Aitziber Arzallus
Zertan lagundu dezaket?” galderari “zer dakizu egiten?” galderarekin erantzun ohi diote Marea Urdina elkarteko kideek. Horrela hasi zen haien eta Imanol Alesonen (Azkoitia, 1972) arteko elkarrizketa ere. Kirolari azkoitiarra mendian korrika egiten da abila, eta bere aletxoa modu horretan jartzea erabaki zuen. Horren emaitza da GR 11 Urdina egitasmoa. Pirinioetako zeharkaldirik luzeena da GR 11, Cap de Creusen (Girona, Herrialde Katalanak) hasi eta Higer lurmuturrean (Hondarribia) amaitzen den 850 kilometroko ibilbidea, eta egunotan horixe egiten ari da azkoitiarra, herritarrak arauz kanpoko funtzionaltasunen inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin.
Alesonek betidanik izan du GR 11 ibilbidea egiteko gogoa, eta konfinamenduan zela erabaki zuen aurten egitea. “Urte xelebrea izan da, eta iraila une egokia iruditu zitzaidan zeharkaldia egiteko”. Elkartekoei bere asmoen berri eman zien, eta segituan hasi ziren guztia antolatzen. Eta bai antolatu ere: Marea Urdineko kideak iragan astean hasi ziren iragartzen “zerbait handia” egingo zutela, eta, denborarik galdu gabe, mendi lasterkari azkoitiarrak asteartean bertan —hilak 15— ekin zion ibilbideari.
Zeharkaldia hamahiru etapatan gauzatzeko asmoa du Alesonek. Aurreneko hamabi etapek arauz kanpoko funtzionaltasun bana irudikatuko dute —entzumen urritasuna, garun paralisia, gaztaroko artritis idiopatikoa, Duchenne, autismoa, paralisi brakial obstetrikoa, Goldenharen sindromea, Downen sindromea, Robinen sindromea, Charcot-Marie-Toothen sindromea, Angelmanen sindromea eta beirazko hezurrak—, azkenak, 12+1 etapak, arauz kanpoko funtzionaltasun guztiak irudikatuko ditu. Ondo bidean, 850 kilometro eginda, hilaren 27an iritsiko da helmugara.
Azkoitiarrak “gogotsu” ekin zion erronkari, eta astearte iluntzean, lehendabiziko 84 kilometroak egin ondorenean, halaxe jarraitzen zuen. Afalostean hitz egin zuen HITZArekin, eguna nola joan zitzaion kontatzeko. “07:30ean abiatu gara Cap de Creusetik, eta 11 ordu pasatxo behar izan ditugu La Vajolera (Girona, Herrialde Katalanak) iristeko. Sekulako beroa egin du, eta pixka bat sufritu dugu, baina pozik eta indartsu gaude, eta biharkoari ekiteko gogotsu”. Hasieran ibilbidea bakar-bakarrik egiteko asmoa bazuen ere, azkenean GR 11 egiteko deialdia zabaldu zuen sare sozialetan, eta harekin lasterketetan aritzen den Julian Morcillo (Toledo, Espainia, 1976) animatu zaio. Horregatik hitz egiten zuen pluralean. “Ahal duen bitartean lagunduko didala esaten dit lagunak, baina, biharkoa gainditzen badugu, nik uste biok helduko garela Hondarribira”. Izan ere, etaparik gogorrena zuten aurretik, bigarrena. “Kostaldetik mendira iritsi arteko 180 kilometroak dira gogorrenak; lehendabiziko bi etapak. Behin mendira sartzen garenean, aise joango gara”, zioen.
Alesonek eta lagunak soinean daramate ibilbidea egiteko behar duten guztia, baita Track the race enpresak utzitako GPSa ere. Horri esker, herritarrek momentu oro jakin dezakete ibilbideko zein puntutan dagoen azkoitiarra. Gainera, egitasmoaren orrialdean (mareaurdina.org/gr11urdina) aukera dago #GR11 traolarekin Alesoni animo mezuak bidaltzeko, kamisetak irabazteko, etapa bakoitzean egindako argazkiak eta bideoak ikusteko, eta abar.
Inklusioaren aldeko aldarria zabaltzeaz gain, xede sinboliko bat ere badu GR 11 Urdinak. Ibilbideari ekin aurretik, Mediterraneo itsasoko ura bi botila txikitan sartu zuen Alesonek, eta Hondarribira iristean Bizkaiko itsasoko urarekin nahastuko du: “Bi itsasoetako mareen urak nahastuko ditut, Marea Urdina osatzeko”.
Leave a Reply