“Historia ofizialaren bidez jaso duguna oso androzentrikoa da”

“Historia ofizialaren bidez jaso duguna oso androzentrikoa da”

Miren Garate

Lehen aldiz, Ikusmira aldatzeko feminismotik zelatan ikastaroa antolatu du UEUk. Irakasleei bideratutako prestakuntza da, eta haren helburua iragana arakatzea, historia ofizialak kontatzen ez dituen emakumeen ekarpenak ezagutzeko. Esparru zabala aztertuko dute, hala nola pertsona arruntak, arlo jakin batzuetan nabarmendu diren emakumeak eta mugimendu feministan aritutako taldeak. Kattalin Artola Vazquez Emagineko kideak (Hernani, 1995) zuzenduko ditu saioak. Aste honetan egin dute lehena, online, eta urriaren 30ean amaituko da ikastaroa.

Genealogia feministei begira jarriko zarete ikastaroan. Zergatik?

Historia ofizialak ez gaituelako emakumeok barruan hartzen: mugimendu feminista bezala izandako lorpenak ez ditu kontuan hartzen, ezta isilean egon diren eta ikusezin bihurtu diren emakumeek egindako ekarpenak ere. Historia ofizialaren bidez jaso duguna oso androzentrikoa da, eta guretzat oso inportantea da horri buelta ematea, gure genealogia propioa zein izan den jakitea.

Zertan lagun dezake iragana ezagutzeak?

Ez gara honaino iritsi, soilik, historiak aitortzen dituen izenei esker; ezta gutxiago ere. Non dago herriaren erdia kontakizun horretan? Gure gazteek ikasten dituzten mugarriez harago, badago bizitza, erronka, erresistentzia eta urraketa, eta hori deskubritu gabe ez dugu etorkizunera begiratzerik.

Zenbat denbora egingo duzue atzera?

Euskal Herriko genealogia feminista arakatzen 1970eko hamarkadatik hasiko gara, baina aztertuko ditugu askoz lehenagokoak diren emakume jakin batzuk ere.

Emakumeek zer esparrutan egindako ekarpenak landuko dituzue?

Esparru asko daude, eta pixka bat denak ukitzen saiatuko gara: hezkuntza, zientzia, etxeko langileak… Mugimendu feminista osatu duten emakume eta taldeei ere garrantzi handia emango diegu, ildo ezberdin ugari jorratu baitituzte: abortatzeko eskubidea, enplegua birpentsatzearen garrantzia, emakumeen lan baldintzak… Errepaso oso bat egitea da gure asmoa. Azken batean, arlo guztietan egon izan dira emakumeak.

Zer helburu jarri dizkiozue ikastaroari?

Batez ere, hezkuntza arautuko irakasleak prestatzeko sortutako ikastaroa da, eta ikastaroan ikasitakoa beren ikasleekin nola aplika dezaketen ikustera dago bideratua.

Online izango da ikastaroa. Nola egituratu duzue?

Alde batetik, edukia landuko dugu, teoria, baina teoriaz gain, garrantzi handia hartuko dute ikas jarduerek ere: gai bat landu ostean, ariketa bat egin beharko dute ikasleek. Gure ingurura begiratu, eta daukagun errealitatea aztertuko dugu. Praktikara begira prestatutako ariketak izango dira, irakasle bakoitzak lanean dituen oztopo eta erronkei begirakoak. Denon artean partekatuko ditugu ariketa horiek; izan ere, interesgarria iruditzen zaigu zentro eta testuinguru ezberdinetan dauden irakasleek puntu bat izatea bakoitzak dituen baliabideak partekatzeko. Ahulguneak eta indarguneak identifikatzen eta aurrera egiten lagun dezake.

Maiz aipatu izan da testu liburuetan hutsune handiak daudela emakumeek egindako ekarpena kontatzeko orduan. Esango zenuke neurri batean irakasleen borondatearen mende dagoela horri buelta ematea?

Nahiko genuke ikastaroko ikasleek beren ikastetxean ematen dituzten ikasgaietan emakumeen ekarpena edo generoaren ikuspuntua modu transbertsalean sartzeko ahalegina egitea. Berdin du matematika eman edo gizarte eman, denetan sar daiteke, guk hori sinesten dugu behintzat. Legez, berez, nahiko babestuta gaude: berdintasun legeak daude, hezkidetza planak… Baina irakasle bezala ere interesgarria da feminismoan prestakuntza izatea, eta hori askotan bada norberaren esku dagoen zerbait.

Aste honetan egin duzue lehen saioa, eta urriaren 30era arte iraungo du ikastaroak. Zenbateko dedikazioa eskatuko die ikasleei?

Zerbait arina izatea nahi genuen, jendea lanean ari delako eta abar. Kalkulatu dugu astean bost ordu inguru eskaini beharko dizkiotela ikastaroari.

Leave a Reply

Your email address will not be published.