Miren Garate
Ekainaren 25ean urte bat beteko da Gipuzkoako epaitegietako eta ertzain etxeetako garbitzaileek bederatzi hilabeteko greba bertan behera utzi zutenetik. Garbialdi enpresak kudeatzen du zerbitzu hori, eta langileen eta enpresaren arteko akordioarekin amaitu zen protesta. Bi aldarrikapen nagusi zituzten langileek: kale garbitzaileekiko —gehienak gizonak— zuten soldata arrakala desagertzea eta ordura arte jasotzen ez zuten plus bat kobratzea, baldintza toxikoetan eta lan nekagarrietan aritzen direlako. Soldata arrakala %70 murriztuko zela adostu zuten akordioan, eta eskatutako plusa ordaintzea ere onartu zuen enpresak, 2020ko urtarriletik aurrera. Hitzartutakoa betetzen ari dela dio Garbialdik; langileek, aldiz, oraindik ez dutela plus horri dagokion “zentimorik ere” kobratu diote. Azaldu dutenez, egoera publiko egiten hasi direnean jaso dute enpresaren deia, ordainduko diela esanez. “Kobratu arte ez dugu sinetsiko”.
70 langile inguru aritzen dira epaitegiak eta ertzain etxeak garbitzen Gipuzkoan, eta horietako bi dira Nekane Zabala eta Olatz Iruretagoiena. “Amorratuta” daudela kontatu dute. “Legez tokatzen zaigun zerbait ari gara eskatzen, ez besterik. Lana gaizki eginez gero, ondorioak izaten ditugu guk. Eta hitzarmena ez betetzeak ez du ondoriorik enpresarentzat?”, esan du Iruretagoienak. Zabalak, berriz, nabarmendu du “nekagarria” dela une oro “demostratzen” aritu beharra. “Ondo kostata lortu genuen lortu genuena, eta berriro ere plus hori merezi dugula demostratzen ibili beharra… Baina emakumeoi hauxe tokatzen zaigu. Kale garbitzaileek ez dute esplikazioak ematen aritu beharrik izaten”.
Hitzarmenean jaso zutenez, atxilotuen ziegak eta haien joan-etorrietarako erabilitako ibilgailuak garbitzeagatik jasoko dute langileek toxikotasun plusa, eta %20koa izango da. Hau da, gune horiek garbitzen igarotako denbora apuntatu egin behar dute langileek, eta ordu horiek %20 gehiago kobratuko dituzte. Kobratu ez arren, lehendik ere apuntatzen zituzten ordu horiek.
Langileek azaldu dutenez, zeregin desatsegina da kalabozoak eta ibilgailu horiek garbitzea. “Ez dago leihorik, eta usaina egoten da; atxilotuek gaixotasunak izaten dituzte askotan; noiznahi tokatzen da karkaxa, gonbitoak, kaka edo pixa egotea…”. Grebak iraun zuen bitartean, tinko heldu zioten plus horren eskaerari. “Kalabozo bat garbitzea ez da beste edozer garbitzea. Aurrerapauso bat lortu genuen lanpostuan, baina, sinatuta eduki arren, ez gara kobratzen ari”. Hilabetez hilabete beren nominetan aldaketarik ez zegoela ikusita, arduradunarengana jo zuten langileek. “Esan zigun emango ziola abisua nominak egiten dituenari, baina ez genuen erantzunik jasotzen. Gure egoera publiko egin genuela jakindakoan, asteazken gauean deitu zigun enpresak, ordainduko zigula esanez. Mugitu ez badina, ez genuen lortuko”.
Grebaren ondorenak
Oraindik ere ondo gogoan dituzte greban igarotako hilabeteak. “Oso gogorra izan zen: eguna joan eta eguna etorri, oraintxe Zarautzera, oraintxe Eibarrera… Eta, mobilizazioren batean geundela, igual dei bat jasotzen genuen, atxilotu bat zegoela eta garbitzera etorri behar genuela esanez. Gutxieneko zerbitzuetan sartzen zen, eta etorri egiten ginen. Lana galtzeko arriskua ere hor zegoen”, azaldu du Iruretagoienak. Behin baino gehiagotan, jendearen begietara “txiki” ere sentitu zirela kontatu dute, kale garbitzaileekiko arrakalarik ez egotea eskatzen zutela esandakoan gutxietsi egiten zituztelako, batzuen eta besteen lana konparatzerik ez zegoela adieraziz.
Epaitegietako eta ertzain etxeetako garbitzaileek ez zuten eskatzen soldata osoa berdintzeko, soldataren oinarria baizik, kale garbitzaileek kanpoan lan egiteagatik eta abar beste plus batzuk ere badituztelako. “Jendeari kostatu egiten zaio ulertzea guk ere produktu industrialekin lan egiten dugula, bizkarreko minez fisioterapeutarengana joan behar izaten dugula eta pertsonen kaka garbitzen dugula. Gure lana gogorragoa denik ez dugu esango, baina parekoa bai”, esan du Zabalak.
