Letren atari konpartitu bat

Letren atari konpartitu bat

Julen Aperribai

Maiatzean egin ohi dute ohiko jaialdia, baina, pandemia tarteko, bertan behera utzi, eta udazkenak lortu du Zarauzko Literaturia berriz hartzea. Gaur hasi eta igandera arte Zarauzko erdigunea hartuko du letren jaialdiak. Aforoak murriztuta eta segurtasun neurri zorrotzak aplikatu beharrak baldintzatutako aldia izango dute aurtengoa, baina jaialdiak eutsi dio bere ohiko egiturari. Atea: hitza da giltza goiburupean egingo dute, ateak zabaltzeko hitzak duen potentzialitatean indarra jarrita.

Apirila hasieran, konfinamendu betean, jaialdia bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Egitaraua itxita zuten ordurako. Lehen kolpe hura leundu zuen bigarren iragarpenak: udazkenera atzeratuko zuten jaialdia. Moldez aldatuta izan arren, jaialdia egitea bera poztekoa da Imanol Manterola antolakuntza taldeko kidearentzat: “Garbi geneukan egin egin behar genuela. Aurrekontu bat bageneukan, eta, krisi egoera honetan galtzaile handienetarikoak sortzaileak direnez, beraien lana publiko aurrean aurkezteko aukera eman nahi genien”. Gerora ezarri behar izan dituzten protokoloetatik harago, hori izan dute jaialdiaren baldintzatzaile nagusia, onartu duenez: egin ala ez erabakitzea. Kultur ekitaldiak berrabiaratu ahala, ordea, argiago ikusi dute egiteko aukera, “udako martxa ikusita, eta kontuan hartuta Zarauzko Modelon eta beste leku batzuetan ari zirela ekitaldiak antolatzen”.

Liburu aurkezpenak, literaturaren bueltako emanaldiak eta liburu azoka. Horiek dira Literaturiaren zutabeak, eta aurten ere hala mantenduko dituzte programazioan. Bi espaziok egingo dute bateko eta besteko ekitaldien arteko banaketa. Modelo aretoan plazaratuko dituzte modu batera letraz bustitako emanaldiak: mahai inguruak, kontzertuak, antzezlanak eta bestelakoak. Lege Zaharren enparantzan ezarritako karpak hartuko ditu, berriz, liburu azoka eta liburu aurkezpenak. Ahotseneako kideen laguntza izango dute azken horietarako. “Liburuen aurkezpenekin-eta Durangoko Azokan zaila izango zutela ikusi zuten, eta jaialdian parte hartzea eskaini ziguten”, azaldu du Manterolak. Hori du aurtengoak berrikuntza nabarmenetako bat, haren arabera, liburu azoka lekuz aldatzearekin batera. Musika plazan egin dute aurreko aldietan, eta Lege Zaharren enparantzan izango da aurten. Horrek azokari “ikusgarritasuna” emango diola uste du Manterolak.

Udaberrikoak, udazkenean

Bi uztatan banatu ohi da urteko literatur ekoizpena. Lan asko udaberrian aurkezten dituzte, baina udazkenean pilatzen dira gehientsuenak, Durangoko Azokaren aurretik. Joera hori hankaz gora jarri du pandemiak, eta ekoizpen berriei nahiz aurrez aurkezterik izan ez duten beste zenbaiti emango die plaza jaialdiak. “Aurkezpenak udaberrian egiteko aukera ematen zuen Literaturiak. Aurten, ordea, denak tropelean etorri dira”, adierazi du Manterolak.

Guztiei jaialdian lekua egiten ahalegindu badira ere, egitarauaren oinarria aspalditik finkatuta zutela dio Manterolak, eta egoera ziurgabeak behartutako erabakiak gorabehera, lortu dutela hilabete hauetan guztietan horri eustea. Pozik eta eskertuta dago, parte hartu behar dutenek uneoro “erantzun ona” eman dietelako.

Eskertzak eta omenaldiak izango dira egitarauan bertan ere. Itzulpengintzari aitortza egingo diote bihar, eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea omenduko dute. “Azkeneko urteetan, hainbat idazle itzulpengintzak euskal literaturari egindako ekarpena nabarmentzen ari dira, eta, guk ere ildo horrekin bat egiten dugunez, omenaldi hau egiteko momentu egokia zela iruditzen zitzaigun”, arrazoitu du Manterolak. Ekitaldi horren ostean ere itzulpengintzari begira jarraituko dute, Itzulpengintza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko izenburuko mahai inguruan parte hartuko baitute Idoia Santamariak, Beñat Sarasolak eta Isabel Etxeberriak.

Igandean, berriz, Leire Bilbao idazlea omenduko dute, haur literaturari egindako ekarpenagatik, 12:00etan. Horren aurretik, Bilbao bera ipuin kontalari ariko da Modelo aretoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.