Karmele Uribesalgo
Koronabirusaren eraginez, aurten bertan behera gelditu da Behobia-Donostia lasterketa (20,1 kilometro) ezaguna. Azaroaren 8an ziren egitekoak, baina egin ezin diren ekitaldien zerrendara batu da. Lasterkari askorentzako hitzordu garrantzitsua izaten da; azken urteetan aldiko 30.000 parte hartzaile inguru izan ditu. Hala ere, ohiko proba egiterik ez dagoenez, aplikazio baten bidez egingo den Behobia birtual bat ari dira prestatzen. Fortuna Kirol Elkartea arduratzen da antolaketaz, eta kolpe gogorra izan da klubarentzat bertan behera utzi beharra. Izan ere, elkartearen diru sarreren erdia lasterketa horretatik iristen da.
Daniel Soliño Fortunako arlo ekonomikoko arduradunak azaldu du klubak Behobiarik gabe “nahiko zaila” duela aurrera egitea. “Horren beharra dugu; elkartea diru sarrera horien zain egon ohi da urte osoa pasatzeko”. Behobia-Donostiako koordinatzaile Iñigo Etxeberriak adierazi duenez, lasterketaren bidez lortzen duten diruak egonkortasuna ematen die. “Orain ziurgabetasuna sekulakoa da”. Azaldu duenez, garai latzak dira Fortunarentzat: “Lana aldi baterako erregulatzeko espedientearekin gaude ia langile guztiak, diru sarrerak eskasak dira, maileguak eskatu behar izan ditugu, eta Behobia-Donostia bertan behera gelditu da”.
Soliñok erantsi du “zama astunegia” duela orain klubak. Izan ere, tartean, Donostiako Pio Baroja kiroldegia ere kudeatzen dute. Hortaz, lasterketa ez egiteari gehitu behar zaio, besteak beste, konfinamendu garaian bertan behera utzi zituztela eskaintzen dituzten zerbitzuak, eta diru itzulketak egin behar izan dituzte. “Normaltasunetik oso urruti gaude; neurriak hartu arren, beldurra nabari dugu erabiltzaileen artean”, nabarmendu du Etxeberriak. Ikusteko dago ea denboraldi hasierarekin jendea animatuko den Fortunak eskaintzen dituen ikastaroetara, eta zerbitzuetara apuntatuko diren.
Etxeberriak azaldu duenez, askotan entzun izan dute Behobia-Donostia “urrezko arrautzak ematen dituen oiloa” dela, baina ez dago ados aipamen horrekin: “Garbi ikusi da kirolean gastatzen dugula dirua, eta irabazten duguna berriz inbertitzen dugula”. Soliñok gaineratu du irabazi asmorik gabeko elkarte bat dela Fortuna, eta, beraz, ez dutela dibidendu banaketarik egiten.
10.000 izen-ematetik gora
Udan birusaren transmisioa areagotzen ari zela-eta, abuztuaren 31n iragarri zuten lasterketa bertan behera geldituko zela. “Agian denok pentsatu genuen okerrena pasatuta zegoela, eta ez geunden prestatuta”, aitortu du Etxeberriak. Soliñok azaldu du erabaki bat hartu beharrean zeudela: “Lasterketa eginez gero, datozen asteetan diru dezente gastatu beharko genuke, baina, egoera zein den ikusita, argi dago ez dela horrelakoetarako momentua”. Martxoan ireki zuten izena emateko epea, eta abuztuaren amaierarako, lasterketa bertan behera gelditu zenerako, 10.443 partaide zeuden apuntatuta. Azkenean ez denez Behobia-Donostiarik izango, hiru aukera dituzte parte hartzaile horiek: izen-ematea hurrengo lasterketarako uztea, dirua itzultzeko eskatzea, edo ordaindutako kopurua edo zati bat dohaintzan ematea Fortunari.
Aztertu zuten lasterketa beste modu batera egiteko aukera. Besteak beste, parte hartzaile kopurua erdira jaistea pentsatu zuten, eta irteera ordua ordubete luzatzea. “Espero genuen, berezia bazen ere, Behobia egin ahal izatea, baina ezinezkoa da”, adierazi du Etxeberriak. Gaineratu du lasterketarekin aurrera jarraituz gero “nerbioak jota” egongo liratekeela, pandemiaren eboluzioa gorabeheratsua baita, eta ezin baita jakin aste batetik bestera zer gertatuko den.
Lasterketa birtuala
Behobia-Donostiak utzitako zuloa estaltzeko zer egin pentsatzen ari direla adierazi du Soliñok. Hala ere, aitortu du ez dutela espero “diru sarrera garrantzitsurik” izatea. Ohiko lasterketa ezingo da egin, baina Behobia birtual bat prestatzen ari dira. “Saiatuko gara beste modu batera presente egoten, eta horrek sortzen du ilusio puntu bat”, adierazi du Etxeberriak. Parte hartzaileek azaroaren 2tik 8rako epea izango dute 20 kilometro egiteko, nahi bezala eta nonahi. Horretarako, aplikazio bat deskargatu beharko dute, eta han erregistratuko dute egindako ibilbidea. 15 euro ordaindu beharko dituzte. “Beste modu batera parte hartzeko aukera ematen du, eta fisikoki prestatuta ez daudenentzat ere alternatiba polita da”, esan du Etxeberriak. Mila lagunek baino gehiagok eman dute jada izena lasterketa berezian, eta antolatzaileek aurreratu dute “sorpresatxo batzuk” prestatu nahi dituztela.
Horrelako Behobia bat antolatu duten lehenengo aldia da, baina Etxeberriak esan duenez, badauka “xarma”. Gaineratu du mantentzeko jaio dela, eta ez dutela baztertzen datozen edizioetan ohiko lasterketa eta birtuala uztartzea.
Antolatzaileek uste dute lasterketarik ez izatearen eragina, Fortunan ez ezik, Gipuzkoa osoan nabarituko dela, batez ere Donostia inguruan. “Ostalaritzan eta hoteletan betekada izaten da, Behobia dela eta”, azpimarratu du Etxeberriak. 2013an ikerketa bat egin zuten Deustuko Unibertsitatearekin batera, eta ondorioztatu zuten ia 15 milioi euroko eragin ekonomikoa duela lasterketak Gipuzkoan, eta Ogasunak 900.000 euro jasotzen dituela. “Hitzez aitortzen zaigu, baina ekintzaz ez hainbeste”.
Bi hilabete baino gutxiago falta dira aurten birtuala izan beharko duen Behobia-Donostiarako. Antolatzaileen esanetan, datozen egunetan buru-belarri arituko dira prestaketa lanetan, baita aurtengo nobedadeak ezagutarazten ere. Izan ere, ohiko lasterketa egingo ez den arren, Behobia presente egotea nahi dute.
Leave a Reply