Miren Garate
Norbaiti jolas parkea hitza esanda zer irudi datorkion burura galdetuz gero, honako hau izan daiteke ohiko deskribapen bat: patio gisako gune bat; erdian txirristak, zabuak eta beste zenbait elementu hori, gorri, laranja, berde nahiz urdinak; inguruan zenbait eserleku; zoru biguna, eta material aldetik plastikoa nagusi. Hizketagai izan dira azkenaldian, alarma egoera bertan behera utzi arte itxita egon direlako. Alabaina, COVID-19a aparte utzita ere, badago haien inguruko gogoeta bat, eta gero eta gehiago dira bestelako eredu batzuk oinarri hartuta diseinatutako parkeak.
Herri eta auzoetan gehien ikusten diren parke horiei partxis parkeak ere esaten diete adituek. “Badirudi ezin dutela beste kolore batekoak izan. Parke horiek, batik bat, kontrolari begira egoten dira diseinatuta: eserlekuak erdigunera begira, haurrak erdian guztiz kontrolatuta, eta gurasoak zelatari lanetan”, esan du Txusma Azkona Plisti Plasta jolas gune eta familia guneko kideak. Haren iritziz, haurren beharrak baino gehiago, gurasoenak hartzen dituzte kontuan. “Haurrek behar dutena da beste jolas batzuk sortzeko aukera, ezkutatzeko aukera, aldapak…”. Parkeek, lehenik eta behin, sormena lantzeko bidea eman behar dutela uste du: “Ditugun parkeak oso itxiak dira alde horretatik: zabura norbaitek igo behar zaitu eta norbaitek bultza egin behar dizu; txirristetan igo eta jaitsi ibil zaitezke, baina ez dute beste aukerarik ematen”.
Bat dator Koldo Telleria EHUko Arkitektura Eskolako irakasle eta Dunak arkitektu taldeko kidea ere. “Haurrekin tailerrak-eta egiten ditugunean, batik bat ikusten duguna da haurrek askatasun handiagoa nahi dutela, jolas sozialagoak eta material ezberdinak: ura, harea, lokatza, landareak, animaliak…”. Herritarren partaidetza bermatzen duten proiektu eta eraldaketak egiten ditu Dunak taldeak, eta ikuspegi ekofeminista txertatzen dute beren lanetan. “Parkeei ere ikuspegi holistikoago batetik begiratzen saiatzen gara, erabiltzaile izango diren horiekin lan eginez”.
Azkonak nahiz Telleriak azaldu dutenez, neurri batean ikastetxeetako patioetan gertatzen zenak jarri du mahai gainean jolaserako guneak aldatzeko premiaren gaia. Horiek, gehienetan, futbol zelai bat edo saskibaloi kantxa bat izaten dute erdigunean. “Mutil batzuk aritu ohi dira jolasean, nahiko oldarkor, eta inguruan 150 ume egoten dira beldurtuta balioak noiz joko. Haien jolasak askoz eskala txikiagokoak izaten dira, diskretuagoak, eta bigarren maila batean geratzen dira. Kirol zelaien hierarkia hori hautsi behar da”, esan du Telleriak. Azkonaren esanetan ere, espazioan bertan esku hartzea beharrezkoa da benetako eragina eduki nahi izanez gero. “Ikastetxeetan, tarteko erabaki batzuk ere hartzen ziren hasieran bazterketa horiek saihesteko; adibidez, egun jakin batzuetan futbolean beharrean beste zerbaitetan jolastea; baina horrek ere tentsioak sortzen zituen, eta ikusi zen ezinbestekoa zela espazioan eragitea”.
Horrez gain, aipatu du naturari garrantzia eman nahia izan dela parkeetan ikusten den aldaketaren beste arrazoietako bat. Indarra hartzen ari dira plastikoaren ordez material naturalak erabiltzen dituztenak. “Herrietan ere, partaidetza prozesuen ondotik, ikusten dugu guraso taldeek bultzatu egiten dutela betiko parke horiek zokoratzea; izan ere, ikusten dute parke horietan sortzen diren harremanak ez direla egokienak”.
