Laida Goiburu
Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioak martxan jarri duen errege dekretu baten arabera, abeltzainek ezingo dute larreetan minda zisternarekin eta abanikoarekin zabaldu lurra ongarritzeko, eta bestelako sistemak erabiltzera behartuko ditu.
Proiektuaren aurkako alegazioak abiarazi dituzte hainbat sindikatuk, eta horien artean dago ENBA Euskal Nekazarien Batasuna. Sindikatuak uste du ezin dela beste sistemarik erabili Euskal Herriko mendi maldetan eta inguruetan, eta %10-12 baino gehiagoko malda duten lurretako abeltzainak dekretua betetzetik salbuetsita geratzea eskatu dute. Gipuzkoako nekazaritza inguru askori eragingo lioke horrek.
2001ean du jatorria auziak. Europako Batasunak berotegi efektuko gasak gutxitzeko zenbait neurri argitaratu zituen, eta hamar urteko epea eman zien estatukideei markatutako helburuak betetzeko. Landa garapenerako laguntzak jaso ahal izateko baldintzen artean zegoen kanoia edo abanikoa ezin zela erabili minda zabaltzeko. Espainiako Estatuko erkidego batzuetan salbuespenak egin izan dituzte orain arte; horien artean, EAEn. Orain, ordea, Nekazaritza Ministerioak errege dekretu bidez arautu du jardun hori. Dekretuarekin, lan egiteko modua aldatuko zaiela azaldu dute nekazarien sindikatuek.
“Errege dekretuak oinarrian dio ezin dela lurra nahieran ongarritu; lurraren azterketa bat egin behar dela aurretik”, esan du Xabier Iraola ENBA sindikatuko Gipuzkoako koordinatzaileak. Lurra aztertu beharko dute lehendabizi, eta, beraz, lur horren propietateen araberako ongarritze sistema aplikatzeko. “Hori da guretzat aldaketa mentala eta aldaketa nagusia dakarrena”, adierazi du Iraolak.
Ongarri organikoak lehenetsi beharko dituzte abeltzainek, eta, ongarriaren hezetasunaren arabera, sistema bat edo beste ezarri beharko dute. Hezetasuna %65etik gorakoa baldin bada, ezingo dute zisternarik, abanikorik edo platerik erabili minda zabaltzeko, mindak amoniakoa sortzen duelako aireztatzean: “Euskal Herrian eta Bizkaiko golkoko lurretan %80tik gorakoa da hezetasuna, minda likidoa baita”, azaldu du Iraolak. Zisternarik, platerik eta abanikorik gabe inguru horretan minda zabaltzeko beste modurik ez dutela gehitu du: “Lurrean bota dezakezu eta goldearekin nahastu lur azpian sartzeko; kutsadura gutxitzen da horrela. Mendialdean, ordea, ezinezkoa da makineria belardira sartzea, dauden aldapa handiak eta hemengo klimatologia kontuan hartuta”.
ENBA Euskal Nekazarien Batasunak, Asaga Galiziako Nekazaritza Elkarteak, Asturiasko (Espainia) Asajak, Kantabriako (Espainia) Asajak eta Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak bat egin dute dekretua Bizkaiko golkoan ez ezartzea eskatzeko orduan. “Bizkaiko golkoko abeltzaintzaren aurkako eraso zuzen bat da”, esan dute prentsa ohar batean.
Debekutik salbuespenera
Dekretuko arauak ezin baldin badituzte bete, askok jarduera utzi beharko dutela azaldu du Ordiziako Arramendi baserriko Joxe Ramon Arsuagak: “Baserrien itxiera ekar dezake. Lurra landu egin behar da arau horiek betetzeko, eta hemengoa ez da lantzeko modukoa. Belardi naturalak dira, eta ezinezkoa da”.
Erabakiak Bizkaiko golkoko ekoizpena “beste zona lauago batzuetara deslokalizatzeko” helburua izan dezakeela uste du Iraolak, eta erantsi du hori “larria” izango litzatekeela sektorearentzat: “Ekoizpena Bizkaiko golkotik joango balitz, haren atzetik kooperatibak joango lirateke, eta esne bilketak eta industriak ez lukete zentzurik izango”. Arsuagak ere kezkaz hartu du neurria. Izan ere, dekretua aplikatuz gero, haragi eta esne ustiategi txiki askok itxi egin beharko luketela uste du.
Hobetzeko ahaleginak
Berotegi efektuko emisioak jaisteko ezarritako planak betetzeko modukoak direla uste dute Iraolak eta Arsuagak, euren aukeretan dauden bitartean: “Guk ere pausoak eman beharko ditugu klima aldaketari aurre egiteko, eta emango ditugu, baina badaude gauza batzuk egin ezin ditugunak”, adierazi du Arsuagak. Ildo beretik jo du Iraolak: “Kezkatzen gaituena da gauzak hobeto egin nahi ditugula, eta hobetu egin beharra daukagula; makineria berria erosi, adibidez. Hala ere, badaude ezinezkoak diren gauza batzuk, orografiagatik eta klimagatik”.
Orain arte izan den bezala, halako erabakiak autonomia erkidegoen esku geratzea eskatu dute errege dekretua onartzeko proiektuaren aurka agertu diren bost sindikatuek. Dekretu egitasmo horrek jasotzen duen 11. artikulua da eragozpenik handienak sortzen dizkiena, prentsa oharrean jaso dutenez: “Sektorearen etorkizunerako hori da larriena, orain arte egin den moduan kanoi eta abanikoak erabiltzea debekatzen baitu”.
Leave a Reply