Juan Luis Zabala
Ni ez nauk negazionista… —esan zidan. —Baina… —eten nion. —Baina Francoren garaian baino askatasun gutxiago zeukaagu gaur egun, ditxosozko COVID-19aren aitzakiarekin. Eta jende mordoa lanik egin ezinda eta zorretan, beste asko maite duen jendea besarkatu ezinda edo hil-hurren dena agurtu ezinda… Hilobian barre algaraka imajinatzen diat Patxi Zaharra.
—Tira, gaur egun inor ez diten fusilatzen Caudillo baten aginduz. Baina egoera latza dun, bai.
—Ezin diat eraman maskara janztearena, ezta kalean jende guztia maskara jantzita ikustea ere, distopia merke bateko estrak balira bezala.
—Aspaldi irakurri nuen ipuin batean, jende guztia etxetik saskibaloiko baloi batekin irtetera derrigortuta zegonan, eta, kalean zebilela, egindako pauso bakoitzeko baloiari bote bat eman behar zionan, saskibaloilariek kantxan egiten duten bezala, poliziaren begiradapean beti, isuna jasotzeko edo kartzelara joateko mehatxupean. Aukeran, gurea nahiago, ezta?
—Akaso dibertigarriagoa izango lukek baloiarena. Ikusten ari nauk kaleak jendeari ihes egindako baloi punpalariz beteta, bata bestearekin talka egiten, bata ibaira eroria, bestea auto batek airean jaurtia, poliziak noren atzetik jo ez dakitela, eta neu kaos horri begira taberna baten barrutik. Taberna! Taberna esan al dut? Taberna esatea ia-ia utopia esatea duk gaur.
—Lekutan geratu dun Jotakieren hura: “Euskadi, taberna bat dirudi!”.
—Ni ez nauk ukazionista…
—Baina…
—Baina iruditzen zaidak pandemiaren aurka hartu diren debekuetako asko gure kalterako izango direla guztia pasatzen denean, inoiz pasatzen baldin bada, eta atzera-bueltarik gabeko askatasun gabezia batera eramango gaituztela. Ez duk egia indartuta aterako garela. Ateratzekotan, kontrolatuago, beldurtuago, otzanago, apalago eta menderatuago aterako gaituk. Gizenak gizendu eta flakoak flakatu egingo ditik honek guztiak, lehenaz gain.
—Ez dinat ezetzik esango. Gainera, neurri handi batean, protesta egiteko aukerarik gabe geratu gaitun, lehentasuna kutsadurak gutxitzea eta osasun zerbitzuak kolapsotik babestea baita, eta horretarako lehenbailehen ezarri behar ditun neurriak, ganoraz eztabaidatzeko astirik gabe. Nik ez dinat bertatik bertara ikusi erietxeetako eta zahar etxeetako egoera, baina fidatzen naun horietan gertatzen ari denaren berri ematen ari zaizkigunez. Hau ez dun ohiko gripearen parekoa. Hartu diren neurriak gehiegizkoak direla argudiatzeko hiltzen diren gehienak zaharrak direla eta lehendik ere beste patologia batzuk zituztela esatea kapazitismo maltzurra dun. Balio gutxiagokoak al dira ba zaharren eta beste patologia batzuk dituztenen bizitzak?
—Txina, antza denez, beste guztien aurretik zebilek kontu honetan. Han, orain lasai joaten omen dituk tabernetara, are diskoteketara ere, maskara ez duk derrigorrezkoa. Zeren truke? Mugimendu guztiak eta osasun egoera guztiz kontrolatuta izatearen truke. Begien bistakoa duk gu ere horretara goazela, inork behartu gabe gainera, geure borondatez, areago, geuk eskatuta.
—Irtenbidetik gero eta urrunago etenik gabeko espiral batean gauden, beraz.
—Ni ez nauk konspiranoikoa…
—Baina…
—Baina batzuentzat ekaitz perfektua izateko itxura guztia zeukak pandemiaren kontu zoro honek.
Leave a Reply