Eraldaketaranzko trekkinga

Eraldaketaranzko trekkinga

Rebeka Ruiz

Mendirik garaienetara iristeko ateetako bat izateagatik da ezaguna Nepal mundu osoan. Irudimenak agudo ekartzen ditu lehen planora elurrez jositako mendien argazkiak, alfonbren antzeko belardi amaigabeen irudiak, edo bertako jendearen arropa koloredunen distira.

Miren Beroz hondarribiarrak lau urte daramatza Nepalen bizitzen, eta bertako kultura, paisaia eta herritarren izaera goraipatu ditu. “Lurralde zoragarria” dela uste du. Ez du “gauza negatiboez” soilik hitz egin nahi, eta horregatik nabarmendu ditu herrialdearen zein herritarren alde positiboak Nepaldala gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) garatu duen hezkuntza proiektuaren berri ematean.

Aitziber Alza hondarribiarrak, Olatz Lasa irundarrak eta Berozek iragan astean aurkeztu zuten Nepaldala, Hondarribian. Nepalgo mendebalde urruneko departamentuan jaiotako neskato eta emakume nerabeekin hezkuntza proiektu bat garatzen ari da GKEa, Katmandu hiriburuan, eta, horri esker, ikasteko aukera daukate neskek.

“Oso langileak” direla azaldu du Berozek. Hark adierazi duenez, goizeko seiak aldera hasten dute eguna, “te bat hartuta”. Ikastetxera joan aurretik, matematika eta zientzia eskola partikularrak jasotzen dituzte etxean, eta, ondoren, 09:00etatik 16:00etara joaten dira eskolara. “Etxera itzultzean, berriz, uniformea kendu, askaria hartu, eta ingelesarekin eta etxeko lanekin buru-belarri aritzen dira beste bizpahiru orduz”.

Eguna “ikasten” pasatzen dutela kontatu du hondarribiarrak. Aitortu du beren herrietatik “oso maila baxuarekin” iristen direla Katmandura, eta gaineratu du kirola egiteari edota bestelako txangoei ere uko egiten dietela maiz. “Gelakideekin diferentzia izugarria nabaritzen dute, eta ezetz esaten dute, ikasten jarraitu nahi dutela”. Izan ere, batzuk “oso azkarrak” diren arren, beste batzuk garuna “herdoilduta” dutela dio Berozek: “Sekula ez dute izan ikasteko aukerarik, eta gauza sinpleenak ikastea ere kostatu egiten zaie. Inork ez dielako ikasten irakatsi gertatzen zaie hori”.

Aukera gutxi denentzat

Modernizaziora bidean murgilduta dabil Nepal, eta, “matxismoa antzeman daitekeen arren”, Nepalgo ekonomiak eskainitako baliabide urrien ondorioz, gizonezkoek zein emakumezkoek, denek “egoera zaila” bizi dutela argitu du Nepalen bizi den hondarribiarrak. “Gizonezkoak Indiara joaten dira, eraikuntzaren sektorean lan egitera”, baina baldintzak “oso-oso txarrak” izaten direla eta askotan lan istripuetan hiltzen direla gaineratu du. Hortaz, herri txikiagoetara joatean, emakumezkoak eta ume txikiak soilik egon ohi direla aipatu du. “Eta haien ardura da den-dena: etxea, zaintza, kanpoko lanak…”.

Emakumeak etxe barrurako zein kanporako langiletzat hartzen dituztela esan du Berozek, eta mutil bat jaiotzen den aldiro familiek ospatu egiten dutela gaineratu du; neskekin ez da hala gertatzen. “Zergatik? Mutila egunen batean lanera joango delako, eta ezkontzen denean emaztea ekarriko duelako etxera, beste langile bat gehiago”. Neskek, ordea, adinez nagusi bihurtu arte etxean lan egingo dute, baina gero, ezkondu eta beste familia baten parte izango dira. “Maite duten arren, badakite egunen batean alde egingo duela”.

Horregatik, neskek “bizitza kaskarra” dutela iritzi dio GKEko boluntarioak. “Beti lanean” aritzen direla adierazi du, eskolan izena emanda eduki arren ez direla joaten, eta oso gazte ezkontzera behartzen dituztela. “Are gehiago, emakume asko desagertu egiten dira”.

Eta, Berozen ustez, ezinbestekoa da horri guztiari “kastaren gizarte sistema” gehitzea. Hondarribiarrak azaldu du Katmanduren gisako hirietan ezaugarri horri ez zaiola garrantzirik ematen, “baina herri txikietan, bai”. Horrek, “zama psikologiko eta soziala” eragiten die emakumeei, haren esanetan. “Baina gure proiektuan parte hartzen ari diren emakumeen artean ez dugu egiten bereizketarik”.

GKEak, hezkuntza proiektuaren bitartez, hausnarketa bultzatu nahi du emakume gazteen ezkontzen, kasten sistema sozialaren edo chhaupadi-aren —hilerokoaren gaineko tabua— tankerako egoera eta ohituren inguruan. “Guk sekula ez diegu esango eurena gaizki dagoen edo ez”, adierazi du Berozek. “Baina haiek, pixkanaka, zenbait gauza zalantzan jartzen hasi dira”.

Izan ere, hori da, hain justu, Gipuzkoako boluntario taldearen helburuetako bat: Nepalgo herritarren artean pentsamendu kritikoa bultzatzea. “Hezkuntza aldaketaren gidari” izan nahiko luke Beroz, Alza eta Lasa garatzen ari diren proiektuak. “Ekonomikoki irtenbide bat edukitzeko, familia eta bailara laguntzeko, eta, horrez gain, espiritu kritiko hori piztuta, aldaketaren tresna beraiek izateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.