Elkartasuna askabide

Elkartasuna askabide

Olaia Gerendiain

Urtarrilean eman zituzten Antxoko Auzo Elkartea sortzeko lehenengo pausoak, barrutian jazotako hainbat jazoerak, besteak beste lapurretak eta etxebizitza baten okupazioa, beharra sortu zutenean herritarren interesak erdigunean jartzeko. Orduan hasi ziren hainbat herritar biltzen, eta, gaur egun, dozena bat lagunek osatzen dute auzoko taldea.

Urte hasieran elkartea sortu zutenetik, ezer gutxi aldatu da Antxon, Erik Salazar taldekidearen ustez. Pandemia izan da eragozpen handiena; konfinamendua hasi zenean, taldeak guztiz eten behar izan zuen aurreikusita zuen lana. Geldiune horren ostean, baina, indartsu bueltatu zen auzo elkartea. Haren ustez, herriaren elkarlana bereziki garrantzitsua bihurtu zen bigarren liskar boladak Pasai Antxo astindu zuenean.

Abuztuko aurreneko asteetan izandako lapurretek ezinegona zabaldu zuten; bereziki, adinekoengan eta adingabeengan. Izan ere, haiei egin zizkieten eraso gehienak; sakelakoen eta diru zorroen lapurretak, batez ere. Horrez gain, hainbat ostalaritza establezimenduk mehatxuak ere salatu zituzten.

Gazteen kale-patruila

Egoera larri hori ikusita, hainbat gazte kalera atera ziren abuztu erdialdeko gau batean; “antxotarren defentsan”, Salazarrek dioenez. Ertzaintzak haiek gelditu eta identifikatu egin zituen, eta horrek hainbaten haserrea piztu zuen; Orain Herriak (Lezoko eta Pasai Donibaneko herritarrez osatutako elkartea) bat egin nahi izan zuen gazteen ekinbidearekin, besteak beste. “Egoera hau amaitzea erabaki zuten […], eta poliziak Antxoko gazte hauek geldiarazi eta identifikatu egin zituen, herritarrak beldurtzen zebiltzanak gelditu ordez”, adierazi zuen herritar taldeak.

Auzo elkarteak, orduan, erabaki zuen bazela garaia zezenari adarretatik heltzeko, eta abuztuaren 25ean taldeak iragarri zuen herriko plazan bilduko zela, egoerari konponbide bat bilatzeko. “Herriaren defentsan atera ziren gazteei babesa emateko, eta Antxok Pasaiako Udalaren eta Izaskun Gomez alkatearen partetik jasaten duen utzikeria salatzeko” elkartu ziren, agerraldiaren aurretik zabaldu zutenez.

Antxoko herritarrek erabateko elkartasuna erakutsi zioten taldeari, eta ehunka lagunek Gure Zumardia plaza bete zuten, “Gora herria!” eta gisako oihuen eta txaloen artean. Bilkura hartan, Salazarrek argi utzi nahi izan zuen auzo elkarteak ez duela biolentzia inolaz ere babesten, eta elkarrizketa izango zela udal gobernura heltzeko eta egoerari konponbidea bilatzeko era.

Aipatutako istiluei Luzuriagako etxebizitzetako trastelekuen arauz kanpoko okupazioa batu zitzaien, eta Pasaiako Udala ikertzen hasi zen gazte talde bera izan ote zen ekintza guztien erantzule. Udalak adierazi zuen “ezegonkortasun egoeran dauden pertsona batzuek” okupatu zituztela lokal horiek.

Udalaren erantzuna

Udal gobernuaren erantzuna elkartzeko deiaren hurrengo egunean heldu zen, arreta Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko etxebizitzetan ezarriz. Udalak adierazi zuen “han bizi diren jatorri magrebtarreko pertsona batzuek” izan zitezkeela egoeraren erantzule. Ildo horretatik, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren errefortzua ezarri zuten zehaztugabeko denboraldi baterako: “Egungo egoerak dirauen bitartean”.

Antxoko Auzo Elkarteak argi utzi nahi izan du Antxon bizitzea ez dela arriskutsua; ezin dela ukatu hainbat istilu gertatu direla, baina horiek ez direla “eguneroko ogia”. Salazarren ustetan, ezinbestekoa da bereiztea segurtasun falta eta segurtasun faltaren sentsazioa: “Ertzaintzaren datuen arabera, barrutiko kriminalitate tasa txikiagoa da eskualdeko beste lekuekin alderatuta”, baina horrek ez du esan nahi jendea izututa ez dagoenik. Hor dago gakoa, haren arabera: “Antxotarrak beraien herrian aske eta seguru sentitu ahal izatea da garrantzitsuena”.

Auzo taldearen helburua “transmisio bide” izatea da; herritarren interesak erakundeen aurrean defendatzea. Salatu dute udalak berandu erantzun duela, ez baita mugitu herria bildu den arte, eta horrek galdera bat sortu die kideei, Salazarren arabera: “Udalak ez du ekimenik hartuko erantzun sozialik ez badago?” Izan ere, salatu du protestak publikoki egin diren arte ez direla lanean hasi.

Dena den, elkarteak modu positiboan baloratu nahi izan ditu alkateak eta gainontzeko gobernu kideek emandako pausoak. Argi utzi dute instituzioa ez dutela etsai, aliatu baizik, eta elkarlana izango dela modu eraginkor bakarra herritarrak seguru ibiltzea lortzeko.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak bilera bat egiteko eskaera egin zien auzo taldeko kideei, eta atzo elkartu ziren. Bilera horretan, segurtasunaren arazoa ardatz izanik, beste hainbat gai jorratzeko intentzioa ere bazeukaten; horien artean, herrian aparkatzeko dagoen arazoa, garbitasun eskasia, kale argiztapen falta, eta abar.

Elkarteak dio pausoak eman behar direla udalerriko biztanleak berriro kaleetan aske eta lasai bizi daitezen, gauez atzera begiratzen ibili gabe, eta uste du hori elkarlanean soilik lor daitekeela. “Pragmatismoa nagusitu behar da, etengabeko liskarrak alde batera utziz”, esan du Salazarrek.

Elkarteko kideak aitortu du, eskertuta, orain arte deitu izan diren elkarretaratzeetan herritarrek berehala eta modu eredugarrian erantzun dutela, baina gogoratu du erronka handia dela jendea haserre dagoenean mugiaraztea: “Garrasi egitea bide erraza bezain laburra da. Antxok gehiago behar du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.