Imanol Garcia Landa
Azkenaldian, Gipuzkoan ugaritzen ari dira pump track pistak. Orain urte batzuk, Donostian egin zuten lurrezko bat, eta berriki asfaltozko pista bana egin dituzte Beasainen eta Legazpin. Orain aste gutxi, berriz, Villabona-Amasako Otsabio auzoan prestatu dute pump track pista bat. Lurrezkoa da azken hori, eta mendiko bizikletarekin ibiltzeko da egokia. Aurrerago, ordea, pista hori asfaltozkoa izatea da asmoa, bizikletekin ez ezik, patineteekin, patinekin, skatekin eta abarrekin ibiltzeko.
Orain dela hiru bat urte hasi zen gorpuzten proiektua, zenbait bizikletazale elkartu zirenean horrelako pista bat sustatzeko. “Gehienbat, bizikletentzat izaten dira pump track-ak”, zehaztu du Beñat Azurmendi amasarrak, egitasmoa bultzatzen ari den taldearen kideetako batek. “AEBetan du jatorria; BMX modalitateko bizikletekin aritzeko asmoz sortu zuten hasieran, eta mendi bizikletekin aritzeko gero”. Azurmendik azaldu du hasieran denak lurrezkoak zirela, baina horrek “mantenua” eskatzen duela gaineratu du: “Bertan ibiltzen zaren bakoitzean, palarekin berriz forma eman behar izaten zaio pistari. Urteen poderioz zenbat higatzen zen ikusi zuten, eta asfaltatzea erabaki zuten”.
Villabona-Amasan, oraingoz, ez da posible izan asfaltozko pista egitea. Gorka Kamio Kirol eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez, udalak parte hartze prozesu bat sortzea da asmoa, “herritarrek eta alderdi politikoek proiektuak aurkeztu ditzaten”. Horien artean aukeratuko lukete gero herritarrek, “gehienezko aurrekontu bat kontuan hartuta”, eta udalak egingo luke proiektua. “Prozesua jada martxan egon zedin nahi genuen, baina, COVID-19a dela-eta ezin izan dugu egin, COVID-19ari aurre egiteko bideratu baitugu horretarako zegoen aurrekontua”.
Etorkizunean egingo luketen parte hartze prozesu horretan sartuko litzateke pump track pista hori asfaltatzeko proiektua. “Herritarrek proiektu hori ez balute aukeratuko, baloratu egin beharko genuke zer egin”, zehaztu du Kamiok. Azurmendik gaineratu duenez, bi urte igaroko dira prozesu guztia egiterako. “Horregatik eskatu genion udalari aukera emateko bien bitartean lurrezko pista egiteko”.
Otsabioko atsedenlekuan egin dute pista. “Eremu horrentzat beste aukera bat sortu da pistarekin, aurretik ez zuelako erabilera handirik”, adierazi du Kamiok. Esan du orain ingurunea “pixka bat egokitzea” falta dela: “Zebra bide bat jarriko dugu gunera iristeko pasatu behar den errepidean; iturri bat ipintzeko asmoa ere badugu, eta zuhaitzak konpondu egingo ditugu pixka bat”.
Adin guztietako herritarrentzat egokia da zirkuitua, baina kontuan izan behar da indar eta abilezia pixka bat behar dela osatu ahal izateko; gaztetxoenek heldu batekin joan beharra daukate. “Alde ludikoaren bitartez, teknika lantzeko eta hobetzeko gunea da pump track-a. Inertziarekin eta bultzadarekin abiadura sortuz bizikleta nola gidatu lantzeko lekua da”, zehaztu du Azurmendik. “Mendira joateko sekulako aldapak ditugu inguruan; beraz, aurretik teknika lantzeko lekua da pump track-a”.
Auzolanean egindakoa
Zirkuituak 60 metro inguru ditu luze, eta 10×20 metroko azalera hartzen du guztira. Jauziak egiteko bi pista ere egin dituzte pump track-aren ondoan. “Saltoak egiten ikasteko diseinatu dugu hori. Altuera handia hartzen ez duten saltoak dira, salto horietan bizikleta nola moldatzen den ikusteko”, azaldu du Azurmendik. Pump track-a “denen artean zaintzeko” eskatu dute udaleko arduradunek eta proiektuaren talde sustatzaileak. Esate baterako, euria egiten badu edo pista oso bustita badago, ez erabiltzeko eskatu dute, “asko higatzen delako”. Pistan egina dagoen bidetik ibiltzeko ere eskatu dute, eta zirkuitutik gune baxuenetatik ateratzeko. Kaskoa ere beharrezkoa da, eta motorrekin ezin da pistan sartu.
Egungo pump track-a talde bultzatzaileak egin du, auzolanean. Udala, berriz, lur mugimenduez eta langile baten lana ordaintzeaz arduratu da, makinarekin pistari forma ematen laguntzeko. “Eskerrak eman nahi dizkiogu udalari, eskura jarri dizkigun baliabideengatik, eta behin-behinean egindako pump track-a guk nahi bezalakoa izaten laguntzeagatik”, esan du Azurmendik. Uste du adibide bat dela hainbat proiektu auzolanean egin daitezkeela ikusteko: “Udalaren laguntza pixka batekin gauza interesgarriak egin daitezkeela iruditzen zait, diru publiko gutxi gastatuta”.
Kamioren hitzetan, udalean ere pozik daude egin duten lanarekin: “Herritarrak proposamenekin etortzea da guretzat albisterik onena. Abantaila handia da herritarren iritzia kontuan hartzea eta eurak prest egotea”. Berez, horrela funtzionatu beharko luketela uste du Kamiok. “Daukaguna babestea eta kirol berriak sustatzea da gure helburuetako bat, eta pump track-ak bete du nahi hori”. Udalak, gainera, goraipatu egin nahi izan ditu lanean aritu diren herritarrak.
Leave a Reply