[Urtekaria] Gizartea, birus baten mende

[Urtekaria] Gizartea, birus baten mende

Miren Garate

Urruneko zerbait zirudien hasieran. Txinan gertatzen ari zen zerbait. Aparteko larritasunik gabeak ziren gaitzaren gaineko ohartarazpenak, baina, bat-batean, munstro moduko zerbait bihurtu zen koronabirusa. Otsailaren amaieran baieztatu zen lehen kasua Gipuzkoan. Ezjakintasuna zen nagusi, eta argitu gabeko gauza ugari dago oraindik ere. Agerikoa da, ordea, COVID-19aren osasun krisiak gizarte antolaketaren oinarriak astindu dituela: zaintza, lanaren antolaketa, krisi ekonomikoa, harremanak, kultura…

ALARMA EGOERA

Espainiako Gobernuak martxoaren 14an jarri zuen indarrean alarma egoera, birusa hedatzea eragozteko asmoz. Herritarren mugimendu askatasuna mugatzea esan nahi zuen horrek. Egoera hauetakoren baterako soilik irten zitekeen etxetik: elikagaiak eta botikak erosteko; osasun zentroetara joateko; lantokira joateko; adinekoak, mendekotasunen bat dutenak edo adingabeak zaintzeko; banketxeetara joateko; edo ezinbesteko joan-etorriren bat egiteko. Txikizkako komertzio oro eta ostalaritza arloko komertzioak ixteko agindu zuten —salbuespen gutxi batzuekin—, eta bertan behera geratu ziren kultur ekitaldiak.

Martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean izan ziren neurririk zorrotzenak, tarte horretan jarduera ekonomikoa ere geratu egin baitzen, eta funtsezkotzat jotako sektoreek bakarrik jarraitu ahal izan baitzuten lanean.

COVID-19A, ESPAINIAKO POLIZIAREN KONTROLA

EZIN AGURTU

Heriotza ekarri zuen lehen lerrora gaitzak, eta heriotzari lotutako errituak, protokoloak eta abarrak ere aldarazi zituzten. Konfinamenduaren eraginez, eta ospitaleetan eta egoitzetan bisitak mugatuta zeudenez, ingurukoak ondoan izan gabe hil da jende asko hilabeteotan. Zenbait astetan, gorpua beilatokian jartzea ere debekatuta egon zen, baita hileta elizkizunak egitea ere. Ondorioz, agur esateko ez ezik, hildakoa ikusteko aukerarik ez zuten izan hurkoek. Halako egoerek dolua zaildu dezaketela ohartarazi izan dute adituek.

BALKOIAK

Ezinbesteko gauzetarako bakarrik irten zitekeenez etxetik, balkoiak bihurtu ziren sozializaziorako gune. Osasun arloko langileen lana eskertzeko, iluntzeko zortzietan txaloak jotzera ateratzeko ohitura ere zabaldu zen. Era berean, musika saioak, bingoak, auzokideak zoriontzeko ekitaldiak eta abar egin ziren balkoietan. Protestarako gune ere bihurtu ziren, eta lapiko jotzeen eta banderatxoen bidez egin ziren hainbat aldarrikapen.

ADINEKOAK

Koronabirusak adinekoei eragin die gogorren, eta bereziki jo ditu zahar etxeak. Egoiliarrek beren geletatik atera gabe pasatu behar izan dituzte egun asko, prebentzio moduan, eta ia hiru hilabete egon ziren bisitarik jaso gabe. Oraindik ere mugatuta dauzkate. Pandemiaren hasieran bereziki, beharrezko baliabiderik gabe ari zirela lanean salatu zuten hainbat aldiz langileek, eta egoitzetako egoeraren lekukotza gogorrak plazaratu zituzten.

Pandemia iritsi aurretik, greban zeuden zahar etxeetako langileak, baina bertan behera utzi zuten protesta, egoiliarren osasuna eta arreta lehentasuna zirela iritzita. Berriki ekin diete berriro protestei. Langileek salatu dute, berriak ez izan arren, pandemiak modu gordinean utzi dituela agerian zahar etxeetako gabeziak. “Lantaldeak eskasegiak dira, koordinazio falta dago, norbera babesteko ekipamenduak falta dira, eta langileak fisikoki zein psikologikoki lur jota daude”.

