Asier Imaz
Amezketako ukuilu batean hasi zen partida. 1975. urtea zen, eta herrian taberna bakarra zegoen. “Gazte piloa zer egin ez genekiela ibiltzen ginen. Batek, ukuilu bat zuela esan zuen, eta hura konponduz gero elkarteren bat jartzerik izango genuela. Horrela sortu zen Zazpi Iturri”. Xalton Zabalak 24 urte zituen orduan, eta elkartearen pilota sailaren ardura hartu zuen. “Gure elkartea ez zen inoiz gastronomikoa izan, sukaldea izanagatik, inork ez zekielako sukaldean”.
Lehen tantoa lortzea kosta egin zitzaien Zazpi Iturriko pilotariei eta Zabalari. “1983an izan zen. Gipuzkoako Txapelketa zen, eta kimuetan lortu genuen txapela Juan Antonio Artola eta Altuna I.arekin. Orduan, Azkoitia ukiezina zen. Lau final zeuden, eta lauretara iritsi ziren. Hiru irabazi zituzten, eta galdu zuten bakarra gure aurkakoa izan zen. Pilota eskolari izugarrizko indarra eman zion txapel horrek, herrian haur guztiek bat nahi zutelako”.
Tanto bolada oparoa iritsi zen ondoren: Nagusien Mailako Gipuzkoako Txapelketa, Euskadikoa, Espainiakoa, eta baita Herriartekoa ere.
Tantoz tanto, pilotariak profesionaletarako jauzia egiten hasi ziren: Eneko Galartza, Haritz, Ekaitz Saralegi eta Aitzol Sukia Zaldibiakoa. Juan Antonio Artola munduko txapeldun geratu zen, nahiz eta profesionaletara ez iritsi.
Boladak, ordea, amaitu egiten direla dio Xalton Zabalak: “Ondoren, beti ajea etortzen da, eta urte txar asko izaten dira tartean”. Partida botatzen ez baldin bada, ordea, jokoan jarraitzeko aukera izaten da, “berriak azaltzen direlako”. Zazpi Iturriren kasuan, Garmendia, Elorbe, Koxme eta beste hainbat pilotarik pilota eskola berriro goi mailara eraman zuten. Beste atsedenaldi baten ondoren, Jaka, Xabi Tolosa, Irribarria, Altuna III.a eta Erostarbe iritsi ziren. “Figura bat etortzen denean, honek ondorengo dezentekoa uzten du; bere lagunek ikusten baitute maila horretara ez direla iritsiko, eta beste zerbaitetan hasten dira. Figura ahazten denean, berriro hasten da pilota bueltaka”.
Pilotari horiek guztiak seme izan ditu Xalton Zabalak. Ondorengo ibilbidea baino gehiago, izandako haur haiek ditu gogoan amezketarrak. Tantorik ederrenen artean Ekaitz Saralegi dauka: “Hernanin zuen binakako finala 9 urterekin. Orduan, haurrak nik eramaten nituen kotxean. Orain ez bezala, gurasoak ez ziren joaten, eta, joaten baldin baziren, euren kabuz izaten zen. Andoain parean, ‘Xalton! Gaur gantxoa jo behar diat!’ esaten hasten zait umea. ‘Hi, Ekaitz, ikusiko diagu. Partida nola doan; ondo badoa; ikusiko diagu, sake erremateren batzuk edo…’ esan nion. Partida berak bakarrik irabazi zuen sakearekin eta gantxoarekin”. Klase hutsa izan da Ekaitz Saralegi Zabalarentzat, eta profesionaletara jauzi egiterakoan “zorterik” ez zuela izan esan arren, ez du ahazten gazteetan Euskadiko eta Espainiako txapelketak noren aurka irabazi zituen: “Aimar Olaizolari irabazi zizkion. Saralegi izugarria zen”.
Baina bat aukeratzekotan, Garikoitz Altuna, Altuna II.aren izena botatzen du azkar Zabalak: “Klase totala”. Eta horrek ere badu bere anekdota: “Benjaminetan eta kimuetan, bidean botaka egiten zuen beti. Zenbat partida jokatu zituen galtzak zikinduta! Ezker-eskuin, ikaragarria zen. Baina bi anaiak erremontearekin itsututa zeuden, eta erremontean bukatu zuten. Eskuz jarraitu izan balute profesionaletara iritsiko ziren, ez dut zalantzarik”.
Bide hori egin zuena Jokin Altuna izan zen, Altuna III.a, Imanolen eta Garikoitzen iloba. Eta ez da kasualitatea: “Jokinen bi abizenak Altuna eta Altuna dira. Amaren aita, Joxe, pilotaria izan zen, Amezketan Atanilloren aurka jokatutakoa da. Baina aitonaren emaztearen aita, Espainian zen esku pilotaririk onena zen. Aurkaririk ez zuelako erremontean hasi zen”.
Partidaren amaiera
Duela 45 urte hasi zuen ibilbideari agur esateko garaia iritsi zaio, eta hor, hainbat faktore egon dira. Nagusia, partida 22ra iritsi izana. Horri, osasuna ere gehitu behar zaio, beste hainbat arrazoirekin batera. Hala eta guztiz ere, Zazpi Iturri pilota elkarteak jarraipena izango du, herriko gazteek Xalton Zabalaren ardura hartu baitute, tartean, Jokin Altunak.
Figura baten ondoren ajea izaten omen da, baina kasu honetan, Zabala ziur dago ordezkoek lana dotore egingo dutela, Amezketako partidak jarraipena izan dezan.
Leave a Reply