egiteko neurriak hartu dituzte han ere, eta gastuak handitzea ekarriko du horrek. Batetik, norbere burua babesteko ekipamenduak, gelak, maskarak eta halakoak erosi behar izan dituzte. Bestetik, hainbat laguntza lerro onartu dituzte, tartean kontziliazioa errazteko eta, erregulazio espedienteren baten mende, langabezian nahiz jarduera eten beharrean dauden autonomoei laguntzeko. “Neurri horietako batzuk orain ari gara hartzen, eta ez dugu zenbatuta zenbateko gastua eragingo duten”.

Oraingoz, zorpetzeko asmorik ez dutela azaldu du Aranak. “Beharrezkoa bada, akaso saiatu beharko dugu, baina oraingoz inbertsioak alde batera utzita ahaleginduko gara aurrera egiten. Eta, esan bezala, ea ez dugun bestelako ezustekorik, asko eragiten baitigute halakoek”.

ATSEGIN UZURIAGA

Elgoibarko Ogasun zinegotzia (EAJ)

“Gastuak zorrotz kontrolatu izan ditugu, eta hala egingo dugu”

Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiak ez ditu ezustean harrapatu Elgoibarren. “Lehen egunetik argi genuen murrizketa bat etorriko zela, seguru geunden. Eta pentsatzen dugu datorren urteak ere zailak izango direla, geratzeko etorri dela egoera hau”, azaldu du Atsegin Uzuriaga Ogasun zinegotziak. Ziurgabetasun handiko etorkizuna irudikatzen du, krisi gehienen ostean halakoa izaten delako giroa. Uzuriagak nabarmendu du egoera ekonomiko onean harrapatu duela pandemiak udala, kontuak saneatuta dituelako eta ez duelako zorrik. “Pentsatzen dut horrek lagunduko digula aurrera errazago egiten. Gastuak zorrotz kontrolatu izan ditugu, eta orain ere hala egingo dugu”.

18,7 milioi euro inguruko aurrekontua onartu zuten Elgoibarren urte hasieran, eta %40 inguruko portzentajea osatzen du funtsetik datorrenak. Orain, aldundiaren erabakiaren ondorioz, zenbaki horiek denak berriz aztertu beharko dituzte. “Ekonomiak aurrera jarraitzeko, beste modu batera diseinatu beharko ditugu aurrekontuak; oraingoak, eta agintaldi guztikoak”.

Atzeratu egingo dituzte zenbait proiektu. “Gelditu ez ditugu egingo; aurten ez bada, datorren urtean egingo ditugu”. Hirigintza arloan, esaterako, kiroldegia handitzeko obrak hasi zituzten aurreko urtean, eta, jarraituko duten arren, lanak ez dituzte aurten amaituko, datorren urtean baizik. Auzo batzuetan jarri nahi zituzten igogailuak ere aurreragorako utzi dituzte. “Beste inbertsio batzuei, ordea, eutsiko diegu; adibidez, dagoeneko hasita zeudenei. Herriaren mantenuarekin ere jarraitu egin behar da: kaleak, espaloiak…”.

Gastuek, oro har, gora egin dute, baina ez sail guztietan. “Kulturan, adibidez, jaiak ezingo dira egin, eta leku batetik murrizten duguna, zuzenean gizarte larrialdietarako, merkataritzaren eta ostalaritzaren sustapenerako eta herritarrei laguntzeko da, dudarik gabe”. Hain zuzen, Uzuriagak nabarmendu du pertsonak hartuko dituztela ardatz, “beti hala izaten da, baina orain are gehiago”. Azaldu du gizarte politiken saila hasiera-hasieratik indartu dutela, eta merkataritzari eta ostalaritzari laguntzea dela udalaren beste lehentasunetako bat. Enpresa indartsuak dituzte Elgoibarren. “Denetik dago: batzuek egoera ona dute, eta beste batzuek ez hain ona. Baina, momentuz, eusten ari dira, eta uste dut buelta emateko gai izango direla”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.