OSASUN LANGILEAK

Lan egoerari buruzko kexa ugari egin dituzte osasun arloko langileek ere hilabeteotan, eta, tartean, greba bat ere bai, ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta Utese sindikatuek deituta. Osasun sistema publikoan “egiturazko arazoak” daudela salatu zuten deitzaileek, eta “premiazko neurriak” hartu behar direla azpimarratu zuten.

Ospitaleetan jarri da begirada hilabeteotan, gainezka egitear egon baitira batzuetan, eta ezinbestekotzat jo ez diren ebakuntza eta kontsulta batzuk ere bertan behera utzi baitira tarte batez. Kezka berezia sortu izan du ZIUetako egoerak. Halaber, aipagarria izan da ospitaleetan ere agertu direla kutsatze fokuak, eta langileek, ospitaleratuta zeudenek eta probaren bat egitera joandakoek harrapatu izan dutela gaitza osasun zentroetan.

COVID-19aren pandemia zabaldu zenetik lehen mailako arretan ere egoera asko konplikatu dela esan dute ospitaleetako langileek. Izurria osasun zentroetan ez sartze aldera, ia egun batetik bestera, osasun zentroetako sarbidea asko mugatu zen, eta arreta telematikoaren aldeko hautua egin zen. Alabaina, kontsulta birtualek muga handiak dituztela aipatu izan dute profesionalek, eta erabiltzaileen artean ere hedatu da kezka bat: telefono bidezko arta orokortu egingo dela.

KORONABIRUSA - KONFINAMENDUA - UMEAK

HAURRAK

Konfinamenduaren neurririk zorrotzenak jasan zituzten haurrek. Gainerako herritarrek erosketak egitera ateratzeko aukera zuten, bederen, baina umeek hori ere ez. Martxoaren 14tik apirilaren 26ra etxean egon ziren. Handik aurrera, egunean ordubete ateratzen hasi ziren, ordutegi jakin batzuetan, eta pixkanaka joan ziren aire zabaleko egonaldiak luzatuz.

Hasieratik itxi zituzten ikastetxeak ere, eta hezkuntza komunitateak bat-batean moldatu behar izan zuen egoera berrira. Ikasleek sarean egin zuten ikasturtea, amaierara arte —soilik batxilergoko eta haur eskoletako ikasleak itzuli ziren, ekainean—. Parkeak ere ez zituzten zabaldu ekainera arte. Irailean, burbuilatan antolatu zituzten ikasgelak. Aurrez aurreko eskolei eutsi zaie, baina zenbait jarduera ez dira martxan jarri; esate baterako, eskola kirola.

HAUR PARKEAK ITXITA

NORMALTASUN BERRIA

Maiatzetik aurrera, leunduz joan ziren konfinamenduko neurriak, eta, hainbat fase gainditu ostean, ekainaren 19an sartu zen Gipuzkoa normaltasun berria deitutakoan. Baldintza berezi batzuetan izan arren, ateak ireki zituzten elkarte gastronomikoek, igerileku eta kiroldegiek, zinema aretoek eta abarrek. Ordurako, izurriaren zabalkundea mugatzea lortu zela erakusten zuten aldagai nagusiek, eta egoerari eusteko neurrietan jarri zen konfiantza.

Maskarak derrigorrezko bihurtu ziren, eta distantzia fisikoa errespetatzeko betebeharrari eutsi zitzaion. Pandemiak aurrera egin ahala, aldatuz joan zen maskarekiko ikuspegia. Ez ziren beharrezkotzat jo hasieran, baina, arnasaren bidez zabaltzen den birus bat izanda, hura funtsezkoa dela defendatu da gerora.

UDA

Beroa birusarentzat kaltegarria izango zela uste zen, eta horrek eragiten zuen itxaropen pixka bat, baina segituan zapuztu ziren ilusio horiek, kasuek ez baitzuten beherakada esanguratsurik izan, eta herri batzuetan gaitzaren foku jendetsuak agertu baitziren.

Ez zen ohiko uda izan. Bertan behera geratu ziren herrietako jaiak, eta aurreko urteetan baino turista gutxiago etorri zen. Eustatek emandako datuen arabera, hotel, landa ostatu eta apartamentu turistikoetan iaz baino %35 gaualdi gutxiago egin zituzten uztailean eta abuztuan.

