Miren Garate
Hiesaren aurkako Harri Beltza elkarteko lehendakaria da Joseba Errekalde, eta gogoan du pasarte bat. Duela urte batzuk, kazetari batekin ari zen hizketan giza immunoeskasiaren birusaren (GIB) inguruko azterketaren bati buruz, eta kazetariak galdetu zion zeri zion beldurra: “Barru-barrutik atera zitzaidan: beste birus bati. Eta gertatu da, eta gertatzen hasi bezain laster nik larritasuna eta antsietatea sentitu nituen. Aspalditik utzita neuzkan terapiak, baina etorri da birus hau, eta desorekatu egin nau berriz ere”, kontatu du Errekaldek.
1986an jakin zuen GIBa zuela, birusaren zabalkundearen hasiera samarrean, artean hura kontrolatzeko medikaziorik ez zegoenean, eta GIBa izatea bizi itxaropen laburraren sinonimo zenean. AEBetan bizi zen Errekalde, eta gogoan du 1980ko hamarkada hasierako ezjakintasun hura: nola jendea hiltzen hasi zen aldi berean herrialdeko hainbat hiritan, baita Haitin ere, nola ikusten zuten gazteak zirela gehienak, eta mutilak.
Harri Beltzako kidea da Joseba Zabaleta ere. 1980ko hamarkadari buruz galdetuta, kezka datorkio burura, bazekiela gaitz larri bat bazegoela eta jendea hiltzen zela haren eraginez. Baina beste era batera bizi izan du GIBa, eta, akaso horregatik, baita COVID-19a ere. “Izan ere, nire bizipenak erabat ezberdinak dira. Nik hamabost urte daramatzat GIBarekin. Jakin nuenerako, tratamendua bazegoen, gure munduan inor ez zen hiltzen horregatik, medikazioa hartzen dut, baina fisikoki inoiz ez dut igarri birusa dudanik, inoiz ez naiz egon ospitaleratuta…”.
Berrogei urteren aldea dago Hiesaren eta COVID-19aren artean. Sendagaiei esker, bizi kalitate handia dute gaur egun GIBa dutenek, baina hiesak hor jarraitzen du, eta urtero ehunka mila lagun hiltzen dira gaitzaren eraginez. Horregatik, abenduaren 1ean, berriz ere antolatuko dute mundu osoan haren aurkako nazioarteko eguna. Aurten, pandemia baten erdian.
Hain zuzen ere, laster beteko da urtea SARS birusaren gaineko albisteak zabaltzen hasi zirenetik. Ezjakintasun handia egon da haren bueltan, eta argitu gabeko gauza asko daude oraindik ere. Normala iruditzen zaio Errekalderi. “Zientziak aurrerapen handia izan du, eta beste birusetatik ere asko ikasi dugu, baina berehala dena ulertu nahi dugu, eta hori ez da posible”. GIBaren kasuan, esaterako, bizpahiru urte pasatu ziren birusa isolatzea lortu zuten arte. Ordura arte ez zekiten zergatik hiltzen zen hainbeste jende. Askoz gehiago itxaron behar izan zen tratamendu eraginkorrak iritsi arte. Eta guztiz sendatzea ez da lortu orain arte.
Ezjakintasun hori zela medio, COVID-19a lehertu osteko lehen asteak mugituak izan ziren Harri Beltzan. Birus batekin bizi direnez, arrisku taldekoak dira GIBdunak. Eta bazegoen kezka bat, ea beren kasuan eboluzio bereziren bat izango ote zuten. Baina gaitza harrapatu dutenen bilakaera eta zenbait azterketa eginda, ezetz ikusi dute. Batez ere, beteranoen artean igarri dute egonezin handiagoa, elkartearen aspaldiko erabiltzaileen artean.
Errekalderen hitzetan, bere kasuan behintzat, aipatutako antsietate hori ez da COVID-19 gaitza harrapatzeko beldurrak eragindakoa; alde horretatik osasuntsu sentitzen dela dio. Aita edo zaharragoa den beste norbait kutsatzeak eragiten dio larridura, edo etor daitekeenak. “Berriro iraganean utzitako garai batekin konektatzea bezala izan da”. Penaz beteta dagoela dio, etorriko diren desoreka ekonomiko eta sozialengatik, lehen olatutik bigarrenera bitartean gizarteak izan duen jokabideagatik eta abarrengatik. “Harri Beltzan ikusi dut jendea nola joan den hobetzen pixkanaka: osasunean, lanean, eta orain berriro krak moduko bat dator”.
Zabaletari, berriz, gizartean ikusten duen beldurrak ematen dio atentzioa. GIBari ez dio aparteko beldurrik, eta COVID-19a harrapatzeari ere ez, nahiz eta badakien pertsona bakoitzarengan ezberdin eragiten duela. “Bizi dugun egoerarako, herritar arrunt bat baino prestatuago ikusten dut neure burua. Gu birus batekin bizi gara, eta gauza asko ezagunak egiten zaizkigu; karga birala eta halakoak aipatzen dituztenean, badakigu zertaz ari diren. Beldur horiek landuta bezala dauzkagu”.
Biek nabarmendu dute birus bat eta bestea guztiz ezberdinak direla. Alde nagusi bat dago: GIBa ez da kutsatzen, transmititu egiten da. “Baina hasiera hartan ez genekien ñabardura hori, eta jendeak ez zekien nondik zetorren kontua”, azaldu du Errekaldek. Lau h-ei buruz hitz egiten zen: heroinazaleak, haitiarrak, homosexualak eta hemofilikoak. Aldaketa handia ekarri zuen jakiteak ez zela edonola kutsatzen. “SARSari buruz, aldiz, badakigu kutsakorra dela, eta hori izugarrizko ezberdintasuna da. Haizean egon daiteke, ukituta ere bai”.
