Miren Garate
Garai bateko tailer eta lantegi abandonatuek osatzen dute Infernua deitutako gunea. Donostian dago, Antiguako eta Añorgako auzoen artean, hiriko irteeraren errepide bazterrean. Eraikin horiek etxebizitza moduan hartuak zituzten hainbatek. Pesa autobusen biltegi izandakoan hamar bat lagun bizi ziren. Eta ondoko lantegian, 50 inguru. Azaroaren 5ean hustu zituen biak Ertzaintzak, epailearen aginduz. Zetorrenaren jakitun, ordurako alde eginda zeuden bertan bizi zirenetako asko, eta erresistentziarik jarri gabe atera ziren geratzen ziren besteak. Kanpoan zeuden komunikabideei egindako adierazpenetan, gaua pasatzeko tokirik ez zutela esan zuten, Donostia hiri “arrazista” dela salatzearekin batera.
Bi aste pasatu dira ordutik. Haietako batzuk Infernuko beste eraikinetara edo aurrez okupatutako beste etxe batzuetara joan dira, beste zenbaitek beste eraikin batzuk okupatu dituzte, bakarren bat etxean hartu du norbaitek, eta gainerakoak kale gorrian daude. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, berak bi pertsona bideratu ditu aterpetxeetara. Eraikinak pertsona horientzat “bizileku alternatiba duinik eskaini gabe” hustu izana eta pandemia betean 60 pertsona “kalean noraezean” uztea salatu zuten egun hartan gizarte erakundeek —ohar bat atera zuten Emaus, Caritas Gipuzkoa, Loyola-Etxea, Arrats, Herritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria taldeek—. Eutsi egiten diete orduko hitzei. “Alternatibarik gabe jarraitzen dute pertsona horiek”, esan du Itxaso Agirre SOS Arrazakeriako kideak.
Instituzioen jarrera salatu du Maiderrek ere —ez du abizenik eman nahi—. Infernuan bizi da, baina hustu ez duten etxeetako batean —beste bi eraikinetan bizi da jendea oraindik: guztira, 25 lagun inguru—. “Instituzioek ez dute fitxa bakar bat ere mugitu. Nik neuk ikusi dut jendea Bulebarrean etzanda. Gogorra da auzokoa izandako bat hala ikustea”. Haren esanetan, etxeren batera joateko aukera izan dutenek sare informalen bidez lortu dute etxe hori. Alde horretatik, Donostia inguruko okupazio sareak erakutsi duen elkartasuna eta antolatzeko gaitasuna nabarmendu ditu. “Egun batetik bestera, instituzioek egin ezin izan dutena gure gain hartu dugu”.
Udalak dio eraikinaren jabeak egindako eskaera batengatik etorri zela husteko agindua. Udalak 500 etxebizitzatik gora eraikitzeko asmoa du eremu horretan —erdiak, babes ofizialekoak—.
Beren etxearekiko “kezka”
Maiderrek azaldu du kezkatuta daudela, ez dakitelako noiz arte jarraitu ahal izango duten han. “Epaitegietara bueltaka gabiltza, gure etxearen gaineko prozesurik ba ote dagoen zabalik jakiteko. Baina gutako inor ez gaudenez identifikatuta delitu batengatik, esan digute ezin digutela esan”.
Azaldu duenez, kanporatu nahi badituzte, legez, abisu bat jaso behar dute gutxienez hamabost egun lehenago. “Baina hori fabrikan eta Pesako etxean ez dute egin; orduan, ez dakigu gure etxea ere legez kanpo hustuko ote duten”. Esan du bi eraikinak husteak, alde batetik, ez dituela sorpresan harrapatu: “Udan ikusten zen terrenoa prestatzen ari zirela. Legez kanpoko operazio pila bat egin zituzten, eta komunikabideetan ere albiste asko atera ziren gure auzoa kriminalizatzen”. Bestalde, ordea, egun batetik bestera hustea ere ez zutela espero dio, ez zutelako inolako jakinarazpenik jaso aurrez.
Gertatuari “aldagai xenofobo” bat ere ikusten dio Maiderrek. “Ez da kasualitatea orain hustu duten jende gehiena migrantea eta arrazializatua izatea”. Esan du arrazak sortzen duen desoreka erabili dutela operazioetan poliziek, “inpunitate osoz” egiteko legez kanpoko gauzak; adibidez, logeletara sartzea. Besteak beste, transmaribollo zurien kolektiboko jendea bizi da hustu ez dituzten Infernuko eraikinetako batean. “Fabrikara behin eta berriz sartu dira epailearen agindurik gabe, baina gure etxera inoiz ez”.
Infernuan bizi direnentzat konponbidea zein izan daitekeen galdetuta, Maiderrek uste du gutxienez larrialdiko neurriak hartu behar dituela udalak, “jendea ez egoteko pandemia baten erdian eta neguaren hasieran kalean”. Hortik aurrera, ordea, uste du gakoa beste era bateko hirigintza eredu bat pentsatzea dela. “Donostiako etxeen kontua oso arazo sakona da, jende asko uzten du hemen bizitzeko aukerarik gabe, ez bakarrik migranteak; gazteek edo zortzi orduko lan bat ez dutenek ere ez dute Donostian alokairu bat ordaintzeko aukerarik”.
Infernuko gunean egingo diren etxeen erdia inguru babes ofizialekoak izateari buruz, esan du beraiek ere argi ikusten dutela mota horretako etxeak defendatu egin behar direla. “Baina udala eskuak garbitzen dabil horrekin. Auzo hori dagoeneko jendearen etxea da, eta ezin dira egun batetik bestera kalean utzi inolako irtenbiderik gabe, babes ofizialeko etxeak egin behar dituelako”.
Egoera gogorragoa
SOS Arrazakeriako Agirreren ustez ere, arazoari modu zabalagoan heldu behar zaio. Dituzten datuen arabera, 300-400 pertsona egon daitezke kale egoeran Gipuzkoan; gehienak, Donostian. “Egokiena eta justuena izango litzateke Diputazioak nahiz Jaurlaritzak hainbat aterpetxe txiki jartzea herrietan, eta ez makroaterpetxe bat Donostian”. Kalean dagoen jendearen integraziorako ere egokiena hori iruditzen zaie.
Eusko Jaurlaritzak badu dekretu bat herrien arteko banaketak nolakoa izan behar duen zehazten duena. “Baina ez da betetzen. Donostiako Udalak betetzen zuen zati handi bat, Tolosan badago aterpe txiki bat, Errenterian eta Irunen ere bai… Baina non daude beste herri guztiak?”, galdetu du Agirrek. Pandemiak etxegabeen egoera asko okertu duela gaineratu du. “Martxotik jende batek egun bakar bat ere ez du egin aterpetxe batean”. Hiru hilabetean behin astebete egoteko aukera ematen zuten lehen herrietakoek, eta hiru egun Donostiakoak. “Hiru hilabeteren barruan 24 egun aterpetxe batean egoteko aukera zegoen, betiere lekuak libre egonez gero”. Jada leku horiek ez dira txandakakoak; gainera, distantziak eta abar mantentzeko gutxitu egin dute eskaintza.
Leave a Reply