Miren Garate
Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa bultzatzeko helburuz, Mintzola ahozko lantegiak bigarren aldiz antolatu du GRAL saria, EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera. Donostiako bizilagun Leire Amenabarrek (Larrabetzu, Bizkaia, 1997) irabazi du, Psikologia graduaren amaieran egindako Sortzaile kulturalak eragile sozialak? Errepertorio kulturalak: espazio, audientzia eta estetika berriak lanarekin —Idoia Ilundainek irabazi zuen aurrenengoa—. Atzo jaso zuen, Villabona-Amasan, ahozkotasunaren inguruan egin diren eta egiten ari diren ikerketak ezagutzeko antolatu ohi duten Mintzola mintegian. Orain egiten ari den ikerketa ere aurkeztu zuen Amenabarrek.
Zer ikertu zenuen saritu dizuten lanean?
Zale gisa nik kulturatik edo artetik jasotakoari forma eman nahi nion, eta hortik hasi nintzen galderak planteatzen. Ikasi izan dut artefaktu kulturalek estatuaren kultura hegemonikoa adierazteko balio dutela, baina, horrez gain, tresna garrantzitsuak direla identitate nazionala eta menpekotasun sentsazioak adierazteko eta kohesio sozial bat eratzeko ere. Iruditzen zitzaidan, Euskal Herriaren egoeran, kultura eta artea leku pribilegiatu bat izan direla ezkutuko posizioak eta diskurtsoak adierazteko, eta espazio publikoa berreskuratzeko.
Zer helburu jarri zenizkion ikerketari?
Euskalgintzan eta kulturgintzan dabiltzan sortzaileek haien sormen prozesuan duten artearen eta posizionamendu politikoaren arteko harremana ikustea; haien sormen lanetako edukia esploratzea, hau da, zeren inguruan hitz egiten duten, eta, azkenik, nola kontatzen duten ikustea; zer estrategia estetiko politiko erabiltzen dituzten diskurtso horretarako, psikologia politikoak planteatzen dituen mugimendu berrietako ezaugarriekin lotuz.
Galdera bat ageri da ikerketaren izenburuan: “Sortzaile kulturalak eragile sozialak?”. Zer erantzun aurkitu dizkiozu?
Hainbat diziplinatako hamahiru sortzaile elkarrizketatu ditut. Ikerketan ikusi da sormen lanetan, modu zuzenean edo zeharkakoan, dimentsio politikoak eta ideologikoak zeharkatuta daudela. Dimentsio horiek posizio batekiko adostasuna adierazteko izan daitezke, eta baita sortzailea zalantzan jarri eta sormen lana eraldaketa sozial baterako estrategiatzat ulertzeko ere.
Horri lotuta, elkarrizketatuek ikusten zuten sormen lanak aukera ematen duela parte hartze politikorako definizio tradizionalak gainditzeko, ideien abstrakzioari forma eta gorputza ematen diotelako euren sormen lanetan, eta, horrela, identitatean adierazpen zabalagoak ateratzen direla. Hala ere, mami politiko hori onartuta ere, esaten zuten bazegoela sortzeko bulkada prepolitiko bat, intuizio artistiko bat, nahiz eta gero denborak eta praktikak bulkada hori euren posizio ideologikoen araberako produktu bihurtzen duen.
Mintzolak emandako beka batekin, beste ikerketa bat ari zara egiten orain, Miren Aiertza, Ane Bengoetxea, Ana Villanueva eta Ines Uharterekin batera. Nondik nora etorri da proiektua?
Graduondoko bat egin dugu elkarrekin, eta graduondoko horretan eskatu ziguten ikerketa-ekintza parte hartzaile bat egiteko. Berrogeialdia etorri zenez, ezin izan genuen egin, baina egiteko gogoa genuen, eta Mintzolaren bekara aurkeztu ginen.
Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioa belaunaldi desberdinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea. Zer ari zarete aztertzen?
Memoria kolektiboa kulturak nola mantendu duen; zer funtzio izan duen kulturak erresistentzia horretan, bertsolaritzan oinarrituta. Graduondoko hartan, ikerketa ekintzaren ordez, galdetegi bat prestatu genuen, eta 26 bertsolariren eta 24 bertsozaleren erantzunak jaso genituen. Galdetegi hartako emaitzetan oinarrituta egingo dugu ikerketa parte hartzailea, aurten. Erantzunetan, emakumeek aipatu dute belaunaldi diferenteetan bertsolaritza erresistentziarako tresna bat izan dela euskal komunitateak bizi izan dituen egoeren aurrean, bai euskara mantentzeko, bai ezkutuko diskurtso batzuk plazaratzeko. Bertsolaritzaren erresistentzia funtzioaren irakurketa historiko bat egin nahi dugu, emakume horien bizipenetatik, eta erresistentziarako erabilitako tresnak eta mekanismoak aztertuko ditugu.
Erantzunetan, zer erronka aipatu dituzte emakume horiek?
Bertsolaritzak transmisioa bermatzen, komunitarioa izaten eta taldean antolatzen jarraitu behar duela; aniztasuna ekarri behar dela bertsolaritzaren komunitatera; bertsolaritzak txapelketa eredutik aldendu behar duela; belaunaldi gazteagoei lekua utzi behar zaiela; belaunaldi berrietako emakumeei saretzearen indarra transmititu behar zaiela… Gure helburua da erronka horietatik abiatuta eztabaida saio batzuk egitea, erronka horiei nola heldu proposatzeko.
Leave a Reply