Telleriak kontatu duenez, esku artean parke baten proiektua dutenean, zenbait irizpideri garrantzi berezia ematen diete. “Zaintza lanei begirune handia izaten saiatzen gara, umeek zaintza behar dutelako, eta umeentzako jolastoki den gune hori nolabait beste batzuentzat lantoki delako”. Belaunaldien arteko nahasketa bultzatzen ere ahalegintzen dira. “Gaur egungo jokoek homologazio bat behar izaten dute: gune batean 3 eta 8 urte arteko umeak, bestean 8 eta 12 urte artekoak… Hiria zatitu egin dugu, eta ez zaigu egokia iruditzen”. Belaunaldien arteko nahasketa hori bultzatzeko zenbait modu egon daitezkeela azaldu du Telleriak. “Andoainen egin genuen parkean, adibidez, esertzeko 170 leku jarri genituen. Eserleku horietako batzuk erdi ezkutuan daude, eta nerabeak egoten dira askotan, beste batzuei eguzkiak bete-betean jotzen die, beste batzuk itzalean daude…”.
Haren esanetan, jolaserako aukerak ez luke parkeetara mugatu behar. “Jolasteko parkeak baino gehiago, herri eta hiri jolasgarriak eta zaingarriak behar ditugu, haurrak eta 80 urteko herritarrak elkarren ondoan egoteko aukera ematen dutenak”. Horri lotuta, gogoratu du konfinamenduaren osteko lehen egunetan, inoiz baino ume gehiago ibili dela kalean, eta parkeak itxita egon arren, haurrek erakutsi dutela inguruan kotxerik ez dagoenean eta arrisku gutxiago sumatzen dutenean, gai direla jolasak beren kasa asmatzeko. Petrilak, zuhaitzak eta bestelako elementuak bihurtu dituzte jolaserako leku.
Arrisku beharra
Segurtasuna izaten da gurasoen kezketako bat. Alabaina, Azkonak nabarmendu du ez dagoela segurtasun osorik: “Ezinezkoa izateaz gain, txarra da; jakin egin behar dugu istripu txikiekin moldatzen”. Kontatu du Norvegian, adibidez, kalitate ezaugarritzat hartzen dutela arrisku puntu bat izatea; hau da, altuera pixka bat, salto egiteko aukera, ezkutatzeko aukera eta abar izatea. “Horregatik, enborrak-eta jartzen dituzte parkeetan”.
Plisti Plastako kideak ohiko parkeetako zoruaren adibidea ere jarri du, eta segurtasun faltsu bat bultzatzen dutela esan du. “Zoru horietan erortzen direnean, hasieran ez dute minik hartzen; ondorioz, beren gorputza ez dute prestatzen erorketetarako. Hala, hortik ateratzen direnean, min handiagoa hartzen dute eroritakoan. Gainera, ez da ahaztu behar material hori gurpil birziklatua dela, eta minbizi eragilea dela”.
Zorua ez ezik, sabaia ere gero eta parke gehiagok izaten dute, herri askotan ari baitira parke batzuk estaltzen euria egiten duenerako. “Baina haurrak ez dira eferbeszenteak. Badirudi pixka bat bustiz gero zerbait larria gertatuko zaiela”. Halako gauzak ere zalantzan jarri behar direla esan du. “Ikusi behar dugu zer aukera sortzen dituen euriak, zer gustura egiten duten salto putzuetan, zer gustura ibiltzen diren lokatzarekin jolasean. Hori da haurtzaroa, esperimentatzeko aukera izatea”.
Lasarte-Orian, udalak umeen joko batzuk estaltzeko eskatu zien Dunak taldekoei. Alabaina, Telleriak kontatu duenez, beste erabaki bat hartu zuten azkenean: “Azterketa bat egin genuen, eta ikusi genuen joko fisikoak zeudela gehienbat, hirietan hala izaten da. Baina joko intelektualak, sozialak eta rol jolasak ere beharrezkoak dira umeentzat”. Azkenean, estalpe bat egin zuten mahai batzuekin eta bankuekin, beste era batera jolasteko mahai jokoetan eta abar.
COVID-19a tarteko kanpo espazioei garrantzi handiagoa ematen zaienez, aurrerantzean ere parkeen inguruko “hausnarketa handiagoak eta sakonagoak” izango direla uste du Azkonak. “Gainera, gurasoak konturatzen dira bestelako parke horietan beste jolas mota batzuk sortzen direla, partaidetza handiagoa izaten dela haurren artean, eta gatazkak ere arindu egiten direla. Eta, azkenean, gurasoak ere lasaiago egoten dira”. Ados dago Telleria ere. “Kolore askoko parke horietan tentsioa egoten da denbora guztian. Aipatu dudan Andoaingo parke horretan, berriz, jende pila bat egon arren, beste lasaitasun bat nabaritzen da”.
Leave a Reply