Unai Zubeldia
Gizarteko beste hainbat alorretan gertatu den moduan, konfinamendu egoerak gogor astindu du Euskal Herriko ikastolen aldeko jai eredua ere, baina, “errealitate zail horretan”, bat eginda aurrera egitea erabaki du Ikastolen Elkarteak: udazkenean egingo dituzte Herri Urrats (irailak 20), Kilometroak (urriak 4), Araba Euskaraz eta Ibilaldia (urriak 18) —Nafarroa Oinez hurrengo urtera atzeratu dute—. Kilometroen eredu berria martxan jarri berritan, hankaz gora gelditu da urte osorako plangintza. “Baina bete egingo dugu gizartearekin hartutako konpromisoa: Kilometroak jaia ospatzea”. Hala azaldu du Mikel Egibarrek, Kilometroen koordinatzaileak (Zizurkil, 1963).
Kilometroen eredu berriak bat egin du gizartearen errealitate berriarekin. Eguneroko zailari aurre egitea egokitu zaizue aurten. Nola ari zarete moldatzen?
Kasualitatea izan da dena. Gu aspaldi murgildu ginen jai eredu berri bat sortzeko eztabaidan, ikusten genuelako muga bat jarri behar zitzaiola masifikazioaren fenomeno horri; jaiak berak daukan funtsa berreskuratu beharra geneukan: aldarrikapena, misioa, komunitatea… Eta, aldaketa horretan, hara non iritsi zaigun koronabirusaren gaitza. Makrosistema honek izan dituen akatsak eta arazoak konpontzeak eredu berri bat ekarriko digu, agian, gizartean ere. Nolabaiteko sinkronia batean iritsi dira, beraz, gure eredu aldaketa eta gizartearena.
Ikastolen Elkarteak joan den astean baieztatu zuen udazkenean izango direla ikastolen aldeko jaiak. Bat eginda ari zarete aurre egiten krisi giroari, ezta?
Zalantzarik gabe. Bost jai gara, baina proiektu nazional bakarra. Koordinatuta antolatzen ditugu ikastolen mugimenduaren jaiak. Zail samarra izan da guztiak egutegian kokatzeko eztabaida, baina guztion artean erabaki dugu udazken honetan udaberri berri bat sortzea euskararen eta euskal hezkuntzaren alde. Jaiek duten alaitasun kutsu hori udazkenera eramatea erabaki dugu, bost jaiak bizpahiru hilabeteko tartean kokatzea oso zaila zela jakinda ere. Irailaren 20an izango da Herri Urrats, urriaren 4an Kilometroak, eta, urriaren 20an Nafarroa Oinez-en tokia hartuko dute Ibilaldiak eta Araba Euskaraz-ek. Nafarroa Oinez-en kasuan, udako jaiak bertan behera geldituta eta, bereziki, sanferminak galduta, aurtengo jaia hurrengo urtera pasatzea erabaki dute azkenean.
Zuen kasuan, zer egitura izango du urriaren 4ko jaiak?
Oraintxe, zaila da galdera horri erantzutea, baina gogoeta bat dago oinarrian: hutsune komunitario eta sozial bat sortu da konfinamenduaren ondorioz; gure herriko plazak hustu egin dira, bai fisikoki eta bai metaforikoki, eta orain ahalegin bat egin behar dugu komunitate hori berriz gorpuzteko eta indartzeko. Euskal Herriaren gisako estaturik gabeko nazioetan gutxituak diren kulturak eta hizkuntzak izaten dira galtzaile, eta ahalegin bikoitza egin beharra daukagu aurrera egiteko. Kalera ateratzea eta komunitatea sendotzea izango da gure jaien funtzioetako bat. Parte hartzaileak izan behar dute jaiek; ez dugu mugatu behar kultura kontsumitzera. Horrez gain, ikastolen aldeko mugimendutik ere plazak eskaini nahi ditugu kaltetuta dagoen kulturaren sektoreari aukera bat emateko; mikro ikuspuntu horretatik betiere, eta ez makro jai ereduen bidetik. Eredu komunitarioa, hurbilekoa eta txikia da gure erronka.
