Beste pauso bat berdintasunerantz

Beste pauso bat berdintasunerantz

Beñat Alberdi

Kontua ez da orain artean Elgoibarren berdintasunerako bidean ez dutela urratsik egin. Horren erakusgarri, adostuta daukate Emakume eta Gizonen Berdintasunerako IV. plana (2020-2023). Baina, bide horretan, beste pauso garrantzitsu bat eman dute Emakumeen Etxearen obrak esleituta. Prozesu luze baten ondoren iritsi da erabakia, eta urtearen lehen erdialdean espero dute lanak bukatzea.

Haizea Elgoibarko emakume taldeak eta mugimendu feministak aspaldi jarri zuten erabakiaren oinarria.”Aspaldiko aldarrikapena da”, onartu du Ane Beitia alkateak. “Tresna garrantzitsua izango da Elgoibar berdinzalea lortzeko”. Behin lanak amaituta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean aritzen direnak batuko dituzte Emakumeen Etxean, izan norbanako, kolektibo, elkarte zein zerbitzuak. Alde batetik, “indarrak bateratzeko” balioko die. “Baina baita emakumeen ahalduntze prozesuak indartzeko ere. Sare berriak sortzea eta gizartea sentsibilizatzea da erronka”.

Helburu horiek nola bideratu, horixe da gakoa, ordea, eta parte hartze prozesuak hori zehazteko balio izan die; hots, Elgoibarren dituzten beharrak identifikatu dituzte. Emakume Etxe asko daude Euskal Herrian, baina eredua ez da bat eta bakarra, bakoitzaren errealitatera egokitutakoa baizik. “Elkarte feministez gain, norbanako moduan ere herritar askok parte hartu dute prozesuan”, gaineratu du alkateak.

Parte hartze prozesua iaz diseinatu zuen Elgoibarko Udalak, Emakunderen kontseiluarekin eta beste hainbat talde eta emakumerekin elkarlanean. Hainbat atal zituen hausnarketak; horien artean, zehaztu egin beharra zeukaten zein helburu bete beharko lituzkeen Emakumeen Etxeak eta zein zerbitzu eskaini beharko lituzkeen. Alde horretatik, egunerokoan, arlo guztietan, emakumeen parte hartzea sustatzea izan da helburu nagusia.

Zerbitzuei dagokienez, berriz, partaideek argi zeukaten Emakumeen Etxeak zein zerbitzu eskaini beharko lituzkeen: hitzaldiak, jabetze eskola, elkarteen bilerak, erakusketak, laguntza psikologikoa eta liburutegia.

Eraikinaren diseinua

Landu beharrekoa zehaztuta, tokia bera antolatzea izan zen hurrengo pausoa. Yoga eta proiekzio gelak hartuko dute espaziorik handiena; lan mahaiak gune ireki eta balioaniztunean kokatuko dituzte; eta toki berezia izango dute batzar gelak eta bulegoak. 150 metro koadro inguru izango ditu eraikinak, eta San Frantzisko kaleko 21. zenbakian egongo da, Gotzon Garate udal liburutegia izan zen espazioaren erdian.

Beitia alkateak argi du herritarrek zer erabaki duten: “Emakumeen presentzia izatea da helburua; askatasuna, partaidetza eta berdintasuna sustatzeko gune bat izatea”. Enpatia sortzeko balioko die topaguneak, “ikasteko eta jabekuntza sareak sortzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.