Arrazakeriaren arrisku bat: sare sozialak

Arrazakeriaren arrisku bat: sare sozialak

Beñat Alberdi

Facebooken herri bakoitzak edukitzen du gai gisa herria bera oinarri duen orrialdea, izan Oñatikua naiz eta harro nago nahiz Somos de Irun sí o sí. SOS Arrazakeria Gipuzkoak begiz jo ditu orri horiek, eta horri tiraka sortu dute Arrazismorik gabeko inurritegiak ikerketa. Azken bi urteotan foro horietan gorroto diskurtsorik egon ote den aztertu dute. Susmo hutsetik hasi ziren lanean, tokiko foro horiek arrazakeria indartzeko balio ote duten aztertzeko. “Uste genuen horrelako orrietan sortzen zela gorroto diskurtso hori”, esan du Mikel Mazkariaranek, SOS Arrazakeria Gipuzkoako kideak. “Baina erabat aurkakoa egiaztatu dugu”.

Lagin gisa, zazpi orrialde izan dituzte aztergai: Donostiakoa, Errenteriakoa, Tolosakoa, Irungoa, Eibarrekoa, Zumarraga-Urretxukoa eta Oñatikoa. Biztanle kopuruaren arabera sailkatu eta aukeratu dituzte orriak, Debagoienekoaren kasuan salbu. Izan ere, duela bi urte harrera zentro bat zabaldu zuten Oñatin, eta horrek ondoriorik izan ote duen ere ikertu nahi izan dute.

Urtebeteko lana izan da, baina bi urteko errealitatea xehatu dute, Facebookek berak eskaintzen dituen tresnak baliatuta. Izan ere, hizkiz hizki egin daitezke bilaketak sare sozial horretan. Magrebtar eta etorkin hitzak arakatu dituzte, besteak beste.

Transmisiorako guneak

Gorroto diskurtsoak sortzeko erabili ez arren, tokiko orrialde horiek ez daude eduki arrazistetatik salbu. Azken finean, ideien transmisiorako guneak dira; beste toki batean eraikitako diskurtsoa erreproduzitzen da bertan. Europako metodologiei jarraikiz, hiru multzotan sailkatu dituzte gaiarekin lotura daukaten esanak: arriskutsuak, neutroak eta aurkako kontakizuna.

Gorrotoaren diskurtsoa erabiltzen dutenak lirateke arriskutsuak. Horien kontrako neurriak eskatzen dituzte etorkinek, indarkeriaren alde egoten direlako batzuk. Neutroak, berriz, erdibidean kokatzen direnak dira. “Epai horrek ez du aktiboki zehazten neurriak hartu behar direnik”, argitu du SOS Arrazakeria Gipuzkoako kideak. “Baina, zentzu berean, ez du esaten beste gauza batzuk kontuan hartu behar ez direnik”.

Aurkako kontakizunak, berriz, bi alde dauzka: batetik, etorkinen aurkako esanak ezbaian jartzen dituztenak daude. “Adibidez, batzuek diote gezurra dela delinkuentzia magrebtarren ondorioz igo dela”, azaldu du Mazkiaranek. “Naziotasunak ez daukala zerikusirik edo delinkuentzia ez dela igo diote horiek”. Eta, beste alde batetik, igorlearen aurka jotzen dutenak daude: “‘Zein astakeria ari zara esaten’, ‘zu arrazista zara’, ‘hau ez da horrelako gauzak esateko tokia’, eta abar. Aurkako kontakizun bat da hori, azken batean”.

Ikerketan ari zirela, SOS Arrazakeria elkarteko kideek eurek bizi izan zituzten antzeko egoerak. Izan ere, aurrez uste zuten beste eduki arrazista ez zutenez gero aurkitu toki batzuetan, “probokatzaile rola” hartu zuten. Etorkinen aurkako mezuak publikatu zituzten bi forotan, erantzunak ikertzeko. “‘Nik ez dut diru laguntzarik, baina haiek bai’ gisako etorkinen aurkako mezuak argitaratu genituen”, esan du Mazkiaranek. “Eta berehala jaso genituen aurkako erantzunak: ‘zer ari zara esaten?’, ‘alde hemendik’…”. Kasu batean, administratzaileak berak ezabatu zuen mezua. Parte hartze guztiak, dena den, ez ziren izan publikatutako edukiaren aurkakoak.

Iazko udan Pasaiako kasu zehatz bat ikertzea ere tokatu zitzaiela aipatu du Mazkiaranek. Magrebtar gazte batzuek istiluak eragin zituzten, eta herriko indarkeria kasuen igoeraren erantzule egin zituzten zenbaitek. Elkar jotzeko ordua ere jarri zuten zenbait gaztek, eta ertzainek utzi zuten bertan behera borrokaldia. “Mezu gogorrak zeuden tokiko foroan, baina transmititu egiten zuten kalean sortzen zena”.

Egoera aztertuta, udalerriko orrialdetik harago zabaldu zuten ikerketa, eta herrialdeko egunkari bateko edizio digitala ere aztertu zuten. “Are mezu gogorragoak” aurkitu zituzten han. “Anonimotasunak eragina du mezu arrazista eta gogor horiek sortzeko garaian”.

SOS Arrazakeria Gipuzkoako kideak jakinarazi du beste komunikabide batek ere argitaratu zuela gertaerari buruzko erreportajea. Herrikide bat mintzo zen gaiaz, erdi anonimotasunean, bere izen eta abizenen lehen hizkiez soilik identifikatua. “Baina herri txikia da Pasaia, eta denek dute elkarren berri”. Sarean aurkitu zituztenekin alderatuta, “arinagoak” ziren esan horiek. “Oso gauza zehatzak esaten ditu, astakeriarik ez. Horregatik, garrantzitsua da anonimotasuna”.

Aurrera begirako bidea

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duen hitzarmenari esker egin du ikerketa SOS Arrazakeria Gipuzkoak. Horrez gain, sentsibilizazio lana ere eskaintzen du elkarteak eta salaketak bideratzeko espazio bat ere bai. Sarea aztertu dute azken ikerketan, baina gehiago ere arakatu daitekeela uste du Mazkiaranek: “Facebook aztertu dugu guk, baina gazteek erabiltzen dituzten beste sareak ere aztertu beharko lirateke, edo etorkinek eurek parte hartzen dutenak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.