Aitziber Arzallus
2020ko azaroaren 11 ez zaie berehalakoan ahaztuko azkoitiarrei. Ez, behintzat, Anaitasuna futbol taldearen jarraitzaile direnei. Asturiasko (Espainia) Real Titanico taldea 0-2 garaituta, Espainiako Koparako hurrengo faserako sailkatu ziren gorriak. Horren saria: abenduaren 16an Lehen Mailako talde bat etxean hartzea; Txerloia futbol zelaian, hain zuzen. Anaitasuna Hirugarren Mailan jokatzen duen taldea izanda, ez da balentria makala, eta dagoeneko badakite nor izango den etxean hartuko duten talde hori: Getafe (Madril). Kanporaketa irabazi ala galdu, partida historikoa izango da azkoitiarrentzat.
Espainiako Futbol Federazioak astelehen eguerdian egin zuen Kopako zozketa Sevillan (Espainia), Cartuja estadioan, eta zozketa streaming bidez ikusi zuten Anaitasunako hamar bat jokalarik. Ekitaldiaren atarian, urduritasuna eta tentsioa agerikoak ziren haien aurpegietan, puntako arerioa egokitzea nahi baitzuten. Atletico Madril tokatzea amesten zuten jokalari gehienek. Xabier Artetxe entrenatzaileak kontatu zuenaren arabera, behintzat, Asturiasko neurketa irabazi orduko “Cholo Simeone!” oihuka hasi ziren jokalariak. Artetxek berak, berriz, aitortu zuen Sevilla eta Betis zituela buruan, bi talde horietako entrenatzaileak asko gustatzen zaizkiolako: Julen Lopetegi eta Manuel Pellegrini, hurrenez hurren. Alabaina, Getaferekin konformatu beharko dute.
Anaitasunaren bolatxoaren ostean Getafekoa atera zutenean, jokalariek ezin izan zuten atsekabea ezkutatu, baina berehala eman zioten buelta. “Nahiago genuen handietako bat tokatzea, baina Lehen Mailako talde baten kontra Txerloian jokatzea amets bat da guretzat, eta, alde horretatik, gustura gaude, eta aukera aprobetxatzeko eta disfrutatzeko gogoz”, esan du Unai Aranbarrik.
Antzera mintzatu zen Pedro Urdanpilleta ere, klubeko presidentea: “Egia esan, itxaropena bagenuen, baina jakitun gaude sari potoloa bati bakarrik toka dakiokeela, eta berehala eman diogu buelta”. Egokitu zaien aurkariarekin “oso pozik” daudela adierazi zuen. “Getafe ez da edonolako taldea; iaz, Europako Liga jokatu zuen. Entrenatzaile [Jose Bordalas] eta jokalari ezagunak ditu, eta, beraz, pozik egotekoa da”. Gauza bera nabarmendu zuen taldeko entrenatzaile Artetxek ere: “Getafe talde gogorra da; Lehen Mailan oso ondo dabil, eta pozgarria da horrelako talde bat Txerloiara etortzea”.
Abenduaren 16ko partidan, duten guztia emango dute azkoitiarrek, nahiz eta badakiten zaila izango dela sailkapena lortzea. Baina partida irabaztea alde batera utzita, bada egun horretarako desio duten beste gauza bat: zaleen aurrean jokatu ahal izatea. “Pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du guztia, baina gure nahia zaleen aurrean jokatzea da, edukiera erdira murriztuta bada ere”, adierazi du Urdanpilletak. Horrela balitz, 300 bat lagun egongo lirateke harmailetan, “eta batere ez ala 300, alde handia da”, presidentearen hitzetan.
Sare sozialak, sutan
Kopan, Anaitasunaz gain, badira Lehen Mailako taldeen kontra jokatuko duten Hirugarren Mailako talde gehiago, baina beste neurketek ez dute izan azkoitiarren eta madrildarren artekoak izan duen oihartzunik. Joan Aranda jokalari azkoitiarrak zozketaren ostean egindako adierazpenak hautsak harrotu zituen sare sozialetan. Getafe nola hartuko duten galdetu zien kazetari batek, eta “zango-babes berriekin” erantzun zuen futbolariak, Getafekoen jokatzeko moduari aipamena eginez. Anaitasunako zaleei grazia egin zien Arandaren erantzunak, baina haserrea eragin zien aurkariei, eta sekulako tsunamia eragin zuen Twitter sare sozialean.
Leave a Reply