Goiztiarrik ez da irtengo aurten

Goiztiarrik ez da irtengo aurten

Aitziber Arzallus

Irailaren hasiera berezia izaten da zarauztarrentzat. Gipuzkoar gehienei errutinara izuli beharra etortzen zaien egunotan, zarauztarrek Euskal Astea ospatzen dute, eta aste horretako egun handia irailaren 9a izaten dute: Euskal Jaiak, hain zuzen. Urteko egunik onena izaten da herritar askorentzat, eta baita Patxi Alberdirentzat ere (Zarautz, 1947). Goiztiarrak taldearen bultzatzailea da Alberdi: taldearen izenak ederki dioen moduan, “festa goizean goizetik bizitzea” gustatzen zaien horietakoa.

Aurten, ordea, Euskal Jairik gabeko Euskal Astea ospatzen ari dira Zarautzen, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, eta, 32 urtean lehendabiziko aldiz, goiztiarrek festara ez irtetea erabaki dute. “Egundoko pena ematen digu, urte guztian egun horrexen zain egoten garelako, baina, egoera ikusita, horixe da zentzuzkoena”, esan du Alberdik. “Etorriko dira festarako garai hobeak”.

Euskal Jaietako aspaldiko ohiturak berreskuratzeko asmoz sortu zuten Goiztiarrak taldea, 1990ean. “Mutil koxkorra nintzela, Azpeitiko trikitilariak etortzen ziren Euskal Jaietan, eta aitarekin tren geltokira joaten ginen haien bila, 07:00ak alderako”, gogoratu du Alberdik. Kalejirarekin hasten zuten festa, “eta, goizean goizetik, sekulako giroa izaten zen herrian”.

Urte batean, “1954an edo 1956an”, Felix Alberdik, Patxiren aitak, burutazio bat izan zuen: “Alkate jantzita joan zen trikitilariei eongietorria egitera, antzezpen modura, Aiako baserri batetik lortutako kapa batekin eta kopazko kapela batekin”. Gerora, herriko Irrintzi taldeko kideak gehitu zitzaizkion, garai bateko bestelako pertsonaia batzuk antzeztuz: mikeleteak eta apaiza, kasurako. Frontoi Txikiko saioa egiten ere hasi ziren: “Sokatira saioa eta horrelakoak”. Alberdi ez da oroitzen zenbat urte iraun zuen ohitura hark. Kontua da, gero, egiteari utzi ziotela, eta 25 bat urtez ez zela egin. “Tarte horretan ni neu atera nintzen pare bat urtean, baita nire anaia ere, baina kontuak ez zuen aurrera egiten, eta ezer egin gabe egon ginen urte pila batean”.

1989ean, baina, Alberdi eta beste lagun batzuk kalera atera ziren, ardi larruak soinean zituztela, adarra —musika tresna— joaz, eta gogoan du “egundoko goiza” pasatu zutela. Eta berriz piztu zitzaion harra. “Taldetxo bat osatu genuela ikusita, proposatu nien hurrengo urterako berriz hartzea garai bateko ohitura hura, eta baietz esan zidaten, jantziak-eta lortzeko modurik egiten bagenuen, animatuko zirela”. Alberdik bazekien etxean zutela aitak erabili ohi zuen alkate jantzi hura, eta baita gutxi gorabehera nondik lor zitezkeen ere beste zenbait jantzi. “Horrelaxe hasi ginen berriz, eta gaur arte”.

Alberdik azaldu du jendea batuz joan zitzaiela taldera, pixkanana-pixkanaka. “Abesbatzan elkarrekin ibiltzen ginenoi beste batzuk gehituz joan zitzaizkigun, eta talde polita osatu genuen”. Alkatea, mikeleteak, apaiza, pilotariak, bertsolariak, idazlea, sendagilea, postaria, barkilleroa, indianoa, garaiko emakumeak… Esan du adin guztietako 30 bat lagun irteten direla. Ezagunen artean osatutakoa izan arren, Alberdik gaineratu du animatu nahiko luketen guztiei irekita dagoela Goiztiarrak taldea: “Zenbat eta gehiago izan, hobe”.

Goizeko giroaren zale

Euskal Jaietan kalera irteten lehenengotarikoak izaten direlako eta festa egun hori goizetik bizitzea gustatzen zaielako jarri zioten taldeari Goiztiarrak izena. Eta Alberdi “oso pozik” dago urteotan lortu dutenarekin:”garai bateko goiz giro hura” berreskuratu izanarekin, alegia. “Gu irteten hasi aurreko urteetan, hutsune ikaragarria antzematen nuen. Ikusten nuen Euskal Jaietan ez zela ezer egoten herrian ia eguerdi partera arte, eta horrek sekulako pena ematen zidan”. Orain, baina, goiz partean ere “giro polita” egoten dela uste du; hutsune hura ederki bete dutela.

Urtero, goiz pasa berdintsua egiten dute goiztiarrek. Udaletxe aurrean elkartzen dira 08:00etan, eta, antzinako ohiturari jarraituz, kalez kale ibiltzen dira garaiko pertsonaiak irudikatzen. Musika plazatik barrena abiatuz, Aritzbatalde kiroldegiraino joaten dira elkarrekin, eta, Zelai-Ondo auzoa zeharkatu ondoren, Gipuzkoa kaletik herrigunera joaten dira, berriro ere Musika plazara. Ordubete pasatxoko ibilbidea osatu eta gero, eta 10:30eko mezatara joan aurretik, gosari-hamaiketakoa egiten dute Euskalduna tabernan, Frontoi Txiki ondoan.

Frantziskotarren elizatik ateratakoan, Frontoi Txikin ekitaldia antolatzen dute: pilota partida, sokatira eta bertsolariak. “Egia esan, herritarrek ongi erantzuten dute. Berrehun aulki inguru jartzen ditugu, eta ia denak betetzen dira”. Frontoi Txikiko saioa bukatuta, Kale Nagusian barrena joaten dira kantuan, trikitilarien laguntzarekin. “Jai giroan irteten gara, eta bikain pasatzen dugu. Orga ere prestatuta ateratzen dugu gainera, eta nahikoa txakolin izaten dugu geuretzat eta inguratzen diren herritarrentzat”. 14:30ak aldera, bukatutzat ematen dute goiz pasa.

Aurten, ordea, egoerak bultzatuta, ezingo dute horrelakorik egin. “Udalarekin hitz egin ondoren, erabaki dugu aurten ez irtetea, arrisku handikoa litzatekeelako”, azaldu du Alberdik. “Pena galanta” ematen diela aitortu duen arren, egoera honetan “zentzuzkoena” dela dio. Hori bai: ohartarazi du datorren urtean “inoiz baino gogo handiagoarekin” aterako direla, eta herritarrei eurengana gerturatzeko gonbita egin die.

Leave a Reply

Your email address will not be published.