KORONABIRUSA - PCR ETA ANTIGENO PROBAK

PCR PROBAK

Osasun krisiaren hasieratik esan zen garrantzitsuak zirela testak, birusa nork zuen jakiteko modu bakarra zela; hau da, izurriari hazten ez uzteko tresna ezinbestekoa. Pandemiaren hasieran, baliabideak urriak izan ziren, eta askok, sintomak izan arren, ezin izan zuten baieztatu COVID-19a ote zen. Udan, berriz, materiala eskuratu zuten osasun zerbitzuek, eta gaitzaren jarraipena egiteko baliabide gehiago jartzen hasi ziren.

PCR testena da gaitza atzemateko gehien erabili den proba mota: sudurra eta faringea igurtzi, lagin bat hartu, eta hura ikertzen da birusaren arrastorik baden argitzeko. Birusa duen ahalik eta jende gehien detektatzeko aukera ematen du horrek, asintomatikoak izan arren, horiek ere birusa transmiti baitezakete. Test horien eskuragarritasuna zabaldu ahala, herri ugaritan egin dituzte baheketa masiboak.

BIGARREN OLATUA

Pandemiaren “bigarren olatua” iritsi zela abuztuaren hasieran aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Astez aste egoera okertuz joan zen, eta, ZIUetako jende kopurua ere gehitzen ari zela ikusita, urriaren 26an herrien arteko joan-etorria mugatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta etxeratze agindua ezarri zuen 23:00etatik 06:00etara. Horrez gain, gehienez ere sei lagunera mugatu zuen elkarrekin egon zitekeen jende kopurua, eta erdira jaitsi zuen kultur ekitaldiren bat egiteko lekuaren edukiera. Handik astebetera, berriz, ostalaritza ixtea erabaki zuen, eta etxeratze agindua 22:00etara aurreratu zuen. Neurri horien helburua udaberrikoaren moduko konfinamendu bat saihestea zela esan zuen Eusko Jaurlaritzak.

COVID-19A

OSTALARITZA

Ekonomiari kalte handia eragin dio COVID-19ak, eta ostalaritza da sufritzen ari den sektoreetako bat. Konfinamenduak iraun zuen bitartean, itxita egon ziren taberna eta jatetxeak, baita azaroaren 7tik abenduaren 11ra bitartean ere. Irekita egon direnean ere, erdizka aritu dira, baldintza zorrotzak bete behar izan baitituzte tarte horietan ere, hala nola edukierei dagokienez. Terrazarik ez duten taberna eta jatetxeak, esate baterako, gorriak ikusten ari dira. Ez irekitzea ere erabaki dute hainbatek, negozioa ez dutelako errentagarri ikusten.

Haserre dago sektorea. Izan ere, ostalariak kutsatzeen erruduntzat jo dituzten sentsazioa dute. Laguntzen plan integral bat eskatu dute, “sektorea desagertu ez dadin”. Azken aste eta hilabeteotan hainbat manifestazio ere egin dituzte herriz herri.

KULTURA

Euren arloa “segurua” dela aldarrikatu dute kulturaren sektorekoek ere. Muturreko egoera batean daudela ohartarazi dute sortzaileek nahiz ikuskizunetako teknikariek, eta laguntza eskatu diete gobernuei, beste sektore batzuekin egin bezala. Ezinbestekotzat jo dute kultur egitasmoak eta ikuskizunak berriro abiaraztea, tokian tokikoak batez ere.

TXERTOA

Txertoa izan da esperantza iturri nagusia pandemia hasi zenetik. Lasterketa moduko bat bihurtu da gaitzari aurre egiteko erremedioaren aurkikuntza, eta, azaroan, txertoen eraginkortasunari buruzko albisteak bata bestearen atzetik ematen hasi ziren elkarrekin lehiatzen ari diren konpainiak. Entseguei buruzko xehetasun gutxi jakinarazi dute, ordea, eta hainbat galdera, zalantza eta mesfidantza ere eragin ditu horrek.

Herritarrak txertatzen hasi dira, dagoeneko, hainbat herrialdetan. Jaurlaritzak dituen aurreikuspenen arabera, urtarrilean 20.000 txerto inguru iritsiko dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Gobernuko ordezkariek jakinarazi dutenez, Osakidetzak eginda dauka bere txertaketa plana.

Leave a Reply

Your email address will not be published.