Aitziber Arzallus
Aritz Iriondo gidari zestoarra eta haren kopilotu Joseba Sanchez ordiziarra dira aurtengo Espainiako 2RM mailako Lur Gaineko Rally Txapelketako txapeldunak —trakzioa aurreko bi gurpiletan duten autoak lehiatzen dira maila horretan—. Auto lasterketen zale ez direnek nekez ulertuko dute titulu hori erdietsi izanaren balioa, baina zerbait badakitenen hitzetan, “handia” egin du bikote gipuzkoarrak. Protagonistak, nola ez, “oso pozik” daude lorpenarekin, baita Akulu Motorsport eskuderiako gainontzeko kideak ere. Haien esanetan, “urteetako talde lanaren emaitza” izan da garaipena: “Dirua nagusi den mundu batean, auzolanak saria izan du”.
Urtea bezalaxe, denboraldia ere “aldrebes samarra” izan dela aitortu du Iriondok. “Berez, martxoan hasten da denboraldia, zortzi lasterketa izaten dira, eta, gutxienez, horietatik zazpitan puntuatu behar izaten dugu”. Aurten, ordea, hiru besterik ez dituzte lehiatu. “Martxoaren hasieran Murtzian [Espainia] lehiatu genuen lehenengoa, eta hirugarren bukatu genuen; baina astebetera konfinamendua etorri, eta dena gelditu zen”. Abuztuan jakinarazi zieten txapelketarekin jarraitzeko erabakia. “Esan ziguten denera hiru edo lau proba jokatuko genituela, eta denetan puntuatu beharko genuela”. Hala, irailaren bukaeran lehiatu zuten bigarrena, Galizian; bigarren bukatu zuten hura. Eta hirugarrena eta azkena duela hilabete jokatu zuten, Madrilen. Zestoarraren arabera, “oso proba gogorra” izan zen; laugarren amaitu zuten, baina nahikoa izan zitzaien sailkapen buruan jartzeko eta txapelketa poltsikoratzeko. Aurreko bi urteetan bigarren bukatu ostean, gidariak aitortu du aurtengo garaipenak “zoriontsu” egin dituela.
Txapela janzteko bidean, urteetan pilatutako esperientzia “funtsezkoa” izan zaiela uste du Iriondok. “Beste urteetan lasterketa guztiak irabaztera atera izan gara, eta horrek akatsak egitera eraman izan gaitu. Aurten ez, aurten gure helburua izan da lasterketa guztiak bukatzea ahalik eta akats gutxien eginda; ahalik eta erregularrenak izaten saiatu gara, eta asmatu dugu”.
Zainetan, gasolina
Zainetan odolaren ordez gasolina duten horietakoa da Iriondo. Baserrian hazitakoa da, eta 16 urte bete orduko erosi zioten lehendabiziko ibilgailua, “motokroseko motor bat, kalera jaisteko”. Baina autoak gehiago gustatzen zitzaizkion, eta laster sartu zen mundu horretan. “Jon Arregi pilotu azpeitiarrak deitu zidan mekanikari bezala lagunduko nion galdetzeko, eta baietz esan nion”. 20 bat urte izango zituen orduan. “Hari laguntzen hasi nintzen, baina niri ere gustatu egiten zitzaidan, eta probatzea pentsatu nuen”.
2003an hasi zen autokrosean lehiatzen. “Lehendabiziko urteetan, eskualde mailako txapelketetan parte hartzen genuen, eta 2014an erabaki genuen Espainia mailan lehiatzen hastea. Ordutik, Sanchez izan dut laguntzaile”. Maila batean edo bestean lehiatzearen arteko aldea gastuetan dagoela azaldu du zestoarrak. “Nahi izatera, hasieratik lehiatu zaitezke Espainia mailan, baina maila horretan aritzeak gastu handiak ditu”. Lasterketa duten asteburuetan, ostegunean irten eta igandean bueltatzen dira.
Opel Corsa OPC batekin estreinatu ziren Espainian, eurek prestatutako auto batekin. “Baina ez genuen zorterik izan”. Hurrengo urterako auto berria erosi zuten: Toyota Aygo bat. “Madrilgo Kobe Motor kontzesionarioak Aygo Kopa jarri zuen martxan eta han parte hartzeko hamar auto berdin-berdin merkaturatu zituen. Erabaki genuen horietako bat erostea eta lehiaketa horretan parte hartzea”. Bi urtean ibili ziren harekin; urte “gorabeheratsuak” izan zirela esan du, eta 2015ean bigarren bukatu zutela. 2017an, beste urrats bat egiteko ordua zela iritzita, auto berri bat erosi zuten: “Orduan erosi genuen Peugeot 208 VTi R2 autoa, benetako lasterketa auto bat”. Horrekin iritsi dira gailurrera.
Akulu Motorsport bezalako talde batentzat tamaina horretako txapelketa bat irabaztea “sekulako lorpena” dela nabarmendu du Iriondok. “Guk ere baditugu babesleak, ezinbestekoak, baina taldeak sekulako lana egiten du hau guztia aurrera ateratzeko”. Aldiz, lehiakideetako asko “alokatuta” joaten direla esan du; “lasterketan parte hartzea izaten da gidariaren eta kopilotuaren lan bakarra, beste dena ordaindu egiten da”. Ondorioz, garaipenak eman dien poza ere “askoz handiagoa” izan dela adierazi du.
Etorkizunerako dituzten asmoez galdetuta, Iriondok argi du lehiatzen jarraituko dutela. “Kanpotik begira dagoenari zaila egingo zaio ulertzea, baina barrutik probatu duenarentzat oso zaila da uztea; hor sentitzen duzun emozioak ez du parekorik”. Momentuz, salgai jarri dituzte garajean dituzten bi autoak. “Ikusiko dugu; saltzen baditugu, agian, auto berriarekin aterako gara”.
Leave a Reply