Laida Goiburu
Notariotzak ez dira ohikoak herri txikietan. Gipuzkoan, Segura da 1.500 biztanle baino gutxiago izanda notariotza duen herri bakarra. Herrialdean badaude beste hainbat notariotza, baina gainontzeko herriek 10.000 biztanle dituzte, gutxienez. Horien artean daude Andoain, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Elgoibar, Ordizia edo Zumarraga.
Izan duen garrantzia historikoagatik dauka notariotza Segurak. 1256. urtean agindu zuen Alfontso X.a Gaztelako erregeak herria eraikitzeko. Izan ere, San Adriango igarobidetik kostalderako bide egokia zen, eta garraio eta bidaietarako aduana-muga eta babeslekua izan zen. Erdi Aroan, Gipuzkoako hiririk garrantzitsuenetakoa ere izan zen. 1393. urtekoa da notariotzaren inguruan Segurako udal artxibo historikoan dagoen dokumenturik zaharrena, eta Enrique III.a Gaztelako erregeari egiten dio erreferentzia. “Enrique III.a erregearen pribilegioa, Segurako hiribilduak eta Idiazabalgo bizilagunek eskatuta, zeinetan Pedro Ibañez de Larrastegi eskribau publikoak auzotasun gutun bat onartu duen”, dio artxiboko deskribapenak.
Izan ere, garai batean eskribauek ematen zuten eskrituren eta bestelako ekintzen fede, gaur egungo notarioak egiten duen lanaren antzera. 1865eko artxiboko beste dokumentu batek bi hitz aipatzen ditu: “Jose Manuel Gorrotxategi notario eta udaleko eskribauak, Segurako hiribilduaren enajenazioaren inguruko dokumentuen harira agertu du […]”.
Horrela, lanbideak aldaketak izan dituen arren, notario ugari izan dira Seguran Erdi Aroan hiribildua sortu zutenetik, kokapen geografikoa dela-eta funtsezkoa bilakatu baitzen.
Tolosatik Segurara
Duela gutxi izendatu berri dute Segurako notario berria: Maria Longarte Ulazia tolosarra izango da aurrerantzean herriko notarioa. Urriaren 23an hartu zuen kargua Elkargo Txit Prestuaren egoitzan, Bilbon. Astean zehar, 09:00etatik 14:00etara Segurako notariotzaren bulegoan izango da, herriko plazaren alboan.
Andaluziako (Espainia) Notarioen Elkargoak antolatu zituen aurtengo deialdiko oposizioak, eta Longartek Granadan egin zituen azterketak. Batez beste, ikasleek zazpi urte behar izaten dituzte notario oposizioak ateratzeko, baina Logartek bi urte soilik behar izan ditu.
Hain justu, Euskal Herrirako zegoen lanpostu bakarra egokitu zitzaion tolosarrari: Segurakoa. Herriko azkeneko bi notarioek ez bezala, euskaraz egiten du tolosarrak, eta horrek balio erantsia ematen dio Segura bezalako udalerri euskaldun batean: “Inguruko udalerrietako herritarrek asko eskertzen dute euskaraz hitz egitea, gai konplexuak izaten direlako, eta, azkenean, norberak lasaiago hitz egiten duelako bere berezko hizkuntzan”, azaldu du Longartek.
Zuzenbidean eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da, eta euskaraz eta gazteleraz gain, ingelesez eta frantsesez ere egiten du. “Gogotsu” agertu zen urrian lanari ekin zionean, eta, dagoeneko hilabete pasatuta, adierazi du herrian “oso gustura” dagoela: “Jendeak oso ondo hartu nau, bai Segurako herritarrek eta baita inguruko herrietakoek ere”.
Gainera, notarioak azaldutakoaren arabera, lanik izan dute hilabete honetan, inguruko herrietako herritarrak ez ezik, Gipuzkoako hainbat tokitakoak ere joan direlako Segurako notariotzaren zerbitzuak eskatzera: “Norberak espediente gehienetan notarioa aukeratu dezakeenez, Goierritik kanpokoak ere etorri dira; esaterako, Donostiatik edo Tolosatik”.
Lan arloak
Hainbat eremutan egiten dute lan notariotzetan. Ekintza estrajudizialei balioa ematen die notarioak haren aurrean kontratuak-eta sinatzean. Longartek azaldu du lau alor nagusi daudela notariotza baten lanean: enpresak, norbanakoak, aholkularitza eta baserrien legeztatzeak eta segregazioak.
Enpresekin, estatutu aldaketak, administratzaileen izendapenak edota aktak altxatzea izaten dira ekintzarik ohikoenak; norbanakoei dagokienez, salerosketak, hipotekak, herentziak edota testamentuak egiten dituzte gehienbat; aholkularitza lanak zaintza bereziak behar dituzten pertsonak babesteko lanak egiteko izaten dira; eta, azkenik, landa eremuan ohikoak izaten dira baserrien legeztatzeak eta segregazioak. Adibidez, baserria zen eraikin bat hainbat etxebizitzatan banatzeko lanei ekin aurretik ere herritarrek notariotzara jotzen dute ekintzaren berri emateko.
Lanean daraman hilabete honetan, horrelako hainbat lan izan ditu Segurako notarioak: “Denetik egin dugu hilabete honetan: garajeen eta etxebizitzen salerosketak, testamentuak, herentziak, hipoteka maileguak, lurren segregazioak, enpresen estatutu aldaketak, enpresen administratzaile izendapenak…”, esan du tolosarrak. Aurrerantzean, beraz, Segurako notariotzara jotzen duten herritarrek Longarte izango dute notario.
Leave a Reply