Irudi bat, hamaika begirada

Irudi bat, hamaika begirada

Aitziber Arzallus

I rakurle taldeetan liburuak eta zine-klubetan filmak nola, irudiak aztertzeko eta haien inguruan hausnartzeko espazioen beharraz ohartuta zeuden Azpeitiko Dinamoa sormen gunearen sustatzaileak, eta joan den astean abiarazi zuten hutsune hori betetzera datorren egitasmoa: Ikusle Taldea.

Dinamoko jarduna lau eremutan bereizten dute —hitza, irudia, soinua eta gorputza—, eta irudiaren eremuko egitasmoa da martxan jarri berri dutena. “Hasieratik garbi geneukan lan egin behar genuela irudiak sortzeko, baina, sortzearekin batera, hartu behar genuela tarte bat sortze prozesu hori bera aztertzeko eta horri buruz hausnartzeko”, azaldu du Dinamoko kide eta egitasmoaren sustatzaile taldeko Xabier Gantzarainek. Eta hori da Ikusle Taldean egingo dutena: irudi bat hartu eta haren inguruan jardun. “Prozesu hori geldotu, gelditu ahal baldin bada, eta kontzientzia hartu prozesu horri buruz: irudi batek zer kontatzen duen, nola kontatzen duen, nola jaten ditugun irudi horiek, horrek zer eragin duen gugan, eta abar”.

Irudi bat izan daiteke artelan bat, egunkari edo liburu baten azala, Instagrameko argazki bat, marrazki bat, GIF bat, meme bat, film baten aurrerapena edo iragarki bat. “Denak dira irudiak, norbaitek, nolabait, noizbait, nonbait eta zerbaitetarako sortutakoak. Baina, sortzailearen intentzioa edozein izanik ere, ikusle bakoitzak bere lekutik begiratuko die irudi horiei, eta bere erara irentsiko ditu”. Eta, hain zuzen ere, horixe da interesgarriena, Gantzarainen iritziz, eta horretarakoxe sortu dute Ikusle Taldea Dinamoan: “Hausnarketa horiek partekatzeko eta taldean hitz egiteko irudiari buruz, baina ez bakarrik proposatzen dugun irudi horri buruz, irudi batetik abiatuta beste gauza askotaz hitz egiten baita”.

Funtzionatzeko modu sinplea izango du taldeak. Hilean behin elkartuko da, hileko azken asteartean, 19:00etan, sormen gunean bertan, eta aurrez Dinamoaren webgunean —Dinamoa.eus— argitaratuko eta sare sozialen bidez zabalduko duten irudi baten bueltan aritzeko aukera izango dute bertara joaten direnek. Interesa duen eta nahi eta ahal duen orori irekitako egitasmoa da, aurrez izena eman beharrik gabe. “Irakurle taldeen ohiko formatua erabiltzea erabaki genezakeen, alegia, talde itxi bat osatu eta dinamizatzaile bat jartzea, baina ez, dinamika irekiagoa hobetsi dugu, ez bestea okerragoa iruditzen zaigulako, hierarkiak egituratzea hautsi nahi izan dugulako baizik”, azaldu du Gantzarainek. Ikusle Taldea erabat irekia izatea nahi dute, hortaz. “Horrekin lortu nahi duguna da hilero elkartzen den jendearen artean konfiantza giro bat sortzea, eta denborarekin, taldekideak eurak izatea irudiak proposatuko dituztenak eta dinamizatzaile lanak egingo dituztenak”.

Erabat solasaldi libreak eta ez-akademikoak izango direla nabarmendu du Gantzarain Dinamoa sormen guneko kideak. “Denok dakigu irudiak ikusten, denok ikusten ditugu irudiak, denok prozesatzen dugu informazio hori guztia; beraz, denok daukagu zeresana”. Eta, hain zuzen ere, harentzat, horixe da aberasgarriena, “jakitea irudi berak zer irakurketa diferente izan ditzakeen ikusten duenaren arabera, aztertzea zergatik gertatzen den hori, bakoitza nondik abiatzen den, bakoitzak zer background duen eta horren arabera zer lotura egiten dituen, eta abar”.

Bigarrena, hilaren 27an

Ikusle Taldea irailaren 29an bildu zen lehendabiziko aldiz, Raymond Pettibonen marrazki baten bueltan. Hamabost bat lagun elkartu zirela esan du Gantzarainek, eta ia ordu eta erdi inguruz aritu zirela hizketan. Lehen saioa izanik eta euren proposamena izanik, Gantzarainek berak egin zituen dinamizatzaile lanak, eta aitortu du “oso gustura” aritu zela, eta gainontzeko parte hartzaileak ere hala irten zirela saiotik. “Denetariko” jendea azaldu zela esan du, bazirela irudiari lotutako gauzetan “bagaje handiagoa” zutenak, eta baita ez zutenak ere, “baina denen proposamenak izan ziren interesgarriak; askotan, ikuspegi inozoagoa duen batek bota baitezake ustez adituagoa den beste batek planteatzen ez duen zerbait”.

Ikusle Taldea hilaren 27an bilduko da berriro, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean, Soreasun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.