Haren esanetan, Jaurlaritzak ertzain etxean jarritako ohar bat ikusi zutenean hasi ziren konturatzen merezi zutela diru sari hori kobratzea. “Tuberkulosiaren eta sarnaren aurka hartu beharreko neurriei buruzkoa zen oharra. Pentsatu genuen: ertzainek neurriak hartu behar dituzte eta guk ez?”. Azaldu dute joan-etorri handia egoten dela garbitzen dituzten azpiegituretan, eta garbitzaileek ez dutela jakiten pertsona horiek gaixotasunen bat duten, besteak beste, datuen babeserako legeagatik. “Esaten digute ez dugula kontaktu fisikorik atxilotuekin, baina haiek erabiltzen dituzten mantak jaso behar ditugu, haiek erabiltzen dituzten komunak eta ziegak garbitu…”.
COVID-19aren eraginez, garbiketa zorroztu egin da ertzain etxeetan eta epaitegietan ere. Gaixotutako ertzainen eta atxilotuen kasuak ere izan dituzte. Hala ere, langileek ez dute arrisku plusa eskatzeko urratsik egin. “Lortu genuena kobratu ezinda gabiltza eta! Oso zaila da zerbait lortzea. Greba egin aurretik, 11 urte generamatzan inolako igoerarik gabe”.
Protesta hura gogorra egin zitzaien arren, bi langileek nabarmendu dute izan zituela alde positiboak ere. Besteak beste, parekidetasun faltarekiko kontzientziazio handiagoa hartzen lagundu ziela aipatu dute. “Garbitzaileok leku guztietan gaude, eta gure lanaren atzean politikariak daude. Berdintasunaren alde daudela esaten dute denek, baina gure lan baldintzetan ez da horrelakorik ikusten”. Bat egitea izan da lortu duten beste gauzetako bat. “Lehen, bakoitza bere zokoan egoten ginen, isilik, baina orain talde bat gara. Whatsappeko talde bat ere sortu genuen, eta, edozer gauza dela, elkarri kontatzen diogu. Ez dugu ezertan amore emango”.
Egoerari buruz galdetuta, enpresako ordezkariek Hitza-ri esan diote adostutakoa betetzen ari direla. “Guk hitzarmenean sinatutakoa betetzen dugu %100ean. Ez dugu ulertzen langileek salaketa hori eginez komunikabideetara jotzea. Arazoren bat badago, eta ordaintzen ez badugu, zergatik ez dira Lan Ikuskaritzara joan?”. Esan dute ez dakitela nondik nora datorren langileen salaketa. Horrez gain, gaineratu dute bezeroek ere ez dietela ezer esan. “Normalean, arazoren bat dagoenean, aurrena bezeroarengana joaten dira langileak. Bezeroen kexarik ere ez dugu jaso”.
Material faltaz kexu
Hitzartu zuten plusa ordaintzea da langileen aldarrikapen nagusia gaur-gaurkoz. Alabaina, horrez gain, badute beste eskaera bat ere: materiala eskatzen diote enpresari, lanean ari direnean beren burua babestu ahal izateko. Izan ere, orain arte ertzainek utzitakoarekin aritu behar izan dutela diote. “Eta uste dugu enpresaren ardura izan behar dela guri materiala ematea”. Kutsatu ote diren jakiteko testik ez diete egin garbitzaileei; bai, ordea, ertzainei.
ELAk salaketa jarri zuen Garbialdiren aurka, eta Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio sindikatuari. Esan du ziegak eta autoak garbitzen dituzten langileek kaña luzeko eskularruak, maskara kirurgikoa edo FFP2 motako maskara, armazoi osoko betaurreko integralak eta buzoa edo mantala erabili behar dituztela, eta enpresak berak jakinarazi beharko diola bezeroari kasuren batean ezin bada garbiketarik egin norbere burua babesteko ekipamenduen faltagatik. “Niri, adibidez, etxez etxe ibili diren medikuen ibilgailuak garbitzea tokatu zait, eta enpresak erabili eta botatzeko lau buzo bakarrik eman dizkit, beraiei ere ez omen zitzaizkielako iristen. Ertzainek ematen zizkidaten”, adierazi du Iruretagoienak.
Ozono makinak ekarri dizkiete ibilgailuak garbitzeko. “Eguerdirako buruko minez amaitzen dut makina horrekin. Beste lankide batzuek, berriz, goragalea izaten dutela esan dute”. Pandemiaren hedapena eragozteko, garbiketan lana bikoiztu egin zaiela azaldu dute langileek, badaezpada ere lehen baino sakonago garbitu behar izaten dituztelako gune guztiak. Ozono makinaz gain, bestelako produktu berri batzuk ere erabiltzen dituzte garbiketan. “Atzean agertzen dira jarraibideak, baina niri gustatuko zitzaidakeen norbait etorri izana produktu horiek nola erabili azaltzera, produktu fuerteak baitira. Ez gara lasai ari lanean”.
Garbitzaileek gogoan izan dituzte lan gatazkak izan dituzten beste sektore batzuetako emakumeak ere. “Begira COVID-19arekin zer gertatu den zahar etxeetan, eta inork esan al du egoitzetan gatazka bat dagoenik? Ez gaude berdinduta gure mailako lana egiten duten gizonekin”.
Leave a Reply