Karmele Uribesalgo
Aranzadi elkartea 36ko gerraren hasieratik gaur egunera arte izandako giza eskubideen urraketak jasotzen eta ikertzen ari da, eta, Hernaniko Udalarekin batera, testigantzak biltzen dituen Hernani Oroimena webgunea aurkeztu berri du. Herri horretan izan diren urraketak edo hernaniarrek beste leku batzuetan jasan dituztenak jaso dituzte. Bildutako informazioa igotzen ari dira jada www.hernanioroimena.eus atarira, eta asmoa da etengabe eguneratzen joatea. Informazio horrekin, gertatu zenaren inguruko egia ezagutarazi nahi dute, baita biktimei aitortza egin eta erreparazioaren bidean pausoak eman ere. Gipuzkoako beste dozena bat herritan ere ari dira ikerketak egiten.
Hernaniko alkate Xabier Lertxundiren iritziz, beharrezkoa da horrelako proiektu baten aldeko apustua egitea, besteak beste, gertatu denaren inguruko ezagutza “objektibo eta erreal” bat lortzeko aukera ematen duelako. “Bizi izan den sufrimendua lantzen ez bada, oso zaila da normaltasuna edo bizikidetza lortzea”.
Proiektuak 2015ean du abiapuntua. Herrian ordezkaritza duten talde politiko guztiek —EH Bilduk, EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk— adostu zuten Memoriaren harria oroitarria jartzea Hernaniko Ave Maria parkean. Horren ondotik iritsi zen Aranzadik egindako ikerketa; 2019 hasieran argitaratu zuten 1960tik gaur egun arte motibazio politikoarekin egindako giza eskubideen urraketen txostena. Behin hori eginda, 36ko gerran eta frankismoaren lehen urteetan izan zirenak ere bildu dituzte. Izan ere, Javier Buces Aranzadiko ikertzaileak azaldu duenez, bi taldetan banatu dituzte urraketak: “Oroimen historikoan bildu ditugu 36ko gerraren hasieratik 1959ra arte gertatutakoak, eta gertuko oroimenean jaso ditugu, berriz, 1960tik gaur egunera arte izan diren urraketak”.
Hernaniko alkateak aitortu du ez direla “gai errazak” proiektuan lantzen direnak; testigantza “gogorrak” jaso dituzte. “Bereziki gertuko oroimenaren kasuan, oso berriak dira gertaerak, eta oraindik ere mina dago”, azpimarratu du. Hori dela eta, Lertxundiren hitzetan, biktimen sentsibilitatea zainduz ari dira lanean, inor mindua senti ez dadin. Besteak beste, testigantzak ematen dituenak anonimotasuna mantendu nahi badu, errespetatu egiten dute erabaki hori. “Argi utzi nahi dugu pertsona horrek baimena ematen digun lekuraino goazela”, azaldu du alkateak.
Tresna dinamikoa
Aranzadiko zortzi ikerlari ari dira elkarrizketak egiten eta jasotako informazioa lantzen. Gaur-gaurkoz, gertuko oroimenaren atalean sailkatutako hogei pertsona inguru elkarrizketatu dituzte, nahiz eta momentuz lau bakarrik dauden webgunean. Memoria historikoaren kasuan, berriz, hamabost elkarrizketa egin dituzte, eta bakarra dago sarean. Jasotako informazioa lantzen doazen neurrian eskegiko dute webgunean. Izan ere, etengabe eguneratzeko aukera izatea interesgarria iruditzen zaie egitasmoaren bultzatzaileei. “Liburu bat ezin da editatu, baina webgunea bizirik dago”, adierazi du Javier Bucesek.
Gauza bera azpimarratu du Lertxundik, eta esan du “tresna dinamikoa” dela. Hala ere, badute asmoa aurrerago bildutako informazioa liburu batean argitaratzeko. Horrez gain, gonbita egin diete hernaniarrei testigantza gehiago ezagutarazteko. Bai Aranzaditik, bai udaletik, animatu egin dituzte herritarrak parte hartzera, eta ekarpenak egiteko atal bat prestatu dute webgunean bertan.
Lertxundik azaldu duenez, nazioarteko irizpideen arabera daude sailkatuta urraketak, modu objektibo batean: “Sailkapena ez da erasotzaileen araberakoa, eta hori da segur aski ikerketa honek dauzkan berezitasunetako bat”. Bucesek nabarmendu du liburu edo ikus-entzunezko ugari egin direla giza eskubideen urraketen inguruan, baina sarri horrelakoetan kontaketa “partzialak” egiten direla. “Gurea ikerketa zientifiko bat da; gertatu dena bildu dugu, biktima guztien testigantzak daude, eta, hortik abiatuta, bakoitzak egin dezala bere irakurketa”.
Hernaniko proiektuaren bultzatzaileek uste dute lehenbailehen egin beharreko lana dela testigantza bilketarena. Bucesek azaldu duenez, garrantzitsua da istorio horiek orain jasotzea, bestela galdu egingo baitira. “36ko gerraren kasuan, ikusi dugu jende asko hilda dagoela jada”, zehaztu du. Motibo hori dela medio, oroimen historikoaren atalean sailkatu dituzten elkarrizketatu asko ez dira biktima zuzenak; urraketak jasan zituztenen senitartekoenak izan ohi dira, kasu askotan, testigantzak. “Horrelakoetan seme-alabek kontatzen digute zer gertatu zen haien etxean gurasoekin edo familiakoekin”, esan du Bucesek.
Gertukoa, “sentiberagoa”
Gertuko oroimena “sentiberagoa” dela nabari du Aranzadi elkarteko ikertzaileak, gertaerak duela denbora gutxiago jazotakoak baitira. “Elkarrizketatuen artean oso profil ezberdinak daude; gaia oso konplexua da, eta oreka hori mantendu egin behar da”, azaldu du. Orain arte jasotako testigantzen artean daude, adibidez, PSE-EEko zinegotzi batena, EAJko beste batena, HBko alkate ohi batena eta ETAko militante baten senitarteko batena.
Aranzadi elkartea Gipuzkoako hainbat herritan ari dira giza eskubideen urraketen inguruko memoria berreskuratzen. Hernanin bezala, Azpeitian ere jarri dute dagoeneko martxan webgunea. Gauza bera egin nahi dute beste udalerri batzuetan: Orion, Tolosan eta Villabonan, esate baterako. Olaberrian eta Zestoan ere ari dira lanean. “Helburua da biktima guztien testigantzak jasotzea, inor ahaztu gabe”, azpimarratu du Bucesek. Gauzak horrela, gertatutakoa herritarrei helarazteko asmoz jarraituko dute lanean.
Leave a Reply