Miren Garate
COVID-19ak hankaz gora jarri ditu udalek urte hasieran onartutako aurrekontuak. Pandemiak espero gabeko gastuak ekarri dizkie, eta, aldi berean, espero zituzten diru sarrerak murriztu. Guztietan egongo da, ordea, urte sasoi honetan gehiago gastatuta behar zuen diru sail bat: festetara bideratu beharrekoa. Sansebastian bezpera eta eguna bera ospatu ziren, San Blas egunaren bueltan antolatzen diren jaiak ere bai, eta inauteriak ospatzeko modua ere egon zen, baina, hortik aurrera, jai giroko ekitaldi bakar batzuk bakarrik antolatu ahal izan dituzte zenbait herritan.
EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko iturriek Gipuzkoako Hitza-ri esan diotenez, ez dute agindu orokorrik eman, eta udal bakoitzaren esku utzi dute diru horrekin zer egin erabakitzea. Dena den, gaur egungo egoera ikusirik, irizpide moduko batzuk partekatzen dituzte alderdi bereko udalek. EAJkoek, esaterako, “lehentasunak markatzea eta lehentasunezkoak ez diren gastuak baztertzea” erabaki dute, bai eta PSE-EEkoek ere; EH Bildukoek kultura babesteko “saiakera berezi bat” egiteko asmoa dute, eta gehienek urtean zeharreko ekitaldiak indartzeko erabiliko dute jaietarako aurreikusia zuten aurrekontuaren zati bat. Adibide batzuk dira ondorengoak.
Arrasateko Udalak 325.000 euro erabili ohi ditu herriko jaiak antolatzeko, urteko aurrekontu osoaren %0,93 inguru. Sanjuanak dira herriko festa nagusiak, ekainean, eta inauteriak —gehienetan otsailean edo martxoan—, santamasak —abenduaren 22an— eta auzoetako jaiak ere ospatzen dituzte. Iazko santamasetan eta aurtengo inauterietan artean ez zen igarri pandemiaren arrastorik, baina bai San Juan jaietan. Ekintza sinboliko xume bat antolatu zuten, baina hori bakarrik, beste ezer ez. “Jaien antolakuntzan parte hartzen duten eragile guztiekin adostutako eta partekatutako ekitaldia izan zen. Hain zuzen, asmoa izan zen jaien antolakuntzan parte hartzen duten eragileak aitortzea eta elkarlan hori islatzea”, azaldu du Maria Ubarretxena (EAJ) alkateak.
Jaietan gastatu ez duten dirua COVID-19ak sortutako ondorioei aurre egiteko erabili dutela dio. “Adibidez, jaietako diruarekin, laguntzak jarri genituen beren establezimenduak itxiak izan zituzten edo diru sarrera txikiagoak izan zituzten herriko denda txikientzat zein ostalarientzat; urteko lehen sei hilabetean uraren eta zaborraren tasa ere ez genien kobratu, eta terrazak jartzeko tasa ere hobaritu genien”. Horrez gain, jaietako aurrekontuaren zati bat osasun baldintzak bermatzeko materiala erostera bideratu dutela kontatu du.
Sanjuanak egiterik izan ez zuten arren, uztailean Udazabal izeneko egitaraua prestatu zutela nabarmendu du Ubarretxenak. “Kulturaren aldeko apustu irmoari eutsi genion: kontzertuak eta ikuskizunak antolatu genituen aire librean, herriko auzo etan; edukiera mugatua eta doako sarrerak izan zituzten, eta bertako artistak kontratatu genituen”.
Eta, pandemiaren eraginez urteko aurrekontua egokitu behar izan badute er,e bide beretik jarraitu dutela dio alkateak. “Laguntza gehigarriak jarri ditugu tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko, hala nola, erosketak egiteko bonuak eta inbertsioak egiteko diru laguntzak. Merkatari elkartearekin elkarlanean, kontzertuak antolatzeko ere 25.000 euro bideratu ditugu, berriz ere kulturaren alde eginez”.
San Miguel jaiak ospatzen dituzte Iruran, bi asteburutan banatuta. Berez, iraileko azkenengoan eta urriko lehendabizikoan ziren aurtengoak, eta udalak 43.000 euro zituen gordeta haiek antolatzeko —2,4 milioiko aurrekontua du herriak; beraz, %2 inguru dira jai horietarako—. Egin ez direnez, diru horren zatirik handiena kultur ekitaldiak antolatzeko erabiltzea erabaki dute. Hain zuzen, irailean, urrian, azaroan eta abenduan ia astero zerbait antolatzeko asmoa du Kultur Mahaiak —herriko kultur elkarteek eta udalak osatzen dute—.
Bi mila biztanle inguruko herria da Irura, eta Gorka Murua alkateak (EH Bildu) esan duenez, hainbeste kultur jarduera egotea ez da ohikoa herrian. “Hasieratik izan genuen argi kultura sustatu nahi genuela, bertako sortzaileei lagundu nahi geniela; horrez gain, ikusi genuen pandemia garai honetan oso beharrezkoa dela kultura, jendeak arnasgune batzuk behar dituela”. Badute beste helburu bat ere: urte gutxian asko hazi da herria, eta etorri berri diren horiei herrira egokitzen lagundu nahi diete. “Pandemiagatik hasi gara, baina bestela ere bagenuen urtean zehar kultur ekitaldiak sustatzeko asmoa”.
