Imanol Garcia Landa
Udalgintza egituratzen duen araua da plan orokorra, eta Amezketak aurki helduko dio araua berritzeko prozesuari. “Legealdi honetan onartu nahi dugu plan orokor berria”, azaldu du Iñaki Amundarain alkateak. Aurreko plan orokorra 2006koa zen, eta, besteak beste, ehun etxebizitza egiteko aukera onartu zen planean, baina ez dute ezer eraiki, krisi ekonomikoaren eraginez eskaera jaitsi delako. Sustatzaileak hiru alditan saiatu dira aurrera ateratzen proiekturen bat, baina azkenean ez da gauzatu. Plan orokorra berritzeari ekiten diotenean ikusi beharko dute etxebizitzen gaiaren inguruan zer erabaki hartu. Gai horren inguruan, orain urte gutxi egindako azterketa batek emandako emaitza gogora ekarri du Amundarainek: “Ehun etxebizitza huts daude herrian, eta udaletik ere zabalik gaude horien alokairua bultzatzeko”.
Plan orokor berrian bi gai aztertuko dituzte. Batetik, egun txabolak egiteko dagoen debekua. “Amezketan landa eremuak garrantzia handia du, eta txabolak egiteko kontua mahai gainean jartzeko asmoa dago”. Bestetik, Ugarte auzoan 50 ibilgailuentzat aparkalekua egiteko proiektua plan orokorrean txertatzea ere aurreikusi dute. Hil honetako osoko bilkuran plan orokorraren baldintzak onartzeko asmoa du udalak, horrela prozesua abian jartzeko. Prozesu horretan herritarren parte hartzeak bere lekua izango du.
Leku berria haur eskolari
Hainbat proiektu ditu Amezketako Udalak esku artean. Horietako batek Ugarte auzoarekin du zerikusia. Amezketatik Alegiara doan bidearen ondoan dago auzoa, eta hango haurrek autobusa hartzeko errepidea gurutzatu behar dute. Puntu horretan semaforoak jartzea aurreikusten dute, errepidea gurutzatzerakoan segurtasuna bermatzeko. Udalak irtenbide horren eskaria aspaldi egina dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, erakunde horren ardura baita errepidea. Posible da proiektuari aurten ekitea.
Beste proiektu garrantzitsu bat herriko haur eskolaren lekualdatzea da. “Gaur egungoak irisgarritasun txarra du. Lehen solairuan dago eta eskaileren bitartez igo behar da”, zehaztu du Amundarainek. “Guraso batzuek igogailua jartzea ere proposatu izan dute, baina azkenean ikusi dugu irtenbide egokiena herriko plazan dagoen erabilera anitzeko lokalera lekualdatzea dela”. Alkateak gaineratu duenez, oraingo lekuarekin kanpora ateratzea zailagoa da, lehen solairuan egonik. Lekuz aldatzerakoan, eta plazan dagoenez, aukera gehiago izango dituzte kanpora ateratzeko.
Erretirodunek eta gimnastika ikastarorako erabili ohi dute lokala egun. Diputazioak ondo ikusi du egitasmoa, eta Europako Leader izeneko diru laguntzak erabiliko dituzte proiektua gauzatzeko. Aurrekontuaren %53a ordainduko litzateke laguntza horiekin.
Udalak hil honetako osoko bilkuran onartu nahi du lekualdatzearen proiektua. “Asmoa da irailerako obrak bukatuta egotea, hau da, ikasturte berria hasten denerako”. Haur eskola berrian 0 eta 2 urte bitarteko hamabost haurrentzako lekua izango da.
Baserri bideen garrantzia
Aurtengo udal aurrekontua onartuta dute Amezketan, eta inbertsioetako atal nagusiena da haur eskolaren leku aldatzea. Beste atal nagusietako bat baserri bideen konponketa da. “Baserri bideak berritzeko kopurua handitu dugu aurten”. Zehazki, 60.000 euro bideratzea aurreikusten dute. “Beharra ere handia dugu, eta baserri bideen kilometro asko daude. Dirudienez, aldundiak arlo honetan diru laguntza linea bat atera nahi du, Gipuzkoa osoan arazo berdina baitago”.
Hil honetan, eguraldia hobetzen denean, bide batean brea jartzeko asmoa du udalak. “Proiektua onartuta dugu, 30.000 euroko aurrekontua du, eta erdia Tolomendi elkartearen diru laguntzekin ordainduko dugu”. Azalera handia du Amezketak, baserri ugari daude, eta horregatik gai garrantzitsua da herriarentzat baserri bideen konponketa. “Asmoa da urtero diru kopuru bat jarri eta gai hori bideratzea”. Beste proiektu bat herrigunea oinezkoentzat jartzeko egitasmoarekin jarraitzea izango da. Abaltzisketara joateko bidegurutzetik hasi eta plazarako bidean egingo dute aldaketa, aurretik egindakoarekin lotuz.
Kulturari begiratuz, aipagarria da aurreko bi urteetan izandako ekitaldi jarioa. 2014an Pernando Amezketarra jaio zela 250 urte bete ziren, eta iaz, Amezketak udalerri izendapena jaso izanaren 400. urteurrena ospatu zuen.
Batez ere mugitua izan zen Pernando Amezketarrari lotutako urtea. Hain justu, Fernandoren Urtea izena jarri zioten egitasmo osoari. “Hasi urtarriletik eta abendura arte ekitaldi asko antolatu genituen”. Ibilbide bat ere egina gelditu da, panel batzuekin, Amezketarrarekin lotura izan zuten lekuetan. “Udalaren aldetik balantze oso ona egiten dugu, eta herritarren aldetik ere inpresio hori jaso dugu. Esfortzu handia egin zen egitarau zabala antolatzeko”.
Leave a Reply