Miren Garate
Donejakue bidea egiten ari diren bi erromes dira Kim Nam-joon Donostian bizi den korearra eta Julio Bravo madrildarra. Bidera atera diren gutxi horietako bi. Horretarako ere, urte berezia baita aurtengoa. Batetik, zailago bihurtu da erromesaldia, aterpetxe publikoak itxita daudenez, ostatuak bilatzeko lana ere batu zaielako eguneroko kilometroei. Bidean edo aterpetxeetan aurkitutako jendearekin izan ohi diren hartu-emanak ere ez dira hain naturalak, koronabirusagatik elkarrengana gerturatzeko mesfidantza handiagoa dagoelako. Bestetik, ordea, “benetakoagoa” ere bihurtu da. Ez dago beste urteetan adinako erromes olderik, eta horrek kilometro asko bakarrik egitera behartzen ditu ibiltariak, beren baitara biltzera. “Lehengo Donejakue bidearen antz handiagoa du;uste dut bereziki polita dela aurten egitea”, esan du Bravok.
Berez, iaz zen egitekoa, baina haustura batengatik ezin izan zuen. COVID-19ak gogogabetu ditu asko aurten, baina Bravori ez zion halako beldurrik eragiten gaitzak, martxoan pasatu zuelako. “Ezin da esan guztiz salbu nagoenik, baina bai lasaiago”. Gainera, aldaka batean arazoak ditu, eta protesi bat jartzekotan da. “Esan nuen: irekitakoan, banoa. Ekainaren amaieran ikusi nuen bazeudela Irunerako txartelak, eta ekainaren 28an abiatu nintzen. Lehenbailehen egin nahi nuen”. Kostaldeko bidea aukeratu du. Gipuzkoan, besteak beste, Irundik, Donostiatik, Zarauztik eta Debatik pasatzen da bide hori. “Lehen bost etapetan, hiru erromes bakarrik ikusi nituen: frantziar bat eta bi herbeheretar”.
Aurrez ere bi aldiz dauka eginda Donejakue bidea, baina beste ibilbide batzuetatik. Frantses bidean, adibidez, Sarriatik (Galizia) aurrerakoa “festa hutsa” izaten dela kontatu du, eta jokabide desegokiak ere ohikoak izaten direla. “Autobusetan joaten da jendea, motxilarik gabe… Behin kargu hartu nion gazte talde bati: reggaeton musika topera jarrita zihoazen. Nik ez dut bidea erlijio arrazoiengatik egiten, baina ez zait logikoa iruditzen horrela ibiltzea”. Alde horretatik, aurtengoa urte aproposa iruditzen zitzaion erromesaldirako.
Jendeak traba handirik ez dio egin Kimi ere. “Bi aste egin ditut, eta ez dut beste erromesik ikusi. Egia esan, nik aukeratu dudan bidea ez da ezagunena, eta beharbada horregatik ez nuen inorekin topo egingo”. Irunen abiatu zen hura ere, baina barrualdeko bidea egiteko asmoz. Hernanin pasatu zuen aurreneko gaua, hurrengoa Bidanian, eta, Goierritik barrena, San Adriango tunelera iritsi zen; Araban, Agurain, Gasteiz eta Argantzon zeharkatu zituen, eta Burgosera (Espainia) sartu zen. Min hartu eta etxera itzuli da aste honetan, Donostiara, baina osasunak laguntzen badio, datorren astean berriz ere utzitako tokian helduko dio ibilbideari. “Esperientzia oso polita da: jende berria ezagutu dut, eta paisaia izugarri ederrak ikusi ditut. Gogo handia dut itzultzeko”.
Herrietan, harritu ere egin dira batzuk hura ikusita, eta ez aurtengo erromes bakarrenetakoa zelako soilik, baita euskaraz hitz egiten duelako ere. “Zortzi hilabete daramatzat Donostian bizitzen. Institutu batean lan egiten dut, eta klaustro osoak euskaraz hitz egiten du bileretan. Plazer handiz ikasi dut”. Konfinamenduaren ostean, mugitzeko eta kanpoan ibiltzeko beharra sentitzen zuela kontatu du, eta horregatik animatu zela Donejakue bidea egitera. “Oinez ibiltzeak pentsatzeko denbora asko eman dit, ia meditazio modu bat dela esango nuke, oso aberasgarria. Beste urteekin alderatuta, erabat desberdina da aurtengo esperientzia, eta guztiak animatuko jendea bidea egitera”. Onartu du gogorra ere badela tarteka, etapak luzeak direlako. “Normalean, egun bakoitzean hogei kilometro inguru egiten dira, baina nik gehiago ere egiten nituen; egun batzuetan, 45 ere bai”.
Eliza azpietan, frontoietan…
Bideko aterpetxe publikoak itxita egon arren, horrek ez dio bidaia garestitu Kimi. Izan ere, lotarako zakua atera, eta eliza azpietan, frontoietan eta abarretan egin du lo. “Goierrin egin nuen salbuespena. Santa Marina ermitaren inguruan, familia batek kudeatzen zuen hotel bat zegoen mendixka batean; izugarrizko bistak ditu, eta han geratu behar nuela pentsatu nuen”. Pasadizo ugari ditu. Esate baterako, bat baino gehiago hurbildu zaizkio lotarako lekua eskaintzera. Bidanian, alkatea ezagutu zuen. “Kiroldegia eskaini zidan, eta onartu egin nion. Primeran egin nuen lo”. Gau guztiak, ordea, ez ziren horrelakoak izan. “San Adriango tunelean pasatu nahi nuen beste gau bat, baina inguruan behi batzuk marruka ari ziren etengabe, eta ermita txiki baten azpira joan behar izan nuen”. Hotza ere pasatu duela kontatu du, batik bat, bere burua garbitzerakoan, errekak eta iturriak erabili baititu horretarako.
