“Garbi dago eskola ez dela nahikoa”

“Garbi dago eskola ez dela nahikoa”

Miren Garate

Ahobiziak eta belarriprestak izan ziren protagonista 2018ko Euskaraldian. Bi figura horiek ezagunak ziren aurretik ere Lasarte-Orian, 2016an herrian egindako 40 egun euskaraz egitasmoan erabili baitziren lehen aldiz. Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzat zegoen diseinatuta berez, baina Lasarte-Orian lehentasuntzat hartu zuten nerabeekin lanketa bat egitea, eta egitasmoa haiei ere egokitu zieten, ikerketa-ekintza formatuan. Ateratako emaitzak Nerabeak Euskaraldian liburuan jaso dituzte —Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak, Lasarte-Oriako Udalak, Oriarte institutuak, Ebetek eta Ttakun kultur elkarteak hartu dute parte—. Azken horretako langilea da Jon Pello Artetxe, eta, erabilera areagotzeko, beharrezko ikusten du eskolaz kanpoko jardueretan ere euskarak presentzia izatea.

Ahobizi eta Belarriprest figuren diseinua nerabeen hizkuntza-ohituretan eragiteko eraginkorra al den ikusi nahi zenuten. Kuantitatiboki, lortu al zuen Euskaraldiak nerabeek euskara gehiago erabiltzea?

Bai, ikusi zen erabilerak dezente egin zuela gora. Ez da komeni datu horiekin gehiegi txoratzea, neurketa egiteko gazteek beraiek erantzundako galdetegiak erabili zirelako eta egin duzuna baino pixka bat gehiago egin duzula esateko joera egon daitekeelako, baina paperean emaitzak oso onak izan ziren. Euskaraldia amaitu eta pare bat hilabetera, beste erronda bat egin zen, eta, hasierako aparra jaitsita zegoen arren, Euskaraldiak eragindako hobekuntzak jarraitu egiten zuela ikusi zen.

Eta kualitatiboki nola bizi izan zuten gazte horiek Euskaraldia?

DBHko lehen eta bigarren mailakoek eta batxilergokoek batzorde bana sortu zuten, eta horiek institutu mailan nahiz herri mailan aktibazio lan interesgarria egin zuten. Batzorde horietan parte hartzea borondatezkoa zen, eskolaz kanpoko zerbait: ahalduntzea eskatzen zien partaideei. Aktibazio horrek gerora ere jarraitu zuen, esate baterako, handik hilabete batzuetara egindako Korrikan.

12-18 urte artekoekin egin duzue lan. Horietatik ia guztiek dakite euskaraz Lasarte-Orian. Hala ere, nerabeen artean Belarriprest figura indartzen ahalegindu zineten. Zergatik?

Belarriprest figura indartu nahi izan genuen Ahobizi figurak izan zezakeen karga arintze aldera. Alabaina, Belarriprest aktiboak bilatu genituen, hau da, erabilerarako ere prestutasuna izango zutenak, aldi berean Ahobizi izate horrek edukiko zuen derrigortasunaren karga gutxitu nahian edo.

Egindako ikerketaren emaitzetako bat izan da nerabeei gehiago kostatzen zaiela talde handietan euskaraz hitz egitea bizpahiru lagunen artean baino. Zergatik izan daiteke hori?

Lasarten igotzen ari dira ezagutza ehunekoak, eta nerabeen artean ia-ia unibertsalizatu ere egin da euskararen ezagutza. Alabaina, gehiengo handi batek gaztelania du oraindik ere lehen hizkuntza, eta, nahiz eta horietako askok euskaraz ere egiten duten, badago gaztelaniara jotzeko berezko joera bat, batez ere eremu informaletan. Orduan, euskaraz aritzeko joera handiagoa duen jende horrek ere askotan lagunarte erdaldunxeagoetan egin ditu kuadrilla naturalak, eta hor binakako edo hirunakako euskarazko elkarrizketak errazagoak dira taldean egindako euskarazko elkarrizketak baino.

Hobetu beharreko zer identifikatu duzue?

Garbi dago eskola ez dela nahikoa. Kirola Euskaraz eta horrelako programa batzuk sortu ziren orain sei-zortzi urte, erabat deskafeinatuta daudenak, baina eskolaz kanpoko jardueretan —futbolean, saskibaloian, dantzan, antzerkian…— behar-beharrezkoa da euskararen presentzia, gazte horiek heldu erreferente euskaldunak ere izan ditzaten. Bestela, eskolako irakasleak edo eremu oso formalei lotutako erreferentziak bakarrik izaten dituzte gazte horiek.

Komunikazio digitalak ere pisu handia du nerabeen artean. Arlo horretan egiten duten euskararen erabilera ikertu al duzue?

Orduan ez, baina aurten badago zerbait egiteko asmoa. Programa zabala da Nerabeak Euskaraldian, eta zati bat Oriarte institutuan egiten da. DBHtik batxilergora arteko programa bat dago, Elemeleka izenekoa, eta aurten, DBHko hirugarren eta laugarren mailetan hiruzpalau saio egingo dituzte, komunikazio digital hori erdigunera ekartzeko eta ikusteko gazteek zer eduki kontsumitzen dituzten, euskarak zer presentzia duen horietan eta abar…

Bestelakoan, zer egiteko asmoa duzue aurtengo Euskaraldiari begira?

Zikloka, programazio ezberdinak ditugu pentsatuta, eta DBH1etik batxilergora arteko ikasle guztiengana iritsiko gara. Saio horietatik abiatuta, ea euskara batzordeak sortzen ditugun, eta batzorde horietatik zenbateko aktibazio maila lortzen dugun. Euskaraldiaren heldulekuaren bidez, gazteak motibatzea nahi dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.