[Urtekaria] Ikuslerik gabeko gozatua

[Urtekaria] Ikuslerik gabeko gozatua

Unai Zubeldia

Ez txalo zaparradarik eta ez animo oihurik. Ikuslerik gabe, mutu dago kirol mundua, baina gozamena bere bidea egiten ari da batean eta bestean. COVID-19aren eraginez, martxotik itxita daude kirol instalazioak eta aire libreko lehiaketa eremuak, baina horrek ez du apaldu Gipuzkoako kirolarien arrakasta. Futbola, saskibaloia, eskubaloia, arrauna, pilota, txirrindularitza, errugbia… Esparru askotan jo dute goia kirolariek, eta horietako asko aurreko denboraldian ereindakoaren fruituak jasotzen ari dira orain. Gipuzkoako Futbol Federazioan, berriz, Manu Diaz da presidente berria.

Azkenerako gehiegi sufrituta eta arnasestuka, baina Reala Europa liga jokatzeko sailkatu zen uztailaren 19an, Madrilen, Atletico Madrilen zelaian 1-1 berdinduta —Adnan Januzajek 87. minutuan sartu zuen banakoa—. Liga seigarren postuan amaituta, denboraldi honetan Realak multzoen fasean hasi du Europako lehia, eta hor ere azken-azkenean eman du final-hamaseirenetarako pausoa, Napoliren zelaian 1-1 berdinduta —Willian Josek 92. minutuan sartu zuen 1-1ekoa—. Multzoen fasea bigarren postuan amaituta, txuri-urdinek 2021eko otsailaren 18an jokatuko dute joaneko partida, Reale Arenan, Manchester Uniteden aurka, eta astebete geroago itzulikoa, Old Trafforden.

Realeko gizonezkoen gisan, emakumezkoak ere indarrean ari dira 2020an. Gonzalo Arkonadaren aginduetara, donostiarrek seigarren amaitu zuten liga, eta Txapeldunen Ligako postuetarako lehian murgilduta dabiltza sasoi honetan, Natalia Arroyo entrenatzaile karguan dela. Benetako balentria, ordea, Eibarrek egin zuen joan den denboraldiaren amaieran, azken 11 partidetatik zortzi irabazi eta hiru berdinduta. COVID-19aren eraginez, ezin izan zuten amaitu liga, baina Espainiako Futbol Federazioak ebatzi zuen Lehen Mailako taldea zela Eibar —ligan bigarren zihoan, Athletic B-ren atzetik—. Iker Dorronsoro aulkian dela, denboraldi honetan ere oso maila ona ematen ari dira eibartarrak. Eta Eibar aipatuta, 2019-2020 sasoian neurri bereko balentria egin zuen emakumezkoen errugbi taldeak, historian lehen aldiz lortu baitzuen maila gorenera igotzea —gizonezkoetan, maila galdu zuen Hernanik—.

Saskibaloian, azken urteotan gora eta behera dabil Acunsa Gipuzkoa Basket, eta kantxako lana bulegoetan biribilduta, denboraldi honetan ACB ligan ari dira, berriz ere, donostiarrak. Hori bai, hamahiru partidatatik bi irabazita, azken postuan dago taldea. IDK Gipuzkoak 11. amaitu zuen denboraldia, eta Lointek Gernikaren aurka 83-70 galdu zuen Espainiako Kopako final-laurdenetako partida.

SUPER AMARA BERA BERA

Super Amara Bera Bera eskubaloi taldea da 2013tik olatuaren gainean dabilen beste taldeetako bat. Gorabeherak gorabehera, eta Espainiako Eskubaloi Federazioak liga behar baino lehen amaitutzat emanda, baina 2019-2020 sasoian txapeldun izan ziren donostiarrak, 2013tik seigarren aldiz. Europarako sailkapena ziurtatu zuten horri esker, baina gipuzkoarrek 29-24 galdu zuten azaroaren 22an Europa Ligako multzoen faseko atariko kanporaketan, Zvezdaren (Errusia) pistan —27na berdindu zuten joanekoan—. Bidasoa-Iruni dagokionez, aurreko denboraldian txapeldunorde izan ziren Asobal kopan, bigarren urtez jarraian, eta laugarren amaitu zuten liga. Dena den, lehen itzuliko sailkapena hartu zuen kontuan Espainiako Eskubaloi Federazioak (3.), eta, horri esker, irundarrak Europan aritu dira lehian denboraldi honetan. Europako Ligako bigarren kanporaketan amore eman behar izan zuen, ordea, Bidasoa-Irunek, Kroaziako Nexe taldearen pistan 29-24 galduta —hiru goleko errenta lortu zuen joanekoan (30-27)—.

10473444

Erik Jaka txapeldun

Pilotan, ezusteko handi batekin amaitu da aspaldiko Buruz Buruko Txapelketarik arraroena. Pilotalekuak oso hutsik daude ikuslerik gabe, baina Erik Jakak etekina atera dio horri. 1955etik lehen aldiz egin zuten topo bi pilotari gipuzkoarrek finalean, azaroaren 29an, eta Jakak ezustekoa eman zuen Jokin Altuna 22-20 mendean hartuta. Binakako Txapelketan, Baiko enpresako pilotarien grebak eraginda, epaitegietatik bueltan ibili zen Agirre-Albisu eta Ezkurdia-Martija bikoteen arteko finalerdietako partida, baina abenduaren 4an jokatu zuten azkenean. 22-9 nagusitu ziren Ezkurdia eta Martija, eta lau egun geroago ere, finalean, nagusi izan zen bikote hori, 13-22, Olaizola II.a eta Urrutikoetxearen aurka. Lau t’erdiko Txapelketa dago jokoan orain, eta finalerdietan ariko dira Buruz Buruko Txapelketako bi finalistak: Bengoetxea VI.aren aurka ariko da Altuna III.a, bihar, Bilbon, eta Ezkurdiaren aurka Jaka, etzi, Eibarren. Abenduaren 27an izango da finala, Bilbon.

Txirrindularitzan apal antzean joan da gipuzkoarren denboraldia, baina Ion eta Gorka Izagirrek garaipenak pilatzen jarraitzen dute. Ion garaile izan zen Espainiako Vueltako 6. etapan, eta Lombardiako Triptiko Handia irabazi zuen Gorkak. Koronabirusaren eraginez, aurten ez da jokatu ez Euskal Herriko Itzulia ezta Donostiako Klasikoa ere. Ane Santesteban, berriz, bigarren izan zen Espainiako Txapelketan, errepideko proban, eta zazpigarren Italiako Giroan. Hurrengo denboraldian, Mitchelton Scott taldean ariko da errenteriarra.

ARRAUNA - KONTXAKO BANDERA

Arraunean, horia eta berdea

Udan zale askoren artean pasio bihurtzen da arrauna, baina itzali antzean joan zen uztailetik irailera arteko tartea. Hori bai, ikusteko ederra izan zen uretako kirol lehia, estua; bigarren urtez jarraian, Oriok irabazi zituen Euskotren liga —hamabi estropadetatik hamarretan nagusitu zen; Donostiarra beste bietan— eta Kontxako Bandera. Gizonezkoetan, Donostian Hondarribia izan zen garaile hirugarrenez jarraian —bigarren amaitu zuen Eusko Label liga, Santurtziren atzetik—. Hondarribiak emakumezkoetan eta Zarautzek gizonezkoetan mailari eustea lortu zuten kanporaketan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.