Kilometroen testuinguruan, Milimetroak jaiak ere antolatuta zeneuzkaten, tokian tokiko ekitaldi txikiak, baina bidean gelditu dira horietako batzuk ere…
Martxoaren 14an iritsi zen konfinamendua, eta hurrengo astean ginen egitekoak Tolosaldeko eta Oiartzualdeko Milimetroak jaiak; prestatuta zegoen dena, baita kartelak ere, baina, konfinamenduaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan genuen dena. Ikastolen artean prestaketa lanerako izugarrizko dinamika polita sortu da, ordea, eta praktikara eraman dugu Kilometroak Gipuzkoako ikastola guztien jaia den ideia hori. Sormen handiko ekintzak asmatu ditugu, eta frustragarria da hori guztia karpeta batean gorde behar izatea, baina karpeta batean dago. Ziurrenik, hurrengo urteko Kilometroen plangintzan jarriko dugu praktikan prest geneukan hori, Ibarran. Hori bai, urriaren 4an erabiliko dugu Milimetroen ekintzetako bat: Euskara Jolas egitasmoa. Gazteen artean, jolasen bidez, euskararen erabilera sustatzeko ekintza praktiko eta ludiko bat dago oinarrian.
Bideokliparen proiektua ere bidean gelditu da oraingoz, baina ostiral honetan aurkeztuko duzue Kilometroetako kantua. Zer aurreratu daiteke?
Kilometroen antolakuntzan bi mugarri izaten dira urtero: aurkezpena, batetik, azaroan egin genuena, eta abestiaren eta bideokliparen aurkezpena, bestetik. Normalean ez bezala, bi zatitan aurkeztuko ditugu aurten: ostiralean [gaur], abestia aurkeztuko dugu, 12:00etan, online, eta irailean iritsiko da bideoklipa. Abestiari dagokionez, eskerrak eman beharrean gaude Xabier Zubeldiari, musikagatik, eta Amaia Agirreri, hitzengatik. Korri, Punpa, Ttak leloak isla zuzena izango du. Behin aurkezpena eginda, larunbatean, eguerdi partean, Kilometroen hiru guneetan jarriko dugu abestia, Villabonan, Amasan eta Zizurkilen, megafonia bidez.
Bideokliparekin gertatu bezala, atzeratu egin behar izan duzue Euskal Herriko ikastolen aldeko Tanta zozketaren eguna ere, ezta? Ekainean zineten egitekoak, baina urriaren 21ean egingo duzue azkenean.
Bi atal ditu Kilometroak dinamikak: mezua, gizarte lana, balioak… batetik, eta arlo ekonomikoa bestetik, eta aurten kinka larrian dago arlo ekonomiko hori, gu ez baikara salbuespena. Baina zuhurtasunez eta errespetuz jokatu behar dugu, gure behar ekonomikoak ezin direlako kokatu gizartearen behar ekonomikoen gainetik. Arropa denda fisikoa, adibidez, horregatik ez dugu zabaldu oraindik, nahiz eta eskura dagoen online denda. Baina, era berean, aurre egin behar zaio jaia ospatzeko hartu dugun konpromisoari, eta horregatik eutsi nahi diegu diru iturri batzuei; Tanta zozketari, tartean. Komunitatea berreskuratu behar dugu ezinbestean, hezkuntza proiektua bera eta arlo ludikoa.
Egungo egoeran, zer mezu bidaliko zenieke herritarrei?
Bizi dugun egoeran, zalantzarik gabe, bizitza da momentu honetako hitza, eta, zentzu horretan, oso bizirik dago Kilometroak jaia. Bide horretan ari gara lanean, eta urriaren 4an egin egingo dugu Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia.
Leave a Reply