Ikasketak amaitu nituenetik, duela bost urte, ez ditut Euskal Herrian sei hilabete baino gehiago jarrian egin. Nire belaunaldiko gazte gehienen antzera, ez dut lan munduan egonkortasunik topatu. Zorionez, orain arte beti izan dut bizitzeko adina eman didan proiekturen bat”. Ainhoa Iribarrek (Zarautz, 1986) milaka kilometro egin ditu aurrera eta atzera azken urteotan: unibertsitateko azken urtea Mexikon egin zuen; gero, Liverpoolera (Ingalaterra) joan zen urtebetez lanera; handik, Bartzelonara (Herrialde Katalanak), master bat egitera; Kamerunen bizi izan zen gero, “osasun zentro bat martxan jartzeko kudeaketa lanak eginez”. Sei hilabetez aritu zen. Gero, etxera itzuli zen, eta Deban lanean aritu ondoren, berriz kanpora, oraingoz azkena den helmugara iristeko: Caracasera. Venezuelako hiriburuan urtea beteko du laster.
Giza Zientzietan lizentziaduna da, eta masterra du Nazioarteko Garapenerako Lankidetzarako Europar Politiketan. Hain zuzen ere, Nazio Batuen Unicef erakundearentzat lan egiten du han, komunikazio departamentuan: “Herrialdez herrialde, oso desberdina da erakunde horren lana. Afrikako lana batez ere laguntza zuzena da. Venezuela eta halako herrialdeetan, berriz, gizarte politikek giza eskubideak babes ditzaten bermatzeko goi mailako eragin lanak egiten dira”. Hogei pertsonaz osatutako lantalde baten parte da Iribar, eta aurtengoa “ez da urte erraza izaten ari” haientzat; hauteskunde garaia baita. “Edozein ekintza gobernuaren aldekotzat edo kontrakotzat jo daiteke, eta ez da erraza halako gai konplexuak modu neutro batean lantzea egoera politiko polarizatu honetan”.
Lanaren gorabeherak alde batera utzita, Iribar gustura bizi da 6 milioi biztanle dituen hiri zaratatsu eta alaian; 40 metro koadroko apartamentu batean bizi da, bulegotik 15 minutura: “Alokairuak ez dira batere merkeak, ez bertakoentzat, ez kanpokoentzat. Bulegotik hain gertu bizitzea, berriz, luxua da”. Haren esanetan, jendeak lanera iristeko egunero bizpahiru ordu igarotzen ditu errepidean; bi ordu joateko, eta beste bi itzultzeko. “Erokeria da, baina hau da errealitatea”.
Kontrasteen hiria da Caracas Iribarrentzat: “Etxe orratzek irudikatzen dute hiriaren soslaia, eta txabolaz jositako auzoek ematen diote izaera amaigabea. 1950eko hamarkadako autoak azken belaunaldiko autoekin lehiatzen dira errepidean, egunez bero eta gauez fresko egiten duen hirian”.
Caracasen “delinkuentzia eta hilketa tasa altuak daude, eta bahiketa espres deitutakoak —ordu gutxikoak— ohikoak dira”, dio zarauztarrak. Hark, hala ere, ez du inoiz arazorik izan. Eta hiriak baditu gauza onak ere, noski: “Hiri gogorra da, baina nola bizi eta mugitu ikasten duzunean, asko goza dezakezu”. Beti dago ikusteko zerbait, “kontzertuak doan, antzerki emanaldiak… Kultur mugimendu zabala dago, eta poltsiko guztietarako, gainera”.
Errepideen sarea “mugatua” ez balitz, Venezuela paradisua litzateke ibilgailuen erregaiei dagokienez ere; Euskal Herrian ibilgailuen erregaiek izan duten gorakada kontuan izanda, batez ere. “Banekien gasolinaren prezioa merkea zela, baina benetan harritu ninduen autoaren depositoa euro erdiarekin bete nezakeela jakiteak; gasolina litroa ura baino 30 aldiz merkeagoa da”.
Eguneroko bizimodua lana duen edozein gazte euskaldunena bezalakoa da. Astelehenetik ostiralera lan egiten du, eta eguna ilunduta amaitzen du lana, “18:30erako iluntzen duelako hemen urte osoan”. Hala ere, auzo “seguru” batean bizi denez, kalean beti aurkitzen du ekintzaren bat. “Korrika egitera ateratzen den talde bat dago, esaterako. Ehun pertsonatik gora elkartzen gara, eta Caracasko errepideetan korrika ibiltzen gara autoen klaxon eta kutsaduraren artean”. Asteburuetan, hiriburutik urrundu egiten da ahal duenetan, “lasaitasun apur baten bila”. Baina ez da erraza. “Hondartza 30 kilometrora dago, baina hiru ordu edo gehiago egin ditzakezu errepidean”.
Herrialdeko egoera ekonomikoari buruz galdetuta, argi du oro har bizitza ez dela merkea Venezuelan. Izan ere, “gasolina kenduta, gainerako guztia urtetik urtera %30 garestitzen da. Gobernuak prezioak kontrolatzeko politikak martxan jarri baditu ere, gai hori ez du kontrolpean”. 2013an berriro dena nola garestitzen den ikusterik ez du izango Iribarrek, ordea, urtea amaitu aurretik Argentinara aldatuko baitu bere etxea.