Nora zuzendu tiroa

Entzun dira jadanik lehenengo tiro hotsak galeperren, usapalen eta usoen pasabide diren mendietan, oraingoz ehiza soilik erdira ireki duten arren; ehiza denboraldi orokorra hasteko hilabete falta da oraindik. Urriaren 12tik aurrera zabalduko dute beste espezieak ehizatzeko baimena; horretan jarduteko lizentzia duten 19.000 ehiztarien artean zozketatuko dituzte Gipuzkoan dauden 4.000 ehiza postu inguru.

36 postu, ordea, ehiztaririk gabe geldituko dira aurten; izan ere, Ulia mendian, zeina Donostia eta Pasaiako lurretan dagoen, ehiza debekatzea onartu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ingurune hori aisialdirako erabiltzen duten pertsonen segurtasuna bermatze aldera. Talde ekologistek egindako eskaerak bete ditu erabaki horrek; ehiztarien artean, berriz, haserrea eragin du.

Uliari eragiten dion ehiza legeak 23 urte zeramatzan berritu gabe; 1989ko arauak segurtasun eremu izendatu zuen Donostiako zatia, eta soilik postuetatik egindako ehiza baimentzen zuen. Donostiako Udalak eskatuta, 2009an debekatu zuten ehiza haren jabetzakoak ziren lurretan. Dena den, Uliaren zati txiki bat baino ez zen hori; beste guztia Pasaiako eremuan zegoen, edo jabetza pribatukoa zen. Iragan otsailean, Pasaiako Udalak ere eskaera bertsua egin zion aldundiari, eta hark uztail amaieran hartu zuen erabakia: segurtasun eremua mendi osora zabaldu zuen, eta esparru osoan ehiza debekatu.

Erabaki horren helburu nagusia Ulia aisialdirako erabiltzen duten pertsonen segurtasuna bermatzea izan dela azaldu du Julian Unanuek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak: “Denok dakigu, eta ikusi egiten da, geroz eta jende eta eraikin gehiago daudela inguru horretan”.

Debekua begi onez hartu dute Donostiako natur eta mendi elkarteek; duela urtebete eskas horretarako eskaria egin zioten foru aldundiari Eguzki, Haritzalde, Itsas Enara, Ugatza eta Club Vasco de Camping taldeek. Itsas Enarako presidenteorde Hector Gonzalezentzat, “horixe zen gertatu behar zena”, ehiza debekatzea: “Azkenean, Ulia parke handi bat baino ez da, eta ezinezkoa da hor ehizan aritzea. Arriskutsuegia da bertan ibiltzen diren paseatzaileentzat, eta baita Pasaiako zatian dagoen eskolarentzat ere. Ikastetxe horrek salaketak jarri izan ditu ehiztariengatik; kartutxoak erori izan dira handik gertu, beruna erori izan da haurrak jolas orduan zeudenean”.

Gipuzkoako Ehiza Federazioko presidente Jose Mari Usarragak, berriz, esan du ez dela istilurik sortu: “Esan izan digute etxebizitzak daudela, mendizaleak… Baina leku askotan horrelaxe ibiltzen gara, eta ez dago inolako arazorik”. Aldundiak hartutako erabakiaren aurka egingo dutela ere esan du: “Helegitea jarriko dugu auzitegietan, eta sinadurak biltzeko aukera aztertzen ari gara, batzar nagusietan aurkezteko, ea bi bide horietatik zerbait egin daitekeen. Baina zaila daukagu”.

Ehiztarien lurraldea

Ehizak “pisu handia” du Gipuzkoan, Unanueren hitzetan. Federazioak 90 elkarte inguru biltzen ditu; ia herri guztietan dago bat, eta, batzuetan, bi ere bai. Lizentzia duten 19.000 ehiztarietatik 13.000 federatuta daude; horrek zenbait onura dakarzkie ehiza postuak eskuratzeko garaian. Ehiza lerroak foru aldundiak antolatzen ditu urtero, baina federazioaren esku uzten du haiek banatzea; zozketa bidez egiten da hori.

Uliako debekuak 6.000 ehiztari ingururi eragingo diela uste du Usarragak, hori baita Donostialdean eta Oiartzualdean dagoen lizentzia kopurua: “Ehiztariek mendi batetik alde egin behar badute, beste leku batera joan beharko dute, eta gero arazoak sortzen dira, masifikatu egiten delako. Pasaian 600 lizentzia daude; ezin badute Uliara joan, Jaizkibelera joan beharko dute”.

Gonzalezen ustez, baina, Uliakoa “hutsala” da, “ehizatu daitekeen guztiarekin alderatuta”: “Miramonen ehizatzeaz ariko bagina bezala da; ez litzaiguke burutik pasatu ere egingo. Horixe gertatzen da Uliarekin: dagoeneko ez da mendi bat, parke bat da”.

Oraingoz, Ulia da halako arauketa duen mendi bakarra, Unanuek azaldu duenez: “Parkeetan-eta badaude baldintza berezi batzuk erabat libre ez egiteko ehizan, baina ez dago babestutako gunerik”.

Gonzalezen hitzetan, ez da talde ekologisten helburua ehiza debekatzea; bai, ordea, hura gehixeago arautzea eta kontrolatzea. Federazioaren nagusikeriaz kexu da: “Mendian pertsona asko gaude; hegaztiak ikustera joaten garenak, bizikletan ibiltzera joaten direnak, korrikalariak, mendizaleak, gaztaina bila doazenak eta ehiztariak. Denen arteko oreka bilatu behar da, baina urritik urtarrilera mendia ehiztariena da, eta beste guztiok traba egiten dugu. Horrek amaitu behar du”.

Hegaztien aldeko neurriren bat ere hartu behar litzatekeelakoan dago Gonzalez. “Gipuzkoa da ehizan egun gehienetan egin daitekeen lurraldea; oilagorra egunero ehizatu daiteke, urrian hasi eta otsailaren 2ra arte. Bizkaian eta Araban, aldiz, astean behin ezin da ehizatu, oilagorrei atseden emateko”.

Gipuzkoan hegaztientzako igarobide bat sortzea proposatu du ekintzaile ekologistak; ehizarik gabeko tarte bat. “Gipuzkoan, mendi eta muino bakoitza ehiza postuz beteta dago”, azaldu du; “Leku guztietan egiten da ehizan, hegaztiak Gipuzkoara sartzen diren unetik irteten diren uneraino”. Asmo hori “ameskeria” iruditzen zaio Usarragari: “Hegazti migratzaileak dira; guk ez baditugu botatzen, Burgosen (Espainia) botako dituzte. Halako igarobideek ez daukate inolako emaitzarik ziurtatuta”.