Olatu artifizialen parkeari bidea errazteko borondatea du Donostiako Alkatetzak

Olatu artifizialen parkeari bidea errazteko borondatea du Donostiako Alkatetzak

Unai Zubeldia

“Atea ireki nahi du Donostiako Udalak, baina balizko proiektua ez luke udalak egingo; ez litzateke diru publikoarekin egingo”. Donostiako Udalak begi onez ikusten du Martutenen, Antondegi Gainean, Wavegarden enpresak proposatu duen olatu artifizialen parkea egitea —udaleko EAJren iturriek ez dute izen-abizenik eman nahi izan, eta alkatetzaren izenean hitz egin dute—. 2010ean, hirigintza garapenerako proiektu bat onartu zuten gune horretarako, “baina proiektu hori ez da egingo; hor ez da etxebizitzarik eraikiko”, zehaztu du alkatetzak. “Gure asmoa da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzea, olatu artifizialen parkearen gisako proiektu bat egin ahal izateko. Interesgarria iruditzen zaigu enpresa pribatu batek inguru horri bestelako izaera bat ematea”.

Wavegarden izan liteke enpresa pribatu hori. Aizarnazabalen dauka egoitza nagusia; han garatzen du teknologia guztia, eta Josema Odriozola da bazkide sortzaileetako bat. “Mundu osoko bazkideak etortzen dira hona, eta euren herrialdeetan instalazioak sortzeko eskatzen digute gero”. Gaur-gaurkoz, olatu artifizialen lau parke dauzka Wavegardenek: Hego Korean, Australian, Ingalaterran eta Galesen bana, eta beste hiru eraikitzen ari da: bat Suitzan eta bi Brasilen. Eskaintza gehiago ere badauzkatela azaldu du Odriozolak: “Baina gure lantaldearen erdia Donostiakoa da, eta beste erdia, Zarauzkoa. Zergatik ez egin, orduan, hemen?”.

Odriozolak argitu du “aspaldi” hasi zirela hizketan udalarekin, eta “interes handia” daukatela euren gunea, “bost bat hektareakoa”, Donostiara eramateko. “Hamar bat hektareakoa litzateke gunea, eta, gaur egungo zentro teknologikoaz gain, publikoarentzat egokitutako gune bat ere edukiko luke. Gaur egun daukagun 60 langile baino gehiagoko lantaldeari eutsiko genioke, gainera”. Wavegarden enpresaren bazkide sortzaileak esan du horrelako parke komertzial batek 12 milioi euro inguruko kostua izango lukeela. “Baina gure kasuan ez luke izango horrelako kosturik, makina asko badauzkagulako jada, eta parke gehienak baino sinpleagoa litzatekeelako gurea”.

Bizpahiru urteko bidea

Donostiako EAJk “aurten” eraman nahiko luke udalbatzarrera Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko proposamena, eta pentsatzekoa da EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin bidea egin lezakeela eskaera horrek. Behin aldaketa onartuta, lehiaketa publikora atera beharko lukete prozesua, eta lehiaketa irabazi beharko luke Wavegardenek. “Baina beste edozein enpresak jardueraren bat egiteko interesa izango balu, aukera izango luke, noski”.

Donostiako Udalak sortuko lukeen batzorde batek aztertuko luke proiektu bakoitza. “Baina bestelako zenbait administrazioren aldeko txostenak ere beharko lituzke: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarena, esaterako”. Donostiako Udaleko EAJko iturriek azaldu dute “bizpahiru urte” igaroko liratekeela, “gutxienez”, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra moldatzeko proposamena udalbatzarrera eramaten dutenetik balizko proiektua gauzatu arte. “Pisutsuak eta astunak izaten dira horrelako tramitazioak. Proiektua bera ere egin egin behar da; onartu egin behar da gero; ingurumen txostena ere lortu behar izaten da; lanak ere luzatu egiten dira askotan…”.

“Energia erabat berriztagarriak” erabiliko lituzketela zehaztu du Odriozolak: “Gehienak guk geuk sortuak. Egun, kWh bateko energia kostua dauka guk sortzen dugun olaturik handienak, eta erdia txikienak. Olatuko kostua 0,1 euro ingurukoa da”.

