Badaezpada ere

Juan Luis Zabala

Ez dun giro! —esan nion. Hau dun hau kabitu ezina eta ezin bizia!

—Zer gertatu zaik ba?

—Agure batek kargu hartu zidan bidegorrian bizikletan maskararik gabe nindoalako. Gezurra esan behar izan zionat, kirola egiten ari nintzela, alegia. Baina, berez, maskararik gabe nengonan ez zaidalako beharrezkoa iruditu.

—Delitua!

—Bota diezadala lehen harria antzekorik egin gabeak, halakorik inon bada.

—Niri alderantzizkoa gertatu zaidak. Lagun batek esan zidak inozo galanta naizela pandemiaren kontu hauek sinesteagatik!

—Horrelakoak ere egokitu zaizkidan. Ba al dakin nor den Felix Zubia?

—Bai, Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko medikua, igande goizetan Euskadi Irratiko osasun saioa egiten duena.

—Sinisteak ere lanak ditin, baina badun uste duenik Felix Zubiak COVID-19ari buruz dioenari kasu egitea Baltasar Garzonek eta Fernando Grande-Marlaskak torturei buruz diotenari kasu egitearen parekoa dela. Harrapa ezan!

—Neurrian egongo duk kontua honetan ere, denean bezala, ezta?

Vade retro, ekidistante kikildu, koldar, kakati, alaena!

—Bai, alde batean edo bestean tinko kokatu gabe ere, harrikadaren bat edo beste jasotzeko arrisku handia!

—Lehen bakoitzak bere ideologia politikoa zeukanan. Orain, berriz, COVID-19ari buruzko iritzia eduki eta horrekin koherente izan beharra zegon.

—Eta iritzi hori aldarrikatu eta zabaldu lau haizeetara…

—Ni ez naun inor ezer aldarrikatzeko, baina negazionismo erabatekoa zentzugabea dela begien bistakoa dun. Medikuntza ofizialak hutsune eta akats ugari izango ditin, salatzeko modukoak asko, baina ezin dun ukatu medikuntza ofizialaren aurrerapenak oso mesedegarriak direla denontzat.

—Txertoak barne?

—Fede kontua dun. Nori sinetsi nahi dionan. Baina kontuan hartuta medikuntza ofizialetik kanpora dagoen fauna askotarikoaren fidagarritasun maila, aukeran, ni, lehenik eta behin, medikuntza ofizialaren alde nagon, baita txertoen kontuetan ere. Badaezpada ere. Medikuntza ofizialetik kanpo ez dun dena gezurra izango, baina hasi hadi horien artean sagardoa eta pitarra bereizten…

—Denbora libre asko eta diru ugari izanda ere, nahikoa lan!

—Gainera, negazionismoak, muturreko negazionismoak bederen, indartu egiten din sistema ofizialaren sinesgarritasuna, hain duk askotarikoa eta, kasu gehienetan, oinarri gutxikoa. Negazionismo bera dun askotan negazionismoaren ukorik argiena.

—Baina badik kutsu triste bat ere gure konformismo zuhurrak. COVID-19aren kontu honetan gehienok dugun jarrera neurritsu baina funtsean esanekoak indartu egingo dik, lehenaz gain, gainerako arlo eta arazoetan jarrera neurritsu baina funtsean esanekoa izateko dugun joera orokorra, eta are otzanago eta mendekoago egingo gaitik aginte ofizialarekiko… Nahi gabe edo nahita sortua izan, ezin ukatuzkoa duk pandemiak indartu egingo duela garai batean statu quo zeritzanaren onarpen soziala, eta disidentziarako gaitasuna murriztu.

—Dena den, statu quo-ak ez zinan lehendik ere pandemiaren behar handirik horretarako iristeko.

—Horretan ere ez ote da askotan negazionismoa bera negazionismoaren ukorik argiena?

—Larri ibili!

—Tira, etxera joateko tenore diat.

—Maskara jantzita edo gabe?

—Jantzita, motel, jantzita, badaezpada ere!

Leave a Reply

Your email address will not be published.