Imanol Garcia Landa
Gizonezkoen areto futbolean maila handiena duten Gipuzkoako bi taldeak oso gertukoak dira: Ibarrako Lauburu eta Tolosako Laskorain Espainiako Bigarren B Mailan lehiatzen dira. Iazko denboraldia berezia izan zen, etenaldia egin eta lehenago bukatu behar izan zutelako. Bi aste barru hasiko denak ere ez dirudi ohikoa izango denik. Haien multzoa, bigarrena, bi azpimultzotan banatu dute. Gipuzkoako bi taldeak azpimultzo berean daude, beste sei talderekin batera. Beste azpimultzoak bederatzi talde izango ditu. Liga bukatzean, azpimultzo bakoitzeko lehen laurak igoera faserako sailkatuko dira, eta azkeneko laurek jaitsiera fasea jokatu beharko dute.
Jose Julio Arregi Jota entrenatzaile gasteiztarrak lehen denboraldia du Ibarrako Lauburu taldean. “Klubean izan dudan hasiera arraroa izan da. Egoera berezi bat bizi dugu, eta jokalariekin ia kontakturik izan gabe hasi gara. Udan ere entrenamenduak etxetik egin ditugu, eta jarraipena zailagoa izan da. Pistan lanean orain sei bat aste hasi ginen, jokalariak sei hilabete bertan entrenatu gabe egin ondoren”. Egokitzapen prozesu bat egin behar izan dutela dio Arregik: “Ligaren lehen partidara egoera onenean iritsi nahi dugu, eta entrenatzaile bezala asko estutu nahi duzu, baina badakizu motel aritu behar zarela”. Gustura dago Arregi jasotako harrerarekin: “Espero nuena aurkitu dut Ibarran: oso klub ona, oso ondo egituratuta eta antolatuta. Iritsiera ona izan da, baina atipikoa”.
Tolosako Laskorain taldean, berriz, hirugarren denboraldia hasi du Narciso Pavo entrenatzaile eskoriatzarrak. Gustura dago aurreko denboraldian taldeak egindako lanarekin, eta gogotsu dago datorrenari begira. “Maila honetako talderik gazteena dugu, eta beste taldeekin lehiatzeko gai izan ginen aurreko denboraldian. Ez ginen jaitsierako postuetan egon”, adierazi du Pavok. “Hazteko tarte handia dugu, eta horretan ari gara. Jokalariek sekulako jarrera daukate lana egiteko eta ikasteko, eta ni oso gustura nago haiekin”.
Batzuk etorri, besteak joan
Aldaketak izan dira bi taldeetan. Aitzol Oiarbide Lauburuko jokalariak kluba utzi du, eta Oihan Carlosena eta Javi Saldise Tafatrans taldera joan dira. Aurpegi berriei dagokienez, San Juan taldeko Raid Sbaa fitxatu dute, eta beheko taldetik Alvaro Alonso eta Oier Bengoetxea igo dira. “Hamar jokalari eta hiru atezain ditugu”, esan du Arregik. “Pixka bat murritza da kopurua, baina egun bizi dugun egoera oso konplexua da; ziurgabetasun gehiegi dago, fitxaketa gehiago egiteko”.
Hiru jokalarik utzi dute taldea Laskorainen: Josu Iturraldek, Eñaut Vazquezek eta Alex Ibañezek. Izen berriak ere batu zaizkie, ordea: Joseba Sagastume, Urko Gago, Josu Mujika eta Jon Varela. “Eskualdeko jokalariez hornitzen gara”, nabarmendu du Pavok. Orain hainbat jokalari lesionatuta daudela dio, baina gaineratu du horiek laster berreskuratzeko konfiantza duela, taldeko fisioterapeutari esker.
Goiko postuetan egotera ohituta dago Lauburu. Aurreko denboraldian, esaterako, Espainiako Kopa jokatzeko aukera izan zuten, orain bi denboraldi bigarren egin ondoren. Helburua ligako lehenbiziko lau postuetan egotea da denboraldi honetan. “Hortik aurrera ez dugu talde teknikotik beste planteamendurik, egun dagoen ziurgabetasunarekin ez duelako zentzurik horretan hasteak. Oraindik ez dakigu denboraldia osatu ahalko dugun”, zehaztu du Arregik. “Lauburu talde historikoa da Bigarren B Mailan, eta klubaren asmoa beti goiko postuetan egotea izaten da. Aukera iristen bada, mailaz igotzen saiatuko gara”.
Bere aldetik, Pavok esan du aldiro hurrengo partida irabaztea izaten dutela xede: “Ilusio handia dut taldearekin, asko sinesten dut beraiengan”. Laskorainen helburu nagusia maila mantentzea da, eta, horretarako, ligako lehen lau postuetan sartzen saiatuko dira. “Jende gazte honekin maila mantentzea ederra izango litzateke. Etorkizun handia dute, ausartak dira, ikasteko gogoa dute, eta jarrera bikaina erakusten dute. Denboraldi-aurreko sentsazioa oso ona izaten ari da”. Bigarren B Mailan lehiakor izaten jarraitzeko “lana eta lana” egitea besterik ez dagoela gaineratu du Laskoraingo prestatzaileak.
Bidaia motzagoak
Hilaren 31n hasiko dute liga Lauburukoek, Bilbon, Gora Bilbo taldearen aurka. Egun berean, Laskorainek Burgosko Juventud del Circulo taldearen bisita jasoko du, Tolosako Usabal kiroldegian. Aurreko denboraldietan Guadalajararaino eta Valentziaraino bidaiatu behar izaten zuten, esaterako, baina denboraldi honetan ez dute bidaia hain luzerik egin behar, oraingoz. Castro Urdiales eta Burgos izango dira ligan urrutien izango dituzten lekuak.
Bi klubak aurkariak izan arren, harreman ona daukate; baita jokalariek euren artean ere. Orain bi asteburu, lagunarteko partida jokatu zuten Ibarrako Belabieta kiroldegian. Laskorainek 1-3 irabazi zuen, baina emaitza horrek ez du balioko ligan elkarren aurka jokatuko dituzten bi partidetarako. Orduan, puntuak egongo dira jokoan.
Leave a Reply