Horri lotuta, Zabaletak uste du badagoela GIBarekin ikasi beharko litzatekeen gauza bat: norberak baduela ardura bat. “Neurri batzuekin, transmisioa eten dezakezu. Eta orain ere, maskararekin, etxea aireztatuta, distantziak mantenduta eta abar, hesi batzuk jartzen dizkiozu birusari. Nik sentitzen dut bestearekin badudala ardura bat, eta honekin ere bai”. Ñabardura bat gaineratu dio Errekaldek. “Guk badugu ardura bat, baina besteek ere bai”.
Azken asteotan, txertoaren gaineko itxaropenak hartu du protagonismoa COVID-19aren aurkako borrokan. GIBaren kasuan ere, aukera horretaz hitz egiten zen hasieran. “Baina segituan ikusi zen farmazia industriak ez zuela txertoa lortzeko inolako interesik. Oso ondo zihoakien lortzen ari ziren medikazioekin”, esan du Errekaldek.
Gaur egun ere, GIBari dagokionez, ahaleginak ez doaz bide horretatik. Antirretrobiralak erabili ohi dira tratamendu moduan, erretrobirusen ugalketa edo eragina eragozteko gaitasuna duten botikak. Eta bizi kalitate handia ematen diete GIBa dutenei. Oso birus aldakorra da GIBa: erraz mutatzen da. “Medikuek esaten ziguten: ‘Zer egingo dugu: txerto bat zuk duzun GIBarentzat eta beste bat zuk daukazunarentzat?’. Ez zen bideragarria. Badirudi SARSa ez dela hain aldakorra”.
1997an hasi ziren argia ikusten GIBa zeukatenak. Ordura arte, ez zegoen itxaropen handirik. Gaur egun, berriz, gainerako herritarren pareko bizi kalitatea dute. “Nik medikazioa hartzen dut, eta sei hilabetean behin egiten ditut analisiak. Nire analisiek esaten dute bizilaguna bezain osasuntsu nagoela”, azaldu du Zabaletak.
Bi birusen arteko ezberdintasunei buruzko hizketaldian, berehala atera da estigmaren kontua ere. “GIBaren inguruan sortu zen estigma ez da sortu COVID-19arekin. Askoz ere demokratikoagoa delako, gizarteak nabaritu du hau edozeini gerta dakiokeela”, esan du Errekaldek. Are gehiago, Zabaletak nabarmendu du GIBaren gaineko estigma ez dela desagertu oraindik. “Pentsa zenbat kostatzen den oraindik ere GIBa duen pertsona bat Harri Beltzara joatea, leku seguru batera, zuri laguntzeko baliabide ugari dituen leku batera”.
Zabaleta asko harritzen du, adibidez, gehien erabiltzen den baliabidea bakarkako terapia izateak, eta ez taldekakoa. “Era berean, kuriosoa da gure elkartean gutxi izaten direla infektatu berriak; lehengo erabiltzaileak joaten dira gehiago”.
Neurri batean, Harri Beltza gizartearen isla ere badela erantsi dio Errekaldek. Etorkinak dira orain erabiltzaile berrietako asko, gizartean ere handitu egin delako haien tasa. Horrez gain, orain jendea zerbitzuren baten bila joaten da elkartera. GIBa dutela jakiten dutenek askotan aski izaten dituzte saio gutxi batzuk egoerari aurre egiteko. Albistea barneratu behar izaten dute, dolu moduko bat egin, baina jada beren bizitza ez da hainbeste aldatzen.
Lehen ez zela horrela kontatu du Errekaldek. “Sasoi hartan, gu ia-ia elkartean bizi ginen; ez zegoen esperantzarik, eta hura zen gure errabia adierazteko eta ulertuko gintuen jendearekin egoteko leku bakarra”. 1994an sortu zuen elkartea Oiartzungo gazte talde batek, tartean Errekaldek berak. Garai hartan, hiesaren aurkako zazpi edo zortzi elkarte zeuden Gipuzkoan; bi daude orain: Harri Beltza eta Acasgi.
Oiartzungoa da Zabaleta ere. Eta gaztetatik izan du elkartearen berri. Horregatik, birusa zuela jakin, eta astebeterako joan zen Harri Beltzara. “Asko ikasi nuen han. Talde hartan jende zaharragoa zegoen, eta denak ziren hilzorian egondakoak, latzak pasatutakoak. Baina nik bizirik ikusten nituen”. Esker onez beteta hitz egiten du elkarteari buruz. Koronabirusaren harira ere behin baino gehiagotan etorri izan zaio burura orduan jasotakoa. “Badakit orain bizitzen ari garena guztiz ezberdina dela, baina pentsatu izan dut horrelako elkarteren bat balego…”.
Jarraitzen du elkartera joaten. Alde batetik, on egiten diolako, eta, bestetik, berak orain urte batzuk pasatutako trantzean daudenei lagundu nahi dielako. “Pentsatzen dut oraindik ere zenbat jendek bizi duen isilpean GIBa, eta jakinda niri zenbat lagundu zidan elkarteak, pena handia ematen didate”.
Babestua sentitzeari lotuta, beste gertaera bat etorri zaio burura Errekalderi. Koliko batengatik, Txagorritxuko (Gasteiz) larrialdietara joatea tokatu zitzaion oraintsu. Burura etorri zitzaizkion larrialdietatik sartu eta ospitaleratuta geratutako hainbat aldi; izan ere, behin baino gehiagotan larri egondakoa da. “Baina, oraingoan, diferentzia nabarmen bat zegoen. Berriz ere hemen, baina oraingoan bakarrik. Sekula ez nengoen larrialdietara bakarrik sartuta. Gaurko drama handiena hori da”.
Leave a Reply