Propio erabaki du bidaia horrela planteatzea Kimek, baina nahi gabe horrela dabiltzanen istorioak ere entzun ditu Bravok. “Aterpetxe batean kontatu zidaten gazte batek Deban ez zuela lotarako lekurik aurkitu. Taberna batean egon zen gauerdira arte futbol partida bat ikusten, eta gero txoko batera joan eta lo egiten saiatu zen, baina egiten zuen hotzarekin ezin izan zuen, eta batere lorik egin gabe hasi behar izan zuen hurrengo etapa egiten”. Kasualitatez, handik pare bat egunera, ezagutu egin zuen gazte hori, beste aterpetxe batean.
Hain zuzen ere, Bravoren esanetan, lotarako lekua aurkitzea da aurtengo zailtasun nagusietako bat. Irunen, pentsio batean egin zuen lo. “Han, lotarako leku asko daude, eta ez zen hain zaila izan aurkitzea. Zarautzen, berriz, ostatu bateko jabeak esan zidan hiruzpalau egunean egonez gero irekiko zidala, baina bestela ez zitzaiola interesatzen. Deban, 70-80 euroan daude logelak, eta kontuan hartuta 30 egun egingo ditugula etxetik kanpo, ezin dugu hainbeste ordaindu”. Galiziara gerturatzen ari da Bravo, eta kontatu du, bidean aurrera egin ahala, aterpetxe gehiago daudela irekita.
Sasoi guztirako itxita
Datozen asteotan Gipuzkoatik pasatzen diren erromesek, ordea, antzeko arazoak izango dituzte. “Aste honetan jarri dugu aurten ez dugula irekiko dioen kartela”, kontatu du Felix Estebez Irungo aterpetxeko boluntarioetako batek. Osasun egoera medio, edukiera erdira murriztu behar dute irekitzekotan, eta hori izan da aterpetxe gehienentzat itxita mantentzea erabakitzeko arrazoietako bat, txikiak baitira Gipuzkoakoak. Beste bat, berriz, erromesei harrera egiteaz arduratu ohi direnen adina. “Erabaki zaila izan da, ilusio handiz aritzen gara guztia prestatzen, gustuko dugu jendea hartzea. Baina ezin genuen arriskurik hartu”. Erromesek emandako diruarekin mantentzen dute aterpetxea Irunen, eta boluntarioak arduratzen dira itxita dagoen bitartean garbitzeaz, udan harrera egiten egongo diren pertsonen egutegiak antolatzeaz eta bestelako zereginez. “Erdi Aroan bezala funtzionatzen dugu. Donejakue bidearen egiaztagiria ematen diegu erromesei, erabili eta botatzeko izarak, burukoarentzako estalki bat, eta gosaria. Eta bakoitzak nahi duena botatzen du”.
Martxoaren 1etik urriaren 1era izan ohi dute irekita; betiko datan zabaldu zuten aurten ere, baina egun gutxira itxi zuten. “Aldi baterako izango zela uste genuen, baina ikusi dugu birusa ez dela joan, eta sasoi guztirako ixtea erabaki dugu”. 60 ohe dituzte, eta ohiko urte batean, beteta izango zen aterpetxea egunotan. “Aste Santuan hasten da etortzen jendea, eta uztailean, abuztuan eta irailean gainezka egoten da”. Urritik aurrera, berriz, klimaren eraginez eta egunak laburragoak direnez, oso erromes gutxi izaten dira, eta itxita edukitzen dute.
Dei batzuk jasotzen ari dira egunotan ere. “Kontatzen diegu aterpetxe publikoak itxita daudela. Herriko beste aterpetxe eta ostatu batzuen zerrenda bat badugu, eta horiei buruzko informazioa ematen diegu”. Alabaina, joan-etorri gutxi ikusten du herrian. Alde horretatik, azaldu du kudeaketa pribatuko ostatuei nahiz bestelako negozio askori, hala nola oroigarriak saltzen dituztenei, kalte handia egin diela erromesen kopurua gutxitu izanak.
Villabona-Amasan Donejakue bideko aterpetxerik ez dago, baina Maria Jose Laburdikek erromes izaera egiaztatzen duen ziurtagiriak banatzen ditu. “Lau pertsona etorri dira orain arte, eta denak bizikletan” esan du. Inguruko herrietakoak ziren guztiak. Uste du, aterpetxeen kontu horrengatik, oinez egiteko asmoa dutenak gutxiago ari direla ausartzen. “Lo egiteko lekuaren bila aritu behar baduzu errazagoa da bizikletaz mugitzea, zeren bideko kilometroez gain hara eta hona hasi behar baduzu…”. Esan du ziurtasun handirik gabe abiatzen dela jendea, bidean aurkitzen dutenaren zain. “Akaso, dena jarraian egin beharrean, etapaka egiteko joera handiagoa egongo da aurten”.
2020ko esperientzia guztiz bestelakoa dela azaldu du hark ere. “Bakarrik egoteko aukera handiagoa ikusten dute batzuek, eta hori ere egia da, baina ostatu edo hotel batean lo egiteak guztiz aldatzen du bidearen izpiritua. Niretzat, behintzat, politena aterpetxeetako giro hori izaten da, jendea ezagutzea eta abar”.
Datorren urteari begira jarrita daude dagoeneko aterpetxeak, Done Jakueren urtea baita berez. Hala ere, ospakizunak atzeratzea ez da baztertzen.
Leave a Reply