Alkateak nabarmendu du, neurri zorrotzak hartuz gero, kultur ekitaldiak seguruak direla. Aire libreko ekitaldiak lehenetsi dituzte, eta frontoian eta plazan izan dira orain arteko kontzertuak, antzerki emanaldiak, bertso saioak eta abarrak. Gonbidapenen bidez mugatu dute edukiera, eta antolatu dituzten ekitaldi horiek euskal kulturari lotutakoak izan dira. “Sortzaileek asko eskertzen dute gure ahalegina, lehen ere egoera zailean zeudelako, eta orain are zailagoan, eta herritarrek ere eskertzen dute”.
COVID-19ak eragin duen egoera ekonomikoa medio, aldundiak erabaki du %20 murriztea udalen finantzaketarako funtsa. Hala, espero baino 270.000 euro gutxiago jasoko ditu Irurak. Muruak azaldu du argi izan dutela non egin murrizketak eta non ez. “Gizarte zerbitzuetako arloa eta kulturakoa indartu ditugu, eta berdintasuna eta ingurumena ere funtsezkoak dira guretzat”. Aldiz, inbertsio batzuk, oraingoz, bertan behera utzi dituzte, besteak beste, aurten egitekoa zuten multikirol espazioa, 100.000 euroko inbertsioa eskatzen duena. “Seguru asko defizita izango dugu urte bukaeran, baina halabeharrez izango da”.
Bost zinegotzi ditu EH Bilduk udalean, eta lau EAJk. Hartutako erabakiak oposizioari zer iruditu zaizkion galdetuta, alkateak esan du zenbait ekitaldi ez zitzaizkiola “hain beharrezkoak” iruditzen. “Baina krisi sozial eta ekonomikoaz gain, krisi psikologikoa ere badago, gure bizi baldintzak erabat aldatu dira, eta horri aurre egiteko kultura beharrezkoa dela uste dugu guk, eta horregatik egin dugu apustu hau”.
Pandemiaren hasiera samarrean iragarri zuen Zumarragako Udalak 400.000 euroko diru sail bat jarriko zuela fakturazioa erdira edo gutxiagora murriztu zitzaien merkatariei, ostalariei eta autonomoei laguntzeko. “Horretarako dirua, hein batean, jaietarako aurreikusitako aurrekontutik atera dugu”, esan du Mikel Serrano (PSE-EE) alkateak. Uztailaren 2an izaten da Santa Isabel eguna, eta haren bueltan antolatzen dituzte herriko jai nagusiak. 120.000 euro inguruko aurrekontua izaten dute herriko aurrekontu osoaren %0,96 inguru—. Aurten, ekitaldi bakarra izan da festa horietan: Antioko elizan eta Euskadiko plazan dantzatutako ezpata dantza. Jende ugari erakarri ohi duen beste ekitaldi bat ere badute herrian: Santa Luzia eguneko azoka, abenduaren 13an. Joan den astean jakinarazi zuten hura ere bertan behera geratuko zela. Urretxuko Udalarekin batera antolatzen dute, eta 40.000 euro inguruko aurrekontua izaten du. Horrez gain, auzoetako festak egiteko ere ematen ditu diru laguntzak udalak. Serranoren esanetan, zenbait sailetatik ateratzen dute jaietarako dirua: “Adibidez, Santa Lutzi egunerako prestatzen ditugun postuek jaiekin dute zerikusia, baina mantentze lanetarako diru sailetik joaten da diru hori”.
Festak egin ez badira ere, Zumarragako alkateak kontatu du ahal duten heinean kultur ekitaldiak antolatzen jarraitu nahi dutela, eta arlo horretan ez dela hainbesteko murrizketarik izango. “Esate baterako, Antioko Musikaldiari eutsi egin genion irailean, eta bestelako kontzertuak ere izan dira herrian. Beste batzuk, berriz, bertan behera utzi beharrean, atzeratu egin ditugu”.
Jairik ez egiteak diru hori aurrezten lagunduko die, baina, Serranoren esanetan, ez da nahikoa izango bestela sortu zaizkien gastuei aurre egiteko, eta “lehentasunak finkatu” behar izan dituztela kontatu du. Zumarragako Udalak harreman estua du alkatetza sozialistek duten Gipuzkoako beste udalerriekin —Eibar, Andoain, Berrobi, Irun, Larraul, Lasarte-Oria eta Pasaia—, eta, alkatearen hitzetan, antzeko neurriak hartu dituzte guztiek. Egoerari aurre egiteko, aurrekontuak doitu behar izan dituzte. “Jarri beharreko neurri guztiak oposizioko alderdi guztiekin partekatu ditugu, eta askotan sentitu dut Zumarragan denok izan garela gobernu: oposiziokoak eta gobernu taldekoak”. Egoerak aurrera egin ahala, ordea, hori pixka bat aldatu egin dela dio. “Orain, bakoitza bere esparrua aldarrikatzen-edo ari da, eta guk oposizioan gauden beste herrietan onartu ditugun gauza batzuk Zumarragan ez dituzte onartu alderdi horiek”.
Leave a Reply