Miren Garate
“Ez dago inondik inora ikuspegi historizista bat”, ohartarazi du Jagoba Astiazaranek (Zestoa, 1986); ez dela Juan Ignazio Iztuetaren gaineko ikerketa lan bat espero behar. Iñar Sastrerekin (Irura, 1986) batera osatu duen Arineketan diskoak pianoa eta txistua ditu oinarri, eta haren ezaugarri nagusitzat “alaia” hitza aipatu du, baita “dantzagarria” ere. Dantza.eus atarian dago salgai, eta sare sozialen bidez ere eskura daiteke. Diskoaz gain, zuzeneko emanaldi bat ere prestatu dute.
Nondik nora etorri da zuen proiektu hau?
Iñarrek eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta hainbat proiektutan parte hartu izan dugu elkarrekin, baina inoiz ez genuen ezer sortu biok bakarrik. Duela hiru bat urte esan genuen: “Zer egin dezakegu biok?”. Dantza taldeetan elkarrekin ibilita geunden musikari bezala, eta iruditu zitzaigun Juan Ignazio Iztuetaren urteurrena aitzakia polita zela hura abiapuntutzat hartzeko [2017an izan zen Iztuetaren jaiotzaren 250. urteurrena]. Urteurren hartatik gu lanean hasi ginen arte, ordea, pare bat urte pasatu ziren, eta ikusi genuen materiala abiapuntu modura hartzea ondo zegoela, baina gaur egunera ekarri behar genuela.
Nola egin duzue gaur egunera ekartzeko prozesu hori?
Alde batetik, euskal erritmoen zaharberritze bat egin dugu, melodia zaharrak hartu eta gaur egungo estilora ekarri ditugu: pop-rockarekin nahastuz Eñaut Elorrietaren ahotsean, jazz ukitu bat emanez Ainara Ortegaren ahotsean, erritmo latinoetara gerturatzen den arin-arin bat ere sortu dugu… Bestetik, erritmo tradizionalak oinarri dituzten melodia berriak ere sortu ditugu.
Diskoko zenbat abesti dira zuek sortutakoak eta zenbat Iztuetak jasotakoetatik moldatuak?
Erdi eta erdi, gutxi gorabehera. Iztuetarenak esaten dugunean, ez dago inondik inora ikuspegi historizista bat. Ez da espero behar Iztuetaren ikertze lan bat. Dagoen materialarekin dibertitzen eta material hori gaur egunera ekartzen saiatu gara gu, gaur egun entzungo liratekeen bezala jotzen. Geuk sortu ditugunetan, berriz, zortzikoen, ezpata dantzen, arin-arinen eta abarren oinarria hartu dugu, erritmoa, baina betiko melodiak erabili beharrean, berriak sortu ditugu, guztiz itxuraldatzeko. Hartara, oinarrian beti dago tradizioa, baina beste ikuspegi batetik.
Zein helbururekin egin duzue Arineketan?
Dantza taldeentzako materiala sortzea izan da gure nahia. Gaur egun, berritu nahi dutenean, dantza taldeek melodiak eta doinuak atzerritik hartzen dituzte askotan, eta gureak diren erritmoak eta melodiak dantza taldeen esku utzi nahi genituen. Uste dut dantza dela lan honetako hitz magikoa, pieza denetan dago dantzatzeko moduko zerbait.
Aipatu izan duzue umorea ere sartu nahi zenutela. Nola egin duzue?
Erritmo latinoetara gerturatu dugu arin-arin bat, Bizeten Carmen operako habanera nahastuta egin dugu aurresku bat, Pintto-pintto ere entzuten da bat-batean… Horrelako ukituak ditu. Alaitasuna da diskoaren ezaugarrietako bat, une oro saiatu gara gauza bizi bat izan dadin.
Diskoaz gain, zuzeneko emanaldi bat ere prestatu duzue. Nolakoa izango da?
Taldea handitu dugu zuzenekoetarako, eta, Iñar eta bioz gain, Xabi Zeberio ariko da biolinean eta Agate Amilibia txeloan. Haatik dantza konpainiaren kolaborazioa ere izango dugu, eta dantzariak izango ditugu beti zuzenekoetan, dantzarako sortutako proiektu bat izanda, dantzak ere izan behar baitu presentzia.
Zestoan aurkeztu behar zenuten irailaren 19an, baina COVID-19agatik bertan behera utzi behar izan zenuten emanaldia. Badituzue saio gehiago lotuta?
Zestoako ekitaldia egiterik ez genuen izan, baina egiteko konpromisoa badaukagu, oraindik datarik ez dugun arren. Zestoan ezin izan genuenez, Donostian egin genuen aurkezpen xumeago bat. Bira txiki bat ere ari gara antolatzen. Aurrena Anoetako plazan izango da, urriaren 11n, eta Bergaran, Bilbon eta beste herri batzuetan ere izango gara.
Nolakoa izan zen Donostiako emanaldia?
Oso goxoa eta hunkigarria. Lana aurkezteko behar horri lotuta, tentsio handia genuela uste dut, eta hasi orduko lehertu ginen emozioz. Lekuz ere gertuagokoa zen, beteta zegoen, eta emanaldi akustikoa izan zen. Lehen aldiz, streaming bidez Facebooken zuzenean eman genuen, eta horrek ere harrera ona izan zuen. Danbolin Zestoako herri aldizkariak zuzenean eman zuen, eta Zestoako emanaldira joatekoak ziren eta konfinatuta zeuden herritar askok ikusi zuten.
Leave a Reply