Alkatetzak ulertzen du olatu artifizialen parkearen kontrako iritziak egotea. “Baina zein proiektuk ez du izaten kontrako iritzirik? Errespetagarria da denen iritzia, baina, gure ustez, Donostiarentzat interesgarria izan daiteke mundu osoan arrakasta izan duen proiektu bat egitea, Gipuzkoako enpresa batek bultzatutakoa, gainera”. Are gehiago, udaleko iturriek uste dute “Donostiak surfarekiko daukan lotura indartzeko” balio dezakeela. “Donostian, surflariz nahikoa beteta daude hondartzak, eta kexa asko izaten da. Parke horrek aukera emango luke presio hori arintzeko”. Ingurumen kontuei dagokienez, berriz, Donostiako Alkatetzako iturriek uste dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren kontrola nahikoa berme badela: “Edozer gauza ezingo da egin”.

Odriozolak ere ulertzen ditu kontrako iritziak. “Baina garrantzitsua da aurretik informazio guztia biltzea, eta guk, oraindik, ez dugu azaldu gure proiektua. Ura, esaterako, lurrunduta bakarrik galduko genuke, eta Donostiako batezbesteko euri kopurua kontuan hartuta, galera hori euri urarekin berreskuratzea da erronka. Zero kontsumoa lortzen saiatuko gara”. Wavegardenek “olatuen kalitatea” azpimarratu nahi izan du euren instalazioen indargune gisa: “Pare bat metrokoak dira gure olaturik handienak, eta gehienez hemezortzi segundokoak. Mundu mailako kalitatea daukate; Mundakako olatuaren parekoak dira ia-ia. Olatuak bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera daukagu, gainera”. Odriozolak gaineratu du Donostiako Zurriolako hondartza “surflariz lepo” dagoela. “Europako hondartzarik beteena daukagu, ziurrenik, eta surfarekin gozatu nahi duen orok aukera seguru bat izango du urte guztian”.

Eguzki, erabat kontra

Eguzki Talde Ekologistak gaitzetsi egin du Donostiako Udalak Antondegi Gainean egin nahiko lukeen proiektua. “Eneko Goia alkateak erreskatatu egin nahi du 2017tik tarteka azaleratzen duen egitasmoa”. Eguzkiren ustez, ez da kasualitatea udalak orain egitea publiko asmo horiek. “Izan ere, duela hamabost egun Donibane Lohizunen [Lapurdi] atzera bota zuten antzeko proiektu bat, kontrako ia 70.000 sinadurarekin, eta proiektu hartan inplikatutako enpresetako batek [Wavegarden] Donostiako aukerari heldu dio, alkatearen babesarekin”.

Eguzkik azaldu du Donostian, “itsasoan”, nahikoa olatu natural badagoela. “Eta ez du zentzurik olatu artifizialak sortzen ibiltzeak”. Proiektua ez dela jasangarria ere salatu du Eguzkik: “Donostiak noizbait utzi beharko dio inguru naturala modu sistematikoan urbanizatzeari”.

Talde Ekologistak uste du “aisialdiaren aitzakian” milioika ur litro “alferrik” galduko liratekeela. Surf zaletasun handia dagoela onartu du, “baina ez zaigu serioa iruditzen zaletasun horretaz baliatzea beharrezkoa ez den, jasangarria ez den eta aurrera egiteko aukerarik ez duen proiektu bat bultzatzeko. Donostiak ez du olatu artifizialik behar”. Odriozolak erantzun du obrek inguruan eragingo luketen inpaktua “oso txikia” litzatekeela. “Aizarnazabaldik joatean, lehen zegoen bezala utziko dugu dena. Erabat birziklagarria den plastikozko belaki bat erabiltzen dugu guk”.

Gipuzkoako Surf Federazioak ez du iritzirik eman nahi izan, baina mahai gainean dauka gaia, eta datozen egunetan bilera bat egitekoak dira, aldeko eta kontrako iritzi guztiak mahai gainean jarri eta aztertzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.