Danel Agirre
Kontsumoan oinarritutako gizarte estandarizatua ezartzeko atezainik gabe sartu dizkiguten gol guztien artean, badira batzuk gure aurrelariak buruz plantxan lortu balitu bezala ospatzen ditugunak. Konforta eta askatasuna erosten genituelakoan, gure orkatilari zepoak lotuz joan gara, eta giltzak besarkada irribarretsu batekin etsaiari oparitzen. Etxe bat ordaintzeko dirurik ez daukatenek banketxeekin tratu esklabistak sinatzea normaltzat jo dugu, mekanismo horren maltzurkeria intrintsekoari erreparatu gabe. Heldutasunera eta probetxuzko bizitzara behingoz iritsi garela ofizial bihurtzen duen beste zigilu batez, autoaz, are zalantza gutxiago egin dugu.
Ez dakit non bizi zaren, Lezon, Itsasondon, Elgoibarren. Azken hamarkadetan, zure auzoko kale eta espaloiak garaje itogarri bihurtuko zituen, nirean bezala, familia bakoitzak bizpahiru kotxe gabe ezin bizi horrek. Donostiakoa are okerragoa da; han, Michelin izar bakoitzeko lurpeko sei aparkaleku ezin garestiago dituzte. Aspaldi, amak Abenidan arratsaldeko zazpietan jasotzeko eskatu zidan batean, eguerdian irten nintzen etxetik, Amaratik erdigunerako ilaraz gozatzeko kafe termoa eta liburu parea hartuta. Doan aparkatzea ezinezkoa da bertan: edo gasolioa bukatu arte zirkuluka gidatu, edo Lermaraino joan beharra duzu.
Hori guztia, halere, enbarazu sinpatikoa litzateke, autoa dirua zanpa-zanpa jateko makina deabruzkoa ez balitz. Berria denean, ordaindu beharra dagoelako. Zahartzean, hilabete amaierara iristeko kreditu txartelekin truko magikoak egiten ari zaren egun hartantxe porrot egiteko ohitura hartzen duelako. Bitartean, erregaiak, zergek, inspekzio teknikoek, bidesariek, konponketek, karrozeriak eta isunek osatzen duten konbinazio efizientea dela medio. Adegiko Whatsappeko taldean ez gaudenontzat, motorizatzea negozio itogarri samarra da.
Duela hamabi bat urte —bizitzan aurrenekoz eta azkenekoz— milaka euro batzuk aurreztu nituen. Eta patrikak ez hain hutsik eramateak izterrak kiskaliko zizkidalakoan edo, furgoneta bat erosi. Bizkor konturatu nintzen tranpa makur batean erori izanaz. Urte batzuk pasatutakoan, hiri handi batera mugitzearekin, eta aitak autorik ez zuenez, berari pasatzea proposatu nion, betebehar eta guzti. Inozenteak, furgoneta dotorea ikusi, eta amuari kosk egin zion. Seme penagarria naiz, baina seme penagarri obsesionatua: gastu finkoen, faktura errepikakorren aurkako nire gudan murgilduta nabil aspaldi, eta bataila garrantzitsu bat irabazi nuen horrela —kreditu txartelekin magia egin beharrean jarraitzen dut, hori bai, marka da gero, urteetarako gerra geratzen zait—.
Badakit zer esatera zoazen. Hau guztia oso ongi dagoela, zuk ere gustura egingo zenukeela gauza bera, aspaldi dakizula autoa sakakuartos bat dela. Baina Aretxabaletan egiten duzula lan, eta bizi, berriz, Hendaian, eta ez duzula beste erremediorik. Zure arazoa ez zait batere inporta, ordea, hau ez delako Zuzendariari saila. Hau nire bizitzako gertakariei erantzuten dieten teoria oportunistak plazaratzeko espazio bat da, ezer bainoago. Eta hona gaurko teoria: autoaz nola edo hala libratu, eta zoriona zure leihotik sartuko da. Leiho hori hipotekatua baduzu, ordea, zurea bizioa da, eta ez dakit erremediorik ote duen